Memoria historikoa

Mola eta Sanjurjo hobitik ateratzearen aurka bozkatu dute UPNk eta PPk

Parlamentuko gainerako taldeek babesa adierazi diote Iruñeko Udalak hartutako erabakiari, eta alderdi denek azken erasoak gaitzetsi dituzte.

Iruñeko Erorien Monumentua.
Iruñeko Erorien Monumentua. Jesus Diges / Efe

Joxerra Senar -

2016ko irailak 20

Gaur, Nafarroako Parlamentuko Mahaiaren eta Eledunen Batzordean, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak proposatutako adierazpen instituzionala izan dute aztergai. Agiri horrek, lehen puntuan, bat egin du Iruñeko Udalak Emilio Mola eta Jose Sanjurjo jeneralak Erorien Monumentutik ateratzeko erabakiarekin. Lau alderdiek eta PSNk alde bozkatu dute; UPNk eta PPk, aldiz, puntu horren aurka bozkatu dute.

Udalak erabakia iragarri ondotik, makina bat mezu eta pintaketa azaldu dira Iruñean Joseba Asiron Iruñeko alkatearen aurka, eta eraso egin diete hainbat elkarteri eta German Rodriguezen hilarriari. Erasoek ez dute etenik. Horren inguruan, talde guztiek "irmo" gaitzetsi dituzte erasoak, aho batez, eta "herritar guztien elkarbizitzaren alde egingo duen bake kulturaren alde" azaldu dira.

Araiz: “Euren burua agerian utzi dute”

EH Bilduko Adolfo Araizen ustez, UPNk eta PPk “euren burua agerian utzi dute”. Altxamendu frankistaren bi protagonista nagusi ia 80 urtez Erorien Monumentuan egotea “etengabeko omenaldia” egitea dela deritzo.

Ahal Dugu-ko Carlos Cousok gaineratu du frankismoaren sinbolo oro ere kendu beharko litzatekeela. “2016an oraindik ere Erorien Monumentua eta hobi horiek hor egoteak ez dio ezer onik herrialde honen kalitate demokratikoari buruz".

UPNko Carlos Garcia Adaneroren ustez, berriz, Iruñeko Udalari bermea ematea da ekinaldi horren helburua. “Gure udal taldeak proposatua du zer baldintzatan egin beharko litzatekeen hori. Artzapezpikutza eta familiak aintzat hartu beharko lirateke”.

PPko Ana Beltranek adierazi du jeneral frankisten hezurrak ateratzearen aurka egin duela Memoria Historikoaren Legeak ez dioelako ezer horri buruz. “Egia erdizka esaten dute, eta laukoa bazterrak nahasten ari da”, ohartarazi du.

Argudio hori erabili arren, PPk ETArekin nahastu nahi izan du auzia. Agiriaren azken puntua moldatu, eta proposatu du “terrorismo zein indarkeria oro gaitzestea, bereziki ETArena”. PPko Ana Beltranek esan du EH Bilduk ETAren indarkeria gaitzesteko egin duela eta lau alderdiek “koldarkeriaz” aldatu dutela.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna