Gizartea

"Munduak ez gaitu aldatuko; guk aldatuko dugu mundua"

Kalean jolasean ari zirela, ezezagun bat joan zitzaien Jen Anderson eta haren semeari. Semeak gona janztea "oker" zegoela esan zien, eta argazkiak egin zizkien. Amak mezu bat idatzi zuen sarean, eta birala egin da. Mezua, euskarara itzulita, albiste barruan.

Jen Anderson / Facebook

Ane Zuazubiskar Iñarra -

2016ko abuztuak 31

Orain egun gutxi, kalean jolasean ari ziren Jen Anderson eta haren semea. Kolore biziko gona bat zeraman jantzita mutilak, beste askotan bezala. Gizon bat hurbildu, argazkiak egin, eta mutilek gonak janztea "oker" zegoela esan zien. Andersonek gertatutakoa salatzeko mezu bat idatzi zuen sare sozialetan, eta birala egin da mezua. 62.000 aldiz partekatu dute, eta dozenaka hedabidetan argitaratu.

Mezua, osorik, euskarara itzulita:

"Kamioiekin jolas egitea gustatzen zaio hiru urte eta erdiko nire semeari. Puzzleak egitea. Aranak jatea. Eta gustatzen zaio kolore biziko tutuak janztea. Galdetuz gero, esango luke gonak janzteak polit eta ausart sentiarazten duela. Galdetuz gero, esango luke ez dela araurik mutilek eta neskek jantzi dezaketenaren inguruan.

Elizara joan da nire semea tutua jantzita. Dendara joan da tutua jantzita. Trenean ibili da tutua jantzita, eta jolastu da tutua jantzita. Gure inguruan arazorik ez du sortzen horrek. Egin izan dizkigute galderak asmo onez, eta erantzun izan ditugu. Ederra da. Ederra ZEN, atzo arte.

Atzo, parkean ginela, ezezagun bat etorri zitzaigun. Galdetu zigun semeak zergatik zeraman gona jantzita. Ez genuen gizona ezagutzen, baina denbora zeraman guri begira.

"Jakin-minez galdetu dut", esan zigun gizonak. "Zergatik eman diozu semeari horretarako baimena?".

Ez zuen jakin-minez galdetu. Ez zuen erantzunik nahi. Semea —nire baimenarekin— egiten ari zena oker zegoela gogorarazi nahi zigun.

"Amak ez lizuke horretarako baimenik eman beharko". Semeari hitz egin zion: "Mutila zara. Ama txarra da zure amatxo. Haurren aurkako abusua da hori".

Argazkiak egin zizkigun, halakorik ez egiteko esan banion ere. Mehatxu egin zidan: "Orain jende guztiak jakingo du. Ikusiko duzu".

Poliziari deitu nion. Etorri, deklarazioa hartu, eta semearen gona goraipatu zuten. Semea beldurrez dago oraindik: "Gaur ere etorriko al da gizon gaiztoa? Esango al ditu hitz itsusiak nire gonari buruz? Argazki gehiago egingo al dizkit?".

Ezin diot ezer ziurrik esan. Baina bada esan dezakedan zerbait: ez naute izutuko. Ez naute ahulduko. Ezezagun amorratuek ez dute esango nire semeak zer jantzi dezakeen.

Maite dudala jakin dezan nago ni hemen.

Jende guztiak agian ez du maiteko, baina nik bai. Kalean oihu egingo dut semea maite dudala jakin dezaten.

Oihu egingo dut, kalean lasai ibiltzeko eskubidea duela defendatzeko, berak nahi duena jantzita.

Eta erakutsiko diot semeari zein den pertsona moduan duen balioa. Eta babestuko ditut haren erabakiak. Bost axola besteek zer dioten, bost axola nor saiatzen den hura gelditzen, eta zenbat alditan.

Gure familiak lelo bat du:

Elkar maite dugu. Atseginak gara. Burugogorrak gara. Ederrak gara, eta ausartak.

Badakigu nor garen. Ezezagun amorratuek ez dute deus aldatuko. Munduak ez gaitu aldatuko; guk aldatuko dugu mundua".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna