Uxue Barkos: "Sutea erabat kontrolatu aurreko fasean gaude"

2.700 eta 3.000 hektarea artean erre ditu suak dagoeneko, Uxue Barkos presidentearen arabera. Herritarrei "ardura handiz" jokatzeko eskatu die.

Uxue Barkos eta Mari Jose Beaumont, larriald zerbitzuekin hizketan, Puiun.
Uxue Barkos eta Mari Jose Beaumont, larriald zerbitzuekin hizketan, Puiun. Nafarroako Gobernua

Ane Zuazubiskar Iñarra -

2016ko abuztuak 26

Puiun (Nafarroa) ezarri dute larrialdi zerbitzuen eta herritarren lana koordinatzeko zentroa. Bertan izan dira Uxue Barkos Nafarroako presidentea eta Mari Jose Beaumont kontseilaria. Barkosek eman dituen datuen arabera, azken 30 urteetan Nafarroan gertatu den suterik "larriena" da Tafalla eta Puiu artean piztu zena: 2.700 eta 3.000 hektarea artean erre ditu dagoeneko.

Presidenteak azaldu du suaren eraginpean dagoen lur eremu guztia ez dagoela erreta, eta "goizegi" dela kalteen balantze orokorra egiteko. Egonkortu dute sutearen eremua, eta "erabat kontrolatu aurreko fasean" dira orain. Sua gehiago ez hedatzeko modukoak dira baldintza meteorologikoak, eta 24 ordu igarotzerako itzaltzea espero du gobernuak.

Foruzainek zigarrokin bat aurkitu dute sua piztu zen tokian, A-15 errepidearen albo batean. Sua zigarrokin batek piztu ote zuen ikertzen ari da Foruzaingoa, baina ez dute beste hipotesirik baztertu.

"Arduraz jokatzeko" eskaera

Herritarrei "ardura handiz" jokatzeko gogorarazi diete gobernuko ordezkariek, atzoko baldintza meteorologiko antzekoak direlako gaurkoak.

Barkosek txalotu egin du larrialdi zerbitzuen eta erakundeen lana. Nekazariak eta boluntarioak ere aipatu ditu; herritar askok eskaini dute euren burua laguntzeko. Atzo hasi ziren lanean nekazariak, traktoreak erabilita sua hedatzeko bideak mozten.

1989an izan zen azken sute larria Nafarroan; orotara 2.781 hektarea erre zituen Bortzirietan piztu zen sute batek –mendi lurren 801 hektarea, aberentzako larreen 755 eta pinu zuhaitzen 1.255—. Igantzi, Etxalar, Bera, Lesaka eta Arantza herriei eragin zien.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna