Albistea entzun

Gizartea

"Munduak ez gaitu aldatuko; guk aldatuko dugu mundua"

Kalean jolasean ari zirela, ezezagun bat joan zitzaien Jen Anderson eta haren semeari. Semeak gona janztea "oker" zegoela esan zien, eta argazkiak egin zizkien. Amak mezu bat idatzi zuen sarean, eta birala egin da. Mezua, euskarara itzulita, albiste barruan.

Jen Anderson / Facebook

Ane Zuazubiskar Iñarra -

2016ko abuztuak 31 08:35

Orain egun gutxi, kalean jolasean ari ziren Jen Anderson eta haren semea. Kolore biziko gona bat zeraman jantzita mutilak, beste askotan bezala. Gizon bat hurbildu, argazkiak egin, eta mutilek gonak janztea "oker" zegoela esan zien. Andersonek gertatutakoa salatzeko mezu bat idatzi zuen sare sozialetan, eta birala egin da mezua. 62.000 aldiz partekatu dute, eta dozenaka hedabidetan argitaratu.

Mezua, osorik, euskarara itzulita:

"Kamioiekin jolas egitea gustatzen zaio hiru urte eta erdiko nire semeari. Puzzleak egitea. Aranak jatea. Eta gustatzen zaio kolore biziko tutuak janztea. Galdetuz gero, esango luke gonak janzteak polit eta ausart sentiarazten duela. Galdetuz gero, esango luke ez dela araurik mutilek eta neskek jantzi dezaketenaren inguruan.

Elizara joan da nire semea tutua jantzita. Dendara joan da tutua jantzita. Trenean ibili da tutua jantzita, eta jolastu da tutua jantzita. Gure inguruan arazorik ez du sortzen horrek. Egin izan dizkigute galderak asmo onez, eta erantzun izan ditugu. Ederra da. Ederra ZEN, atzo arte.

Atzo, parkean ginela, ezezagun bat etorri zitzaigun. Galdetu zigun semeak zergatik zeraman gona jantzita. Ez genuen gizona ezagutzen, baina denbora zeraman guri begira.

"Jakin-minez galdetu dut", esan zigun gizonak. "Zergatik eman diozu semeari horretarako baimena?".

Ez zuen jakin-minez galdetu. Ez zuen erantzunik nahi. Semea —nire baimenarekin— egiten ari zena oker zegoela gogorarazi nahi zigun.

"Amak ez lizuke horretarako baimenik eman beharko". Semeari hitz egin zion: "Mutila zara. Ama txarra da zure amatxo. Haurren aurkako abusua da hori".

Argazkiak egin zizkigun, halakorik ez egiteko esan banion ere. Mehatxu egin zidan: "Orain jende guztiak jakingo du. Ikusiko duzu".

Poliziari deitu nion. Etorri, deklarazioa hartu, eta semearen gona goraipatu zuten. Semea beldurrez dago oraindik: "Gaur ere etorriko al da gizon gaiztoa? Esango al ditu hitz itsusiak nire gonari buruz? Argazki gehiago egingo al dizkit?".

Ezin diot ezer ziurrik esan. Baina bada esan dezakedan zerbait: ez naute izutuko. Ez naute ahulduko. Ezezagun amorratuek ez dute esango nire semeak zer jantzi dezakeen.

Maite dudala jakin dezan nago ni hemen.

Jende guztiak agian ez du maiteko, baina nik bai. Kalean oihu egingo dut semea maite dudala jakin dezaten.

Oihu egingo dut, kalean lasai ibiltzeko eskubidea duela defendatzeko, berak nahi duena jantzita.

Eta erakutsiko diot semeari zein den pertsona moduan duen balioa. Eta babestuko ditut haren erabakiak. Bost axola besteek zer dioten, bost axola nor saiatzen den hura gelditzen, eta zenbat alditan.

Gure familiak lelo bat du:

Elkar maite dugu. Atseginak gara. Burugogorrak gara. Ederrak gara, eta ausartak.

Badakigu nor garen. Ezezagun amorratuek ez dute deus aldatuko. Munduak ez gaitu aldatuko; guk aldatuko dugu mundua".

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

Hilekorako produktuen BEZa %10etik %4ra jaitsiko du Madrilek

Uxue Rey Gorraiz

Preserbatiboei eta medizinalak ez diren antisorgailuei ere eraginen die merkatzeak; pixoihalei, ez.

Hablamos español elkartearen protesta Madrilen, joan den astean. ©FERNANDO ALVARADO, EFE

«Zelan erdaldundu Euskal Herria?»: dekalogo bat eman du Euskal Encodingsek

Uxue Rey Gorraiz

Espainiako epaile batek «gaizkile txiki bat» sortzeko dekalogoa eman zuen joan den hamarkadan. Hori oinarri, eta begirada euskarara zuzenduz, beste bat argitaratu du Euskal Encondingsek: Etxean erdaldun txiki bat sortzeko dekalogoa. Hamar gako dira, ironiaz biziturik.

Elbira Zipitriaren estatuaren aurkezpena, Gipuzkoako foru jauregian. ©Gipuzkoako Foru Aldundia

Elbira Zipitriaren estatua bat jarri dute Gipuzkoako foru jauregian

Julen Otaegi Leonet

Lehenbizikoz, andre baten eskultura bat jarri dute jauregiko ohorezko patioan; Gipuzkoaren historiako izen handientzat gordetako espazioa da.

Imanol Pradales Sestao e Areetako metro geltokiak lotuko ditun trenaren aurkezpenan. ©Bizkaiko foru aldundia

Sestaoko eta Areetako metro geltokiak lotuko dituen trenak ez du makinistarik izango

Mikel Garcia Martikorena

Itsasadarraren azpitik igaroko den tren baten bidez, Bilboko Metroko lehenengo eta bigarren lineak lotuko dira.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...