Mundua

Urtebetean galdu du indarra

Alan Kurdi haurtxoaren gorpuaren irudiak Europaren miseriak azaleratu zituen. Agintarien promesak, ordea, ezerezean geratu dira: errefuxiatuen egoerak okerrera egin du.

Egeo itsasoan hildako haurraren omenez Francforten eginiko murala. Jatorrizko argazkia Nilufer Demir Turkiako argazkilariak atera zuen.
Egeo itsasoan hildako haurraren omenez Francforten eginiko murala. Jatorrizko argazkia Nilufer Demir Turkiako argazkilariak atera zuen. Arne Dedert / EFE

Adrian Garcia -

2016ko irailak 2

Urtero milaka errefuxiatu hiltzen dira gerratik eta pobreziatik ihesi. Europara iritsi nahian Mediterraneoko zeharkaldian bakarrik 3.770 hil ziren iaz, asko eta asko umeak, IOM Nazioarteko Migrazio Erakundearen arabera. Mundu osoan 5.000 baino gehiago izan ziren hildakoak —asko dira, halere, datu ofizialetatik kanpo geratzen diren heriotzak—. Zenbaki huts bihurtu ohi dira biktimak, izen-abizenez erantziak. Alan Kurdi haurtxoarena salbuespena izan zen. Atzo urtebete hondartzan agertutako gorpuaren irudiak bira eman zion munduari, Europaren errefuxiatuen politikaren miseriak agerian utziz.

Alan Kurdik Kobanetik ihes egin zuen gurasoekin eta anaiarekin. Rojava (Siriaren barruko Kurdistan) utzita Turkian ezarri ziren aldi batez. Hor jaso zuen familiak Kurdi izena, jatorri etnikoaren erreferentzia gisa. Turkiatik Greziarako zeharkaldian, baina, haien plastikozko ontzi txikia hondoratu egin zen, eta aita ez beste familia kideak ito egin ziren. 

Alan 3 urteko umea hil zenean errefuxiatuen krisiak astindua zuen Europa: Mediterraneoa hilerri erraldoi bihurtuta, Grezia eta Italia errefuxiatuei harrera egiteko azpiegitura nahikorik gabe, eta Balkanetako bidean barna milaka pertsona baldintza kaskarretan aurrera egin nahian. EB Europako Batasunak erakutsia zuen ordurako asilo eskubidea bermatzeko borondate falta.

Aurretik ere argitaratu izan ziren hildako haur errefuxiatuen irudiak. Baita ondoren ere. Baina, fenomeno mediatiko bihurtuta, nazioarteko egunkari handienek azalean argitaratu zuten Alan Kurdiren argazkia . Giza eskubideen aldeko hamaika erakunderen eta milaka ekintzaileren salaketek eta ahaleginek lortu ez zutena ordu batzutan egin zuen irudi hark: Europako herritarren kontzientziak iratzartzea.  

Errefuxiatuen tragedia bete-betean sartu zuen irudiak herrialde aberastuen etxeetan, eta elkartasun uholdea piztu zuen. Iraileko lehen egunetan nabarmen igo ziren migratzaileekin eta iheslariekin lan egiten duten erakundeei egindako ekarpenak.

Gizartearen haserrearekin batera, ordura arte hotz agertutako agintariek erreakzionatu zuten. «Hunkitu» egin zuen irudiak David Cameron orduko Erresuma Batuko lehen ministroa. Boto-emaileen zigorraren beldur edo, iheslarien dramari heltzeko neurriak iragarri zituzten; Alemaniak Hungarian harrapatuta zeuden errefuxiatuak hartzea onartu zuen, eta Erresuma Batuak agindu zuen 2020ra arte urtean 4.000 iheslari hartuko zituela —Greziara egunean pertsona gehiago iristen ziren orduan—.

Alanen heriotzaren ondorengo egunetakoa da Europako Batzordeak proposatutako kuota sistemarena ere. Italiako eta Greziako 120.000 iheslari batasuneko herrialdeen artean kuota bidez banatzeko sistema eratu zuten. Urtebetera, emaitza oso eskasa da; 5.142 pertsona besterik ez dute banatu.

Izan ere, fenomeno mediatiko oro bezala, Alanen gorpuaren irudiak indarra galdu du denboraren joanarekin, eta Europako agintariek eskuak libre izan dituzte kontinentea gotortzeko proiektuari ekiteko. Eskuin muturrak asmatu du bere diskurtsoa zabaltzen, eta atentatu islamistekin lotu dute errefuxiatuen krisia. Errefuxiatuen egoerak okerrera egin du; Balkanetako bidea itxi diete, eta 57.000 pertsona inguru harrapatuta geratu dira Grezian, militarizatutako kanpalekuetan atxikita, bizi baldintza kaskarretan.

Ibilbide aldaketak
Europak guztiz lurperatu du asilo eskubidea, Turkiarekin ituna egin baitu Greziako muga erabat ixteko, eta martxoaren 20tik aurrera iritsitako iheslariak bueltan Turkiara kanporatzeko. Trukean, EBk beste aldera begiratzen du Ipar Kurdistanen aurkako zapalkuntza kanpainan —iheslariak sortzen ditu—, eta finantza laguntza eman dio Turkiako errefuxiatu kanpalekuen baldintzak hobetzeko.

Bruselaren eta Ankararen arteko itunak alde ilun ugari ditu. Errefuxiatuen ibilbideak moldarazi dituzte indarrean, eta Egeo itsasotik Greziarako zeharkaldia egiten dutenen kopurua erruz jaitsi da. Haatik, beste bidaia askoz ere arriskutsuago bat egitera behartu ditu: Afrika iparraldeko kostatik Mediterraneoa gurutzatzera.

Eta ibilbide aldaketa eragin zuzena izaten ari da hildakoen kopuruekin. IOMk alarma gorria piztu du:  urteko lehen sei hilabetean 2.900 pertsona hil dira Mediterraneoan. Datuak hartzen dituztenetik urterik hilgarriena izateko bidean da aurtengoa. Beste Alan Kurdi asko egongo dira, baina horien irudiek ez dute Europa asaldatuko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna