Teknologia

Aplikazio oso, moderno eta bizia kaleratu du BERRIAk

BERRIAk aplikazio oso, moderno eta bizia garatu du, BERRIAren eduki guztiak irakurlearen eskura jatzeko, beti eta edonon harian izan dadin. Aplikazio berria eskuragarri dago Google Play eta Apple Store dendetan.  [youtube]https://youtu.be/6dhwgPitdGg[/youtube]

Pello Urzelai.
2016ko irailaren 23a
14:10
Entzun

Telefono eta tabletarako aplikazio berri bat garatu du BERRIAk, edonoiz eta edonon informazioarekiko hariari helduta egoteko. Aplikazio berri honekin, informatuta egoteko telefonoak bereganatu duen garrantziaren erronkari erantzun nahi izan dio BERRIAk, orain arteko eskaintza osatuz. 

BERRIA aplikazioak erreferentziala izan nahi du euskarazko informazioaren munduan. Nazioarteko hedabideen pareko eskaintza teknologikoa jarri du euskaldunon eskura, euskaraz ongi informatuta egotea erraza eta erosoa izan dadin. BERRIAren eskaintza informatibo osoa bideratzen du aplikazio berriak, era moderno, aurreratu, erabilgarri eta erakargarri batez. 

Telefonoan pentsatutako, diseinatutako eta era natiboan garatutako aplikazio bat denez, irakurlearen erabiltze esperentzia oso atsegina da.
Bi sistema operatibo nagusitan, Android eta iOSen, garatuta dago, eta eskuragarri dago Google Play eta Apple Store dendetan. iOSen kasuan, aplikazio berriak 2013tik dagoena ordezkatuko du, eta bertsio zaharra instalatuta daukaten erabiltzaileek eguneratu baino ez dute egin beharko aplikazio berriaz gozatzeko. Aplikazio hau bizia izango da, denborarekin doituz eta osatuz joango delako.

Beti harian

Informazioaren alorrean, azkar jakiteak balio handia du. Horregatik, BERRIA aplikazioak push jakinarazpenak edo alertak eskaintzen ditu, irakurleak gertaera garrantzitsuen berri azkar eta era erosoan izan dezan. Mota honetako alertak jasotzeko erabiltzaileak baimendu behar ditu, eta edozein unetan ezgaitu ditzake edo berriro gaitu. Alerten zerbitzu hau, funtsean, gertaera garrantzitsuen berri ematera bideratuta dago, beraz, neurtua eta zaindua izango da, erabiltzailea alferrik nekatu gabe. Adibidez, igandeko hauteskundeetako boto zenbaketaren emaitza esanguratsuen berri emateko erabiliko da. Halaber, BERRIA aplikazioak aukera emango du grafikoen bidez boto zenbaketa jarraitzeko eta behin betiko emaitzak kontsultatzeko.

Aplikazioaren egitura sinplea da, BERRIAk sortzen dituen eduki guztiak era erraz batean erabiltzailearen esku jartzeko asmoz. Horretarako, hasierako pantailak eguneko edukien sintesi bat eskaintzen du (albiste garrantzitsuak eta atal bakoitzeko aukeraketa). Gainerako edukiak eskuratzeko bi menu diseinatu dira: batetik, menu nagusia eduki informatiboetarako, eta, bestetik, bigarren menua, BERRIAren komunitatearekin lotutako ataletarako. Menu informatiboan edukiak ohiko sailetan (Politika, Gizartea, Ekonomia, Iritzia...) antolatzen dira, baina bi atal berri gehitu dira edukiak beste ikuspegi batetik ikusteko. Alde batetik, Gehien irakurriak atalean, azken orduetan gehien irakurri diren 20 artikuluak bistaratzen dira. Bestetik, Berrienak atalean, argitaratzeko dataren arabera antolatutako artikuluak erakusten dira.

Deskargatu atalak eta irakurri konexiorik gabe

 

BERRIAlagunek aukera bereziak dituzte

BERRIA aplikazioak erabilera pertsonalizatzeko hiru aukera ematen dizkio BERRIAlagunari. Funtzionalitate berezi hauek erabiltzeko saioa hasi behar du bere ohiko BERRIAlagun kontuarekin, webgunean bezala. Lehenik, hasierako pantaila nahieran antolatu dezake.  Menu nagusia editatu dezake, hasierako pantaila bere gustura antolatzeko: sailak gora edo behera mugituz, edo sailak hasierako pantailatik ezkutatuz.  Bigarrenik, ukitu bakar batekin edozein artikulu gorde dezake, geroago irakurtzeko edo artxibatzeko. Gordetako artikuluak Nire artxiboak atalean aurkituko ditu.  Hirugarrenik, hasierako pantailako edo sail bateko artikulu guztiak batera deskargatu daitezke telefonoan eta Nire artxiboak atalean gorde, geroago, interneteko konexiorik gabe irakurtzeko. 

Azkenik, webgunean bezala, aplikazioan ere Zozketak atalean sartu eta zuzenean parte har dezakete eta papereko edizioaren PDF bertsioa eskura dezakete BERRIAlagunek, saioa hasita badaude. 

Aplikazioaren erabilera irudien bidez azaltzeko asmoz orrialde berezi bat prestatu du BERRIAk. Orrialde horretan, txat zerbitzua erantsi da edozein kontsulta egin ahal izateko. Halaber, Telegram aplikazioaren bidez ere, 678 78 97 73 zenbakian, zalantzak argitu daitezke (astegunetan, urriaren 1ra arte). 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.