Futbola

Lehen derbian, Reala garaile

Ezer askorik egin gabe, txuri-urdinak 0-2 nagusitu dira Osasunaren zelaian. Eibarrek, berriz, 1-0 garaitu du Valentzia

IñigoUriz / Argazki Press

Jon Eskudero -

2016ko abuztuak 27

Ikusmina bazen denboraldiko lehen derbirako, baina ikusgarritasunetik gutxi izan du Osasunak eta Realak Sadarren jokatu duten partidak. Neurketa tristea izan da, distirarik gabekoa, baina arrunt analisi ezberdina egingo dute bi taldeek. Izan ere, Realak sasoiko lehen puntuak eskuratu ditu, eta hori zuten helburu nagusi. Lehen zatian baino hobeto jokatu dute bigarrenean, eta, behetik gorako bidea azalduta, merezita gailendu dira. Lehenbizi, kalitatezko jokaldi batean, 0-1ekoa egin du Juanmik, atsedenaldiaren atarian. Bigarren zatiari begira, Osasunak ez du aparteko susperraldirik erakutsi, eta, gainera, Unai Garciak 0-2koa egin du bere atean, zoritxarreko jokaldi batean. 

Hala, bi taldeak egoera ezberdinean helduko dira ligako lehen atsedenaldira. Realak jada baditu hiru puntu, eta, aintzat hartuta datorren jardunaldian Espanyol hartuko duela etxean, baikortasunik ez da faltako Zubietan. Osasunak, berriz, iragan jardunaldiko zapore gozoa galdua izango du. Zaleen aurrean ez du ongi erantzun, eta, gainera, bi aste barru Real Madrilen zelaia bisitatu beharko du. 

Eibarren garaipena

Derbiaz gain, beste euskal talde bat ere bazen lehian gaur arratsaldean: Eibar. Neurketa eskasa jokatu du Jose Luis Mendilibarren taldeak, baina, merezi gabe izan arren, 1-0 irabazi dio Valentziari. Pedro Leonek sartu du gola, bigarren zatian, penalti bat huts egin eta aldaratzean baloia sarera bidalita.