Donostiako Zinemaldia

Inoiz baino euskal ekoizpen gehiago aurkeztuko ditu Zinemira sailak

Hamazazpi film ikusiko dira euskal zinemari eskainitako sailean, eta horietatik zortzi Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko lehiatuko dira. Zinemira saria, berriz, Ramon Bareak jasoko du.

'Igelak' filma
'Igelak' filma Donostiako Zinemaldia

Idoia Davila Uzkudun -

2016ko abuztuak 26

Lehiaketako filmen artean zazpi dokumental daude, eta fikziozko film luze bakarra aurkeztuko dute: Patxo Telleriaren Igelak. Juan Barrerok, berriz, Chillida: esku huts dokumentala aurkeztuko du, eskultorearen biografia, eta Juanma Bajo Ulloak rockari buruzko gogoeta egingo du Rocknrollers filmean. Maider Oleaga Iragan Gunea Berlin pelikularekin lehiatuko da, eta ETA bere amaierara eraman zuen prozesua kontatuko du Justin Websterrek El fín de ETA-rekin. Halaber, hiru zinemagilek beren lehen film luzeak aurkeztuko dituzte: Aitor Aspe Baskagívin. Euskal baleazaleen hilketa filmarekin lehiatuko da, Juan Palaciosek Pedaló-rekin egingo du bere debuta, eta GUtik ZUra Mari Jose Barriolaren lehen ikus-entzunezko lana da. Guztiak lehiatuko dira Euskal Zinemaren Irizar sariko 20.000 euroak eskuratzeko.

Lehiaketaz kanpoko beste zortzi euskal ekoizpen aurkeztuko ditu aurtengo Zinemira sailak, eta Kimuak 2016 programako film laburren aukeraketa ere bilduko du sailak. Donostiako 64. Zinemaldiko beste sailetan ere ikusi ahal izango dira euskal ekoizpenak, hamalau guztira; horien artean dago Kalebegiak proiektua.

Horrez gain, Euskal Zinemaren Galan, Francesc Escribanoren Agirre lehendakaria proiektatuko da; Daniel Grao aktoreak euskal agintariaren giza erretratu bat eratuko du dokumentalean. Gala horretan jasoko du Ramon Barea aktore eta errealizadoreak Zinemira saria. Igelak filma ere galan proiektatuko dute.

Zerrenda osatuta

Osatuta geratu da Zinemaldiko Sail Ofizialeko zerrenda. Sailak lau emanaldi berezi izango ditu, eta jada iragarritako filmei Makoto Shinkairen Kimi no Na wa / Your name animazio filma eta Bigas Luna eta Santiago Garrido Ruaren Bigas x Bigas gehitu zaizkie. Horrez gain, Nacho Vigalondok Colossal aurkeztuko du lehiaz kanpo. Guztira 25 film hartuko ditu Sail Ofizialak aurten; hamazazpi Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko dira, lau lehiaketaz kanpo aurkeztuko dira, eta lau emanaldi berezi egingo dituzte.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna