Finantzak

Nafarroan banku publiko bat sortzeko aukera aztertuko du gobernuak

Sektore publikoaren, enpresen eta familien finantzaketan dauden hutsuneak bilatuko dituen txosten bat eskatu du Barkosen gobernuak. Txostena ez da loteslea izango.

Manu Aierdi. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
Iker Aranburu.
2016ko abuztuaren 4a
03:19
Entzun

Nafarroak banku publiko bat izateko lehen urratsa egin du. Urrats txikia da oraingoz, finantza erakunde hori sortzeko aukerei buruzko txosten bat baita Uxue Barkosen gobernuak enkargatutakoa. Gobernua sostengatzen duten lau alderdien gobernu programaren puntuetako bat zen txostena.

Manu Aierdik eman du txostena egiteko aginduaren berri. Oso zuhur jokatu du gai ekonomikoetarako lehendakariordeak, berak pertsonalki edo gobernuak banku publiko baten beharra ikusten ote duten arrastorik eman gabe. Txostenaren emaitzak jakin arte baloraziorik ez egiteko eskatu du: «Ez dugu aldez aurretik iritzirik eman behar», azaldu zuen. Hori bai, Aierdik onartu egin zuen Nafarroako Kutxa erakunde independente gisa desagertu denetik «hutsune» bat badagoela Nafarroako finantzetan. Txostena ez dela loteslea garbi utzi du Aierdik.

Txostenaren emaitzen berri urte honen amaieran edo 2017. urtearen hasieran jakingo da. Orain, txostena egiteko interesa dutenek irailaren 1era arteko epea dute beren eskaintza egiteko. Txostengileak hamabi asteko epea izango du bere lana egiteko, eta 50.000 euro jasoko ditu bere lanaren truke.

Finantzaketa beharrak

Aierdik azaldu duenez, hainbat gai ezinbestean jorratu beharko ditu txostenak. Batetik, Nafarroaren egitura ekonomikoa eta finantzen egoera aztertu beharko ditu. Horren bidez ikusi nahi dute Nafarroako gizartearen atal desberdinek —sektore publikoak, enpresek, familiek...— zein finantzaketa behar dituzten eta horiek asebetetzeko zein arazo dauden. Atal horretan bere iritzia eman beharko du halabeharrez Garapen Ekonomiko Kontseilaritzak. Sodena sozietate publikoaren, CEN patronalaren, Nafarroako Merkataritza Ganberak eta Elkargiren eta Sonagarren iritzia ere derrigorrez bildu beharko dituzte.

Behin Nafarroako gizarteak zer nolako finantzaketa modu erabiltzen dituen aztertu ondoren, egon daitezkeen hutsune horiek betetzeko sistemak ikertu beharko dituzte txostengileek. Sozietate publiko bat sortu behar da? Banku publiko bat? Beste mota bateko erakunderen bat?.

Europako Batasunean dauden finantzaketa erakunde publikoen azterketa ere landu beharko du txostenak. Horien artean daude Euskal Finantzen Institutua, Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailaren menpeko erakundea —ez da banku publiko bat—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.