Hilberria

Shimon Peres, aurpegi biko buruzagia

Nazioartean bakegile gisara aurkeztu zuen bere burua Peresek; eta, hain zuzen ere, Osloko Akordioen bultzatzaile izan zelako eman zioten Bakearen Nobel saria. Aldiz, etxean, Zisjordaniako asentamenduak bultzatu zituelako eta Qanako sarraskiagatik gogoratuko dute askok.

Goizaldean hil da Shimon Peres, 93 urterekin.
Goizaldean hil da Shimon Peres, 93 urterekin. Jim Hollander / EFE

Arantxa Elizegi Egilegor -

2016ko irailak 28

Israelgo estatuburu eta lehen ministro izandakoa, Shimon Peres, 93 urterekin hil da. Bihotzekoa izan zuen duela bi aste buruzagi israeldarrak, eta erietxean zegoen geroztik. Goizaldean, haren heriotzaren berri zabaldu eta gutxira adierazi dituzte doluminak AEBetako presidente Barack Obamak eta Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk. Datorren ostiralean egingo diote azken agurra.

Israelgo estatua ahalbidetu zuten politikarien belaunaldikoa da Peres. Polonian jaio zen —egun Bielorrusiaren zati den lurraldean—, 1923ko abuztuaren 2an. 11 urte zituela, 1934an, familia Erresuma Batuaren menpeko Palestinara joan zen, Tel Avivera. Han eman zituen politikagintzarako lehen pausoak ere, eta 1947an Israelgo lehen ministro David Ben Gurionek Haganah talde paramilitarreko arduradun izendatu zuen. Peresen lana zen gerrillarientzat armak lortzea, eta horixe egin zuen Frantziarekin akordioa sinatuta. Hitzarmen horri esker garatu zuen Israelek bere programa nuklearra ere. 

1959an hasi zuen bere ibilbide politikoa, parlamentari kargua hartuta. Hortik aurrera goruntz egiten jarraitu zuen, eta hainbat ministeriotan egon zen. Garai horretan, baita ere, asentamenduen aldeko defendatzaile sutsu bilakatu zen. 1967ko Sei Eguneko Gerraren ostean, eta Defentsa ministro zela baliatuta, Zisjordaniako lehen kokaguneak eraikitzea ahalbidetu zuen.

Nazioartean uso, etxean otso

1993an, Palestinako Aginte Nazionaleko buru Yasser Arafatekin eta Israelgo Barne ministro Yitzhak Rabinekin batera hainbat hilabetez ezkutuan negoziatzen aritu ostean, Osloko Akordioak sinatu zituzten bi lurraldeetako agintariek. Egindako "ahalegina" saritzeko asmoz, Bakearen Nobel saria eman zieten hurrengo urtean hiru buruzagiei. Aldiz, Palestinan askok gaitzetsi izan dituzte akordiook. Izan ere, kokaguneak eraikitzen jarraitzea ahalbidetu zuten, eta, aldi berean, Israelgo estatua onartzera derrigortu zuten buruzagitza palestinarra, haren agintea ahulduz.

Bakearen Nobela eman izanak ez zuen geldiarazi Qana (Libano) bonbardatzea agintzerakoan. 1996ko apirilean amaitu berria zen Hezbollah eta Israelen arteko su-etena. Israelgo armadak ohartarazi zuen bonbardaketak hasiko zituela, eta euren herrietatik alde egiteko agindu zien Libano hegoaldeko herritarrei. Ehunka zibilek NBEk Qanan zuen egoitzara jo zuten aterpe bila. Baina Israelek bonbardatu egin zuen hura ere, eta ehundik gora zibil hil. Garai hartan lehen ministro zen Peresek argudiatu zuen erasoa "akatsa" izan zela. Ordea, gerora egindako ikerketek frogatu zuten Israelgo droneek egunak zeramatzatela NBEren eraikinak aztertzen.  

Gazako erretiratzea eta Zisjordaniako hesia

2002an Ariel Sharon lehen ministro zela, Peresek Atzerri ministro kargua eskuratu zuen, Alderdi Laboristaren eta Sharonen eskuineko Likud alderdiaren arteko koalizioa ahalbidetzearen truke. Kargu horretan zen Peres, gobernuak Gazako okupazioa amaitzea erabaki zuenean. Aldi berean eta tarte berean, ordea, Israelgo Gobernuak Zisjordania inguratzen duen hesia eraikitzen jarraitu zuen, argudiatuta hori zela "eraso terroristei" aurre egiteko "modu bakarra".

2007an Israelgo presidente izendatu zuten, eta zazpi urtez egon zen agintean, 2014an dimisioa eman zuen arte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna