Legealdiz legealdi, EAJk eusten dio hegemoniari

EAJkoa izan da Ajuria Eneako maizterra, PSEri esker usu, legealdi bakarrean izan ezik: 2009an. PSEk eta PPk kendu zioten lehendakaritza. Ezker abertzaleak legebiltzarrera sartzea lortu ez zuen legealdi bakarra izan zen. EH Bildu geratu da oposizioko indar nagusi, 17 eserlekurekin.

gurutze izagirre intxauspe
2016ko irailaren 25a
22:28
Entzun

Alderdien bilakaera historikoa(ikusi grafiko interaktiboa)

EAJ: Hegemoniari eusten dio 29 eserlekurekin. 1980tik EAJren esku egon da lehendakaritza, legealdi batean izan ezik: 2009an. Legez kanporatzeen ondorioz ezker abertzaleak ez zuen lortu ordezkaritzarik Eusko Legebiltzarrean. Eta PSEk kendu zion, Patxi Lopez buru zela, PPren laguntzarekin. Jeltzaleek Iñigo Urkullu aurkeztu zuten lehendakaritzarako 2012an eta 27 eserlekurekin berreskuratu zuen agintea. Boz hauetan indar handiagoz geratu da. Elkarrekin Podemosen sarrerak ez dio kalterik eragin.

EH Bildu: Aurreko legealdiarekin alderatuta lau eserleku galdu ditu. 21etik 17ra jaitsi da. Dena den, azken urteetan izan diren udal eta foru hauteskundeetako emaitzak eta Kongresurako emaitzak aintzat hartuta, gora egin du koalizioak. Oposizioko indar nagusi gisan geratu da.

Elkarrekin Podemos: Eusko Legebiltzarrera 11 eserlekurekin sartu da, lehen aldiz. Datuak Espainiako Kongresurako botoekin alderatuta, nabarmen behera egin du. Indar nagusia izan zen bai abenduan, bai ekainean egin ziren bozetan, eta orain hirugarren indar izatera pasatu da. Estatu mailako lehena, hala ere.

PSE: Bederatzi eserleku lortu ditu, 2012an baino zazpi gutxiago. Gainbehera berretsi da. 1980 urteko bozetara jo behar da alderdi sozialistari horrelako emaitzak ikusteko.

PP: Hamarretik 9ra pasatu da. Eta beheranzko joera berretsi da.

Abstentzioa: %38koa izan da. Azken 22 urteetako altuena.

Gorabeherak gorabehera, EAJk mantendu du lehendakaritzan 1980tik, legealdi batean izan ezik: 2009an.

1980an aise nagusitu zen Carlos Garaikoetxea buru zuen Euzko Alderdi Jeltzalea 25 eserlekurekin. Atzetik bigarren indarrak 11 eserleku lortu zituen orduko Herri Batasunak.

1985ean EAJn barne zatiketa izan zuten, eta Jose Antonio Ardanza izendatu zuten lehendakari, Garaikoetxea alboratuta. Eusko Alkartasuna sortu zuen orduan Carlos Garaikoetxeak. Horrek eragin zuen 1986ko bozetan EAJn botoen gainbehera garrantzitsu bat. 1984an 32 eserleku izatetik 17 izatera pasa zen. Eta nahiz eta PSEk 19 eserleku lortu, CDSn bozei batuta, Ardanza jarri zuten lehendakari. Legealdi hartan EAk 13 eserleku lortu zituen eta HBk beste 13.

Legealdi hori izan zen boz gutxien lortu zituena, hortik aurrera gora egin baitu. EAJ eta EAren arteko harremanak ere aldatzen joan ziren eta 1990. hamarkadaren osteko lanek eman zuten emaitzik. Orduan Begoña Errazti zegoen alderdiko buru, eta 2001ean elkarrekin aurkeztu ziren bozetara, Juan Jose Ibarretxeren eskutik. EB ere batu zitzaien Javier Madrazorekin. 33 eserleku lortu zituzten, baina ezin ahaztu, ezker abertzalearen legez kanporatzea indarrean sartu zen urtea izan zela. Bestelako formula edo izen batzuekin hasi zen ezker abertzalea bozetara aurkezten garai haietan.

Aldi berean, Espainiako alderdi konstituzionalistak indarra hartzen ari ziren. Jaime Mayor Oreja PPko buru eta Nicolas Redondo Terreros PSEn indartsu ari ziren garaiak ziren.

2005ean formula berari eutsi zioten EAJk eta EAk, baina EAn formula horrekin kritiko zen sektorea indartzen hasi zen, eta 2009an aparte aurkeztu ziren.

2009koa izan zen EAJk Jaurlaritza galdu zuen urte bakarra. Urte hartan ezker abertzalearen markak ez zuen lortu aurkeztea. Ordezkaritzarik ez zioten onartu legebiltzarrean. Honenbestez, Ibarretxek 30 eserleku lortu zituen, baina Patxi Lopezen PSEk 25 eta PPren babesarekin (33) Jaurlaritza kendu zioten EAJri. EAk ordezkaritza bakarra lortu zuen.

2012an, giro politikoa oso bestelakoa zen. ETAk armak utziko zituela iragarria zuen, eta EAJk Ibarretxeren aroa amaitutzat jo, eta Iñigo Urkulluri eman zion lehendakarigaitzarako konfiantza. Hark irabazi zituen bozak, 27 eserlekurekin.

Ezker abertzaleak HBren markaren pean 11 eta 13 eserleku bitarte lortu zituen 1994 arte. Marka baliogabetu ostean, EH sortu zuten eta 14 eserleku lortu zituzten. Legez kanporatzearen ondorioz bi legealditan 7 eta 9 eserleku artean lortu zituen. 2012an ordea, ezker abertzaleak, Eusko Alkartasunak eta Alternatibak (gerora baita Aralarrek ere) sortutako koalizioak eman dizkie emaitza oparoak, bigarren indar bihurtuz EH Bildu koalizioa. 21 eserlekurekin sartu zen 2012an. Lau galdu ditu orain.

PSE indar esanguratsua izan da Eusko Legebiltzarrean, eta EAJren bidelagun izan da maiz. 1986an hartu zuten elkar lehen aldiz, EAJk baino bi eserleku gehiago izan arren, Ardanzari emanda lehendakaritza. Gutxienez 12 eserleku izan ditu (1994) eta iritsi da 25 izatera ere (2005ean, lehendakaritza eskuratu zuenean). Konstituzionalistentzat garai oparoena ezker abertzalearen legez kanporatzeena izan zen. Orduan lortu zituzten emaitzarik onenak, baita EAJk ere. 2012an Idoia Mendiak hartu zuen gidaritza, eta eserlekuetan behera egin zuen, 25etik 16ra. Gainbehera horrek segitu egiten du.

PPrentzat emaitzik onenak legez kanporatzeak indarrean jarri zituenean izan ziren. 2001ean 19 eserleku lortu zituen, hori izan da bere sabaia. PP, orduko AP 1980an 2 eserlekurekin sartu zen Eusko Legebiltzarrean, eta jakin du tokia egiten. Mayor Oreja-Basagoiti garaia izen zen hura. 2005ean 13 eserleku lortu zituen, eta PSEri eman zizkion Ibarretxeri lehendakaritza kentzeko. 2012an 13tik 10era jaitsi zen. Arantza Quiroga zuen buru orduan alderdiak. Bakarra galduta, bederatzikin geratu da.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.