Hilberria

Juan Zelaiaren emaria eten da

95 urterekin hil da Oñatiko enpresaburu nekaezina, gaixotasun luze batek jota. Cegasa, Tuboplast eta Hidronorren lemazaina izan zen. Euskalgintzan, kulturan eta kirolean ere arrasto sakona utzi du.

Juan Zelaia, 2003ko Gipuzkoako Urrezko Domina jaso zuenean.
Juan Zelaia, 2003ko Gipuzkoako Urrezko Domina jaso zuenean. Andoni Canellada / Argazki Press

Oihan Vitoria -

2016ko abuztuak 11

Bart hil da Juan Zelaia Letamendi enpresaburua (Oñati, Gipuzkoa, 1920), gaixotasun luze baten ondoren. Ingeniaritza ikasketak egin zituen, eta 1959an hasi zen haren aitak sortutako Cegasa enpresan presidente lanetan. Hidronor eta Tuboplast enpresak ere gidatu zituen, eta ardogintzan ere aritu zen: Bodegas Lanen jabe izan zen —saldu behar izan zuen zorra gutxitzeko—, eta Upaingoa txakolindegia sortu zuen, Oñatin.

Bere bizitzaren amaieran, Cegasaren krisi larriari aurre egin behar izan zion. Asiako bateria merkeei aurre egin ezinda, galera handiak pilatu zituen Zelaiaren enpresa nagusiak. Iaz indarrean jarritako planaren ondorioz, Sherpa Capitalen esku geratu ziren Oñatiko lantegia, Gasteizko aktibo batzuk eta 131 langile; 275 beharginek, ordea, lana galdu zuten, gehienak Arabako lantegietakoak.

Kultur sustatzailea

Sarritan sustatu zituen euskararen eta euskal kulturaren aldeko lana, eta diruz lagundu zituen ikastolak eta UZEI zentroaren sorrera. Haren laguntza izan zuen Tximist espedizioak ere; 1974. urtean Everestera ikurrina eramateko asmoz egin zuten bidaiaren babeslea izan zen Cegasa enpresa. Diasporarekin lotura sendoa zuen Zelaiak, eta maiz esan zuen "diasporako beste euskaldun bat" zela; Euskal Fundazioaren sortzaileetakoa izan zen. Juan Zelaia Saria saiakera beka sortu zuen; dozenatik gora saiakera lan argitaratu dira hari esker. Haren izena du musika sorkuntzarako sari batek ere.

Durangoko Azokako Argizaiola saria eman zioten 2008an, "enpresaren mundutik euskal kulturari eginiko ekarpenagatik", eta 2003an Antton Abbadia saria eman zion Gipuzkoako Foru Aldundiak. Asko izan dira haren lana aitortzeko eman dizkioten sariak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna