Sutea Nafarroan

Suteak 4.000 hektarea erre ditu, 30 km-ko perimetroan

Sutearen eremuak hobera egin du, baina hura kontrolatzea zailtzen ari da eguraldia. Espainiako Armadako Larrialdietarako bi unitateak erretiratu dira, egoera bideratzen ari direla eta. (Bideoa albiste barruan: suak erretako lurrak, helikopterotik ikusita).

Erretako eremua. /
Erretako eremua. / Nafarroako Gobernua

Berria -

2016ko abuztuak 27

Auto batetik botatako zigarrokin batek piztua izan dela uste dute, baina hipotesi gehiago ere badaudela esan du Uxue Barkosek.

Bizilekurik ez dago arriskuan, eta inor ez da zauritu. Urnietara arte (Gipuzkoa) iritsi dira errautsak.

Eguraldiaren baldintzak ez dira onenak, baina egonkortu dute sua. Suteak hartu duen eremua kontrolatu, eta erabat itzaltzeko lanak hasiko dituzte.

 

Zuzeneko kontakizuna

15:57
2016-08-27

Beste sute txiki bat piztu da Cordovillan, baina suhiltzaileek berehala itzali dute. 09:50 inguruan piztu da, eta 10:50 ingururako itzali dute. Uste dute hori ere auto batetik botatako zigarrokin batek piztua izan dela, eta ez da asko zabaldu Cordovillako suhiltzaileen parketik gertu eta urbanizatutako eremu batean piztu delako. Horregatik, Nafarroako Gobernuak herritarrei eskatu die kontuz ibil daitezela eta saihestu dezatela suarekin harremana duen jarduera oro.

Jon Olano

Jon Olano

15:40
2016-08-27

UPNk Maria Jose Beaumont kontseilariaren agerraldia eskatuko du Nafarroako Parlamentuan, sutearen inguruko informazioa eman dezan. UPNko parlamentari Sergio Sayasek adierazi du agerraldia eskatzearen helburua "gauzatutako ekintzen, gertakarien kronogramaren eta hartutako erabakien berri ematea" dela.

Zehazki, UPNk jakin nahi du zein arrazoirengatik iritsi zen sutea "erkidegoaren historia hurbilean aurrekaririk ez duen dimentsioa" izatera.

Jon Olano

Jon Olano

10:44
2016-08-27

Sutearen baldintzek hobera eginda, lanean ari ziren Espainiako Armadako Larrialdietarako bi unitateetako bat erretiratu egin da, eta baita aire bidezko laguntza ere. Hala ere, bertan dira Nafarroako Gobernuak mobilizatutako 60 bat suhiltzaile, Espainiako Armadako beste unitatea, eta espero da goizean zehar Nafarroako Gobernuko hiru helikopteroek ur deskargak egitea.

Jon Olano

Jon Olano

10:41
2016-08-27

Larunbat goizean ere lanean jarraitzen dute suhiltzaile eta abarrek, Tafalla eta Puiu arteko sutea itzaltzeko. Oraingoz egonkortua dute sutea, baina ez kontrolatua, hori zailtzen ari baita eguraldia, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez. Adi-adi egon dira gauean, besteak beste 23:00etan sua berpiztu egin baita Artaxoatik gertu; bi ordu geroago itzali dute.

Jon Olano

Jon Olano

20:09
2016-08-26

Gabaz ere jarraituko dute

Atzo egin bezala, gaur ere suaren kontrako eginahalean jarraituko dute gauez. Haizea dagoenez ere jarraitu beharra dagoela uste dute, sua egonkortuta dagoen arren ez dagoelako kontrolatuta.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

18:17
2016-08-26

Biharko itzaltzea espero dute

Sutea biharko itzaltzea espero du Nafarroako Gobernuak, baldintzak horretarako egokiak direlako. Egonkortu dute sua, eta eremua inguratzen ari dira. Behin eremua kontrolatuta, erabat itzaliko dute.

Ane Zuazubiskar Iñarra

Ane Zuazubiskar Iñarra

18:14
2016-08-26

Azken sute handia, 1989an

Azken 30 urteetan Nafarroan izan den suterik larriena da atzo Tafallan piztu zena. 1989an, orotara 2.781 hektarea erre zituen Bortzirietan piztu zen sute batek –mendi lurren 801 hektarea, aberentzako larreen 755 eta pinu zuhaitzen 1.255—.

Igantzi, Etxalar, Bera, Lesaka eta Arantza herriei eragin zien.

Ane Zuazubiskar Iñarra

Ane Zuazubiskar Iñarra

18:03
2016-08-26

Foruzaingoa ari da sutea zerk eta nola piztu zuen ikertzen. Salaketak Foruzaingoari aurkezteko eskatu diete herritarrei, agiriak ikerketari gehitu ahal izateko. Poliziak Tafallan eta Nafarroa osoan dituen bulegoetan aurkez daitezke salaketak.

Ane Zuazubiskar Iñarra

Ane Zuazubiskar Iñarra

16:31
2016-08-26

Zigarrokin bat aurkitu du Foruzaingoak sutea piztu zen lekuan. A-15 errepidean piztu zen, atzo eguerdian.

Ane Zuazubiskar Iñarra

Ane Zuazubiskar Iñarra

15:35
2016-08-26

Egonkortu dute sutea

Sutea egonkortzea lortu dute larrialdi zerbitzuek; baldintza meteorologiko egokiak daude gehiago heda ez dadin. Datozen orduetan sutearen eremua inguratzeko lanetan arituko dira, orduan izango baitute kontrolpean sua. Behin sua kontrolatuta, erabat itzaltzeari ekingo diote.

Ane Zuazubiskar Iñarra

Ane Zuazubiskar Iñarra

15:19
2016-08-26

Korridore batetik, landa zabalera

Foruzainak ikertzen ari dira zerk eragin zuen sua. AP-15 autobidearen erdian piztu zen, Tafallan, eta, Nafarroako Gobernuaren argazki honetan ikus daitekeenez, korridore estu batetik zabaldu zen hasieran, hego iparralderantz. Hortik aurrera, orduko 19 kilometroko abiaduran hedatu zen.

Jon Ordoñez

Jon Ordoñez

15:09
2016-08-26

Suaren arrastoa

Egonkortu dute atzo Tafallan piztu zen sua. Oraindik itzaldu gabe dago, ordea. Bihar itzaltzea espero dute. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, 3.000 hektarea inguru erre dira 24 orduan. Atzo eguerdian piztu zen.

Jon Ordoñez

Jon Ordoñez

14:34
2016-08-26

Suak erabat erre ditu lur asko, eta apenas geratzen da ezer. Leku horietako kalteak neurtzen ari dira larrialdi zerbitzuak. (Arg. Iñigo Uriz / Argazki Press)

Berria

13:56
2016-08-26

Kezkatuta daude inguruko herritarrak, eta etsipena ere nabari zaie. Boluntario lanetan ere aritu dira horietako asko.

Berria

13:39
2016-08-26

Puiun ezarri duten koordinazio zentroan izan dira Uxue Barkos Nafarroako presidentea eta Mari Jose Beaumont kontseilaria. Herritarrei "ardura handiz" jokatzeko gogorarazi diete gobernuko ordezkariek, atzoko baldintza meteorologiko antzekoak direlako gaurkoak.

Lehen balantzearen arabera, bost herriri eragin die suteak: Tafalla, Puiu, Añorbe, Garinoain eta Artaxoari. Zauriturik ez da izan, baina baseliza batek su hartu du Artaxoan.

Ane Zuazubiskar Iñarra

Ane Zuazubiskar Iñarra

13:30
2016-08-26

Sua zigarrokin batek piztu ote zuen ikertzen ari da Foruzaingoa, baina ez dute beste hipotesirik baztertu. A-15 autobidearen albo batean piztu zen sutea, atzo eguerdian.

Ane Zuazubiskar Iñarra

Ane Zuazubiskar Iñarra

13:19
2016-08-26

Barkosek txalotu egin du larrialdi zerbitzuen eta erakundeen lana. Nekazariak eta boluntarioak ere aipatu ditu; asko dira euren burua laguntzeko eskaini duten herritarrak. Atzo hasi ziren lanean nekazariak, traktoreak erabilita sua hedatzeko bideak mozten.

Ane Zuazubiskar Iñarra

Ane Zuazubiskar Iñarra

13:14
2016-08-26

Egonkortu dute sutearen eremua, eta "erabat kontrolatu aurreko fasean" dira orain, Uxue Barkos presidentearen esanetan. Sua gehiago ez hedatzeko modukoak dira baldintza meteorologikoak, eta 24 ordu igarotzerako itzaltzea espero du gobernuak.

Ane Zuazubiskar Iñarra

Ane Zuazubiskar Iñarra

12:50
2016-08-26

Barkos: "Sutea erabat kontrolatu aurreko fasean gaude"

Egonkortuta dago sutea: ez dago larriagotuko den zantzurik.

Berria

12:46
2016-08-26

Azken hiru hamarkadetako handiena da

Eman du datua Nafarroako Gobernuak: azken hiru hamarkadetan Nafarroan izan den suterik handiena da. Suteak 2.700 eta 3.000 hektarea artean erre ditu, Uxue Barkos presidentearen arabera.

Ane Zuazubiskar Iñarra

Ane Zuazubiskar Iñarra

12:36
2016-08-26

Suteak eragindako kalteak zenbatekoak diren aztertzen ari dira basozainak. 2.300 eta 2.600 hektarea bitartean erre dira, nekazaritzarako lurrak horietatik asko.

Uneotan dira prentsaren aurrera irtetekoak Uxue Barkos Nafarroako presidentea eta Mari Jose Beaumont kontseilaria. (Arg. Nafarroako Basozainen Elkartea)

Ane Zuazubiskar Iñarra

Ane Zuazubiskar Iñarra

12:12
2016-08-26

Puiun da Iker Tubia BERRIAko kazetaria, sutea itzaltzeko lanen berri jasotzeko. Herritarrekin hitz egiteko aukera izan du: "Goizaldeko bostak arte aritu dira zenbait herritar larrialdi zerbitzuekin batera lanean. Goizean goizetik laguntzen ari dira beste zenbait, traktoreekin". Etsipena eta kezka dira nagusi haien artean.

Berria

12:07
2016-08-26

Haizea atzo baino bareago dabil gaur, eta erraztu egin ditu horrek sua egonkortzeko lanak. Tentuz mintzo dira suhiltzaileak, sua zabaltzeko arriskua sortzen baitu espero den tenperatuta beroak. Iritsi dira Puiura Uxue Barkos Nafarroako presidentea eta Mari Jose Beaumont kontseilaria.

Ane Zuazubiskar Iñarra

Ane Zuazubiskar Iñarra

11:44
2016-08-26

Hego haizeak eraginda, su hartutako lurretatik haratago zabaldu ziren atzo errautsa eta ke hodeiak. Besteak beste, Urnieta eta Andoaineraino (Gipuzkoa) iritsi ziren; Puiutik 100 kilometro baino gehiagora daude bi herriok.

BERRIAren egoitza nagusiaren inguruetara ere heldu ziren errautsak, errauts geruza fina zuten Martin Ugalde parkean (Andoain) zeuden zenbait autok.

Ane Zuazubiskar Iñarra

Ane Zuazubiskar Iñarra

11:14
2016-08-26

Erakundeetako ordezkariak, Puiun

Puiun ezarri dute sutea itzaltzeko lanak koordinatzeko zentroa. Apurka-apurka bertaratzen ari dira Nafarroako Gobernuko eta erakundeetako ordezkariak. Bertan da, besteak beste, Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidentea. Isabel Elizalde Ingurumen kontseilaria (irudian) Puiun izan da, orain arte suteak eragindako kalteak aztertzen.

Eguerdian espero dituzte Uxue Barkos Nafarroako presidentea eta Mari Jose Beaumont kontseilaria. (Arg. Iñigo Uriz / Argazki Press)

Ane Zuazubiskar Iñarra

Ane Zuazubiskar Iñarra

10:26
2016-08-26

Arte maltzurrak

Nafarroako basozainen elkarteak zabaldu duen argazkian ikusten da, suaz gain, bestelako arriskuak ere aurkitu dituztela sua itzaltzeko lanetan ari direnek. Sua erretako landa eremu batean animaliak harrapatzeko artea aurkitu dute. Ohartarazi dute norbaitek horrelakorik ikusiz gero, deitzeko 112 telefono zenbakira.

Hain zuzen, atzo pertsona bat salatu du Foruzaingoak Uharten, hartzak harrapatzeko arte bat edukitzeagatik.

Jon Ordoñez

Jon Ordoñez

09:54
2016-08-26

Euskal Herriko azken suterik handiena Trebiñun izan zen, duela hiru urte: ia 2.380 hektarea. Errautsak Urnietaraino heldu ziren atzo.

Jon Olano

Jon Olano

09:46
2016-08-26

Sutearen perimetroa 12 kilometrokoa da; 2.300 eta 2.600 hektarea artean erre dira.

Jon Olano

Jon Olano

09:03
2016-08-26

Nekane Salaberria Puiuko alkateak Euskadi Irratian azaldu du "beltza" dagoela herria.

Jon Olano

Jon Olano

08:53
2016-08-26

Goizeko hamarrak bitartean apenas ibiliko den haizerik; suhiltzaileen lana erraztuko du horrek.

Jon Olano

Jon Olano

08:35
2016-08-26

Sutearen eremua hozten hasi dira; hiru helikoptero, hiru abioneta eta bi ur hegazkin ari dira lanean.

Jon Olano

Jon Olano

08:13
2016-08-26

2.000 bat hektarea erre dira, baina Nafarroako Gobernuak espero du kalteak jasan dituen eremua txikiagoa izatea. Hemezortzi suhiltzaile talde ari dira lanean; 60 suhiltzaile, boluntario gisa ari direnez gain.

Jon Olano

Jon Olano

08:08
2016-08-26

Nafarroako Gobernuak herritarrei eskatu die kontuz ibil daitezela, sute gehiago piztu ez daitezen. "Egonkortzen hasia" da sutea, eta eskuineko frontea —Puiutik Añorbera doana— kontrolpean dute. Artaxoarantz doana kontrolpean izateko, Nafarroako Gobernuak ezinbestekotzat du hegazkin bidezko laguntza. Ordu erdi inguru barru abiatuko dira hegazkinak. Inor ez da zauritu, baina Artaxoan erdigunetik aparte dagoen eraikin batek su hartu du.

Jon Olano

Jon Olano

08:02
2016-08-26

Bart gauean Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, seina kilometroko bi fronte ditu suteak, eta 2.000 hektarea baino gehiago erre dira. Bero handia iragarri dute gaurko ere, eta horrek ez ditu erraztuko itzaltze lanak, baina azken orduetan baretu egin da haizea, eta "baldintzak hobetu" egin direla nabarmendu dute suhiltzaileek.

Jon Olano

Jon Olano

21:06
2016-08-25

Hegazkinak eta helikopteroak erretiratu egin dira bihar goizera arte. Lurrean eginahalean jarraituko dute gau osoan.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

20:53
2016-08-25

Eguraldia ez da lagun izango

Beroa eta haizea ez dira lagun onak sua itzaltzen dabiltzanentzat, eta, antza denez, datozen egunetan ere berdin jarraituko du egoerak. Aemetek arrisku egoeraz ohartarazi du, igandera arte. Bosteko eskalan bosteko arriskua degoela dio. Igandean ipar haizea aterako dela eta egoera baretuko dela aurreikusten dute.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

20:47
2016-08-25

Gauez ere jarraituko dute

Nafarroako Gobernuak jakinarazi du gauez ere lanean jarraituko dutela, suaren kontra, garrak kontrolpean hartzea lortzen badute ere. Airekorik gabe arituko dira gauez. Une honetan zortzi aireko eta suhiltzaileen 18 talde ari dira lanean.

Suak foku bat baino gehiago dituela diote, eta 2.000 hektareako perimetroan zabaldu den arren, kaltetutako lurren kopurua txikiagoa izango dela uste dute, hain azkar zabaldu denez, tartean erre gabeko guneak egotea espero baitute.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

20:03
2016-08-25

Puiun, gogor lanean.

Jagoba Manterolaren argazkia.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

19:43
2016-08-25

Eta bihar ere bero egingo du Nafarroan: Aemetek alerta eman du, 40 gradu harrapa ditzakeelako.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

19:35
2016-08-25

Suteari neurria hartu ezinda jarraitzen dute. Bero dago, 35 bat gradu, eta haizea indartsu dabil. Ez da erraza izango. @SantiagoUsoz-en bideoa.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

19:18
2016-08-25

Maria Jose Beaumont kontseilaria Puiun da. Sua itzaltzeko lanak kudeatzen ari den taldearekin elkartu da. Prentsaurrekoa emango du orain.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

19:05
2016-08-25

Espainiako Gobernuak bost hegazkin bidali ditu Nafarroara, sua itzaltzen laguntzeko.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

19:01
2016-08-25

Nafarroako Gobernuak zabaldutako irudietan ikusten da nola ari diren foruzainak suaren jatorria aztertzen. (2/2)

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

19:00
2016-08-25

Nafarroako Gobernuak zabaldutako irudietan ikusten da nola ari diren foruzainak suaren jatorria aztertzen. (1/2)

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

18:51
2016-08-25

Espetxe zigorra, Hegoaldean

Errepidean ibilgailu batetik piztutako zigarro bat botatzeagatik lau puntuko eta 200 euroko isuna jartzen da Hegoaldean. Hori da zirkulazio kodea hausteagatik ordaindu beharrekoa. Suteak eragiteagatik, ordea, beste zigor batzuk jasotzen ditu Espainiako Zigor Kodeak, eta espetxe zigorra ezar dakioke sua eragin duenari. Oinarrizko zigorra urtebete eta bost urteko espetxealdia bada ere, larritasun maila bat duten suteen kasuan —erretako eremua handia bada, babestuta badago edo jendea bizi den inguru bat bada, besteak beste— hiru eta sei urte bitarteko espetxe zigorra jaso dezake errudunak, betiere pertsonentzako arriskurik izan ez bada. Pertsonentzako arriskua izan bada, hogei urte arteko espetxe zigorra jar dezakete epaileek.

Jon Ordoñez

Jon Ordoñez

18:42
2016-08-25
18:27
2016-08-25

Girgillaotik honela ikusten da suaren arrastoa. @forestalnavarra-ren argazkia.

18:14
2016-08-25

Beaumonten agerraldia, 19:00etan, Puiun

Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, Maria Jose Beaumont kontseilaria 19:00etan Puiun egongo da sutearen nondik norakoak azaltzen, eta informazio gehiago ematen. Berarekin batera egongo dira Agustin Gastaminza Barne zuzendari nagusia eta Javier Baiona Suhiltzaileen zerbitzuburua.

Jon Ordoñez

Jon Ordoñez

17:51
2016-08-25

Sua Nafarroako ubidean geldiarazten saiatuko direla dio Nafarroako Gobernuak, hala, Añorbera eta Tirapura irits ez dadin.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

17:43
2016-08-25

Militarren esku hartzea eskatu du Nafarroako Gobernuak

Larrialdietako Unitate Militarraren laguntza eskatu du Nafarroako Gobernuak, sutea tamaina handikoa delako. Dagoeneko 2.000 hektarea erre ditu, baina erakundeek ohartarazi dute itzaltzen lanak izango dituztela.

Ane Zuazubiskar Iñarra

Ane Zuazubiskar Iñarra

17:27
2016-08-25

Laborariak, laguntzen

Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, hainbat laborari dabiltza traktoreekin sua itzaltzeko lanetan laguntzen. Ekialdetik ari dira suaren bidea mozten.

Jon Ordoñez

Jon Ordoñez

17:16
2016-08-25

2.000 hektarea erre ditu suteak dagoeneko, Nafarroako Gobernuak egin duen lehen balantzearen arabera.

Ane Zuazubiskar Iñarra

Ane Zuazubiskar Iñarra

17:03
2016-08-25

Foruzainek zehaztu dute A-15 autobideko 54,5 kilometroan piztu dela sua, Tafalla parean. Oraingoz ez die eragiten AP-15 eta N-121 errepideei, baina NA-8607 itxita dago.

Jon Ordoñez

Jon Ordoñez

17:00
2016-08-25

Zigarrokin batek piztua izan daiteke

Sua zigarrokin batek piztuko zuela uste dute ikerketako iturriek. Martxan zihoan autoren batetik botatako zigarrokin batek. Izan ere, AP-15en ertzean sortu da.

@nafar_telebista-k zabaldutako bideoa.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

16:53
2016-08-25

Sutea Artaxonatik ikusta. @dhzan

16:51
2016-08-25

17 suhiltzaile talde ari dira lanean Tafalla eta Puiu arteko sua itzaldu nahian, Nafarroako Gobernuaren arabera.

16:46
2016-08-25

Inguruko baserritarrak ere sua itzaltzen laguntzen ari dira. Suhiltzaileek esandakoa egiten ari dira beren traktoreekin.

16:42
2016-08-25

Iruñeatik ikusten da kea

Sua kontrolatu gabe daukate, eta kea Iruñeraino iritsi da. Hainbat txiolarik jarri dituzte argazkiak sarean. Hau @Sandstil-ena da.


Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna