Oroimen Historikoa

Suak erre ez zituenak

Orain 80 urte sartu ziren frankistak Tolosan (Gipuzkoa); euskarazko liburuak ebatsi, eta su eman zieten plazan. Erreketa oroitu, eta "euskararen eta kulturaren alde" aritutakoak omendu dituzte.

Olatz Peon (ezkerrean) Tolosako alkatea, liburu erreketa oroitzeko ekitaldian.
Olatz Peon (ezkerrean) Tolosako alkatea, liburu erreketa oroitzeko ekitaldian. Tolosako Udala

Ane Zuazubiskar Iñarra -

2016ko abuztuak 11

1936ko abuztuaren 11n hartu zuten Tolosa tropa frankistek, 36ko gerra hasi eta aste gutxira. Harrika hautsi zituzten Ixaka Lopez Mendizabal zenaren argitaletxeko leihoak, eta lapurtu egin zituzten euskarazko lanak. Herriko liburutegitik eta eskoletatik eraman zituzten liburuak. Plazan pilatu zituzten ehunka liburu, eta su eman zieten faxistek.

Liburuak eskutan, erreketa oroitzeko ekitaldia egin dute gaur, Lopez Mendizabalen argitaletxea zegoen lekuan. Gerra hasi aurretik herria euskal pizkundearen "bihotza" zela gogoratu du Tolosako Udalak. Jazarpenari aurre egin eta euskal kulturaren alde jardun zutenak goratu ditu Olatz Peon alkateak: "Hemen gara. Liburu asko erre zituzten, eskolak eta ikastolak itxi zizkiguten, baina gehiago sortu dira, eta sortuko dira berriak. Ohore euskara eta kulturaren alde, askatasunaren alde lan egin duten eta lanean jarraitzen duten guztiei".

Oroiteria, BERRIAren webgune berezia

Aurten 80 urte bete dira 1936ko gerraren abiapuntu izan zen estatu kolpetik, eta gerra hari buruzko webgune berezia egin du BERRIAk: Oroiteria. Bost ataletan, 36ko gerra bera ez ezik, hari buruzko guztia jasotzen du Oroiteria webguneak; tartean, Tolosako liburu erreketaren berri. Amagoia Iban kazetariak koordinatutako lan horrek bost atal nagusi ditu gaur-gaurkoz, eta seigarren atala izango du udazkenean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna