Hilberria

Imanol Urbieta musikari eta irakaslea hil da, 83 urte zituela

Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolako lehenengotariko irakaslea izan zen Urbieta. Dozenaka abesti sortu zituen, besteak beste, MacMikel, Jon Braun eta Ran Rober Ran. Gaur hil da Urbieta, 83 urte zituela. Bideoa: Imanol Urbietaren ibilbidea. (Lara Madinabeitia /BerriaTB)

Berria -

2016ko irailak 28

Imanol Urbieta musikaria hil da, 83 urte zituela. Duela bi urte, omenaldi berezia egin zioten Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolan irakasle eta euskaltzaleari. Hunkituta ageri zen. Izan ere, 60ko hamarkadan hantxe hasi zen Urbieta klaseak ematen, aurrezki kutxan zuen lan erosoa utzita. Haren irakasteko modua ez zen ohikoa: ikasleak zituen inspirazio iturri eta haiek ziren bere abestietako protagonista ere. "Gu hilezkorrak bihurtu gara gizon honen ondorioz", aitortu zion BERRIAri Mikel Biainek, MacMikel abestiko protagonistak. Izan ere, nork ez ditu ezagutzen MacMikel, Jon Braun eta Ran Rober Ran?

Frantziskotarrek utzitako lokal batzuetan eta garajeetan ematen zituzten klaseak hasiera haietan. Lanak izaten zituzten askotan. Frankismo bete-betean, ikasleak eskolatze txartelik gabe ibili ziren hasieran. Gerora, ikastola utzi eta musika eskola zabaldu zuen Urbietak. Ikastolan bere ikasle izandako asko joan zitzaizkion bertara. Adin guztietako ikasleak hartzen zituen han, 500 bat ikasle izateraino. Ikastolan bezala, akademian ere jolasaren bitartean ikasten zuten ikasleek; metologia berritzailea zen hura garai hartan. 

Ondoren, Donostian hasi zen lanean, Donostiako Elizbarrutiko Maisutza Eskolan, eta aldi berean baita Martuteneko ikastolan ere. Han ezagutu zuen Eneko Olarra. Olarrak lau urte zituen orduan, eta ez zuen r-a ondo ahoskatzen. Hari laguntzeko asmatu zuen Urbietak Ran Rober Ran abestia. Kontxi Aizarna emazteak gogoratzen du nola izan zen: "Psikomotrizitatea lantzeko material bat bagenuen, uztai batzuekin lantzen zena. Doinu bat sortu zuen Imanolek uztaiena lantzeko, eta haurrak r-a ahoskatzeko arazoak zitula ikusi zuenean, ran roberra gehitu zion".

Musikari emandako bizitza

Ikasturtea amaituta ere, haurrekin lanean jarraitzen zuen Urbietak. Udan bidaiak egiten zituzten, bai Euskal Herrian eta baita atzerrian ere. BIdaia horiek ordaintzeko hasi ziren diskoak kaleratzen. Haur kantariak izan zen lehena, 1967an Bartzelonan grabatutakoa. 1979an etorri zen Xirula Mirula, eta 80ko hamarkadan Xixupika eta Lau katu eta danbor bat izeneko ikasmaterialak. Euskal Herri osoko ia ikastetxe guztietan erabili zituzten.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna