'Naparra auzia'

Naparraren gorpuzkiak Mont de Marsan inguruan daudelakoan, kasua irekitzeko eskatu dute

Espainiako Auzitegi Nazionalean Jose Miguel Etxeberria Naparra zenaren kasua berriro irekitzeko eskatu du Iñigo Iruin abokatuak, froga gehiago daudelako. "Estatu terrorismoarekin" lotura duen batek eman du informazioa. Uste dute gorpuzkiak Mont de Marsan iparraldean (Frantzia) ehortzita daudela. 1980ko ekainaren 11n desagertu zen Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea; Ziburun hitzordu bat zuen —handik ordubetera dago Mont de Marsan—. BVEk bere gain hartu zuen bahiketa eta hilketa. Bideoa albistearen barruan.

Enekoitz Esnaola -

2016ko urriak 1

Agerraldiko bideoa, Argazki Press.

Espainiarra da Naparra auziko informazio "zehatzaren" iturria; 1970eko hamarkada bukaeran eta 1980eko hasieran ETAren-eta aurkako "estatu terrorismoarekin" lotutako pertsona bat, Iñigo Iruinek Donostian esan duenez. Hain zuzen, Iñaki Errazkin kazetariari eman dio Jose Miguel Etxeberria Alvarez Naparra zenari buruzko "informazioa eta dokumentazioa"; lehen aldiz, iazko urte bukaeran, eta, aurten berriro, "xeheagoa", abokatuak nabarmendu duenez. Errazkinek iazko abenduan Iruini helarazi zizkion informazioa eta dokumentazioa, eta aurtengo ekainean ere bai, xehetuago hori. Iruinek orduan jo zuen Paco Etxeberria auzi medikuarengana eta Euskal Memoriara. Iturriak emandako hariari jarraituz, uste dute gorpua Mont de Marsan (Frantzia) ondoko udalerri bateko haritzen paraje batean dagoela. Hala agertu dute prentsaurrekoan Iruinek, biktimaren anaia Eneko Etxeberriak eta Paco Etxeberriak. 1980an desagertu zen Naparra Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea, 22 urte zituela. Ziburun (Lapurdi) hitzordu bat zeukan. Orain auzia berriro irekitzeko "nahikoa oinarri" badela adierazi du Iruinek. Eskaera hori egin zien atzo Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzari eta instrukzio auzitegiari –Ismael Moreno epaileari–. Nolanahi ere, eta gorpuzkiak aurkitzeko "itxaropena" badutela azpimarratu arren, "zuhurtzia" eskatu du abokatuak. 

Errazkinek Iruini azaldu zion Hego Ameriketan bizi den eta "estatu terrorismoarekin" lotura duen pertsona batek –espainiarra da– jakinarazi ziola Naparra hil eta desagerrarazi egin zutela. Iruinek badaki zein den pertsona hori, baina ez du haren izenik eman jendaurrean. Paco Etxeberriaren arabera, iturriak zehatz eman du Naparraren gorpuzkiak dauden tokiaren berri. "Esan du Naparra hil egin zutela eta non lurperatu zuten". Iturriak aipatutako tokira joan ziren Etxeberria eta Iruin udan, eta "informazioaren zehaztasunari esker" ingurua erraz topatu zuten –tokiaren berri ere ez dute eman jendaurrean–. Auzi medikuak txostena egin zuten abuztuan. Sinesgarritasuna ematen diote informazioari, aurretik zeuden informazioekin bat datorrelako –BVEk bere garaian bost aldiz aldarrikatu zuen hilketa, eta haietako ohar batean Mont de Marsanen aipamena egin zuen–.

Iruinek esan du Errazkini informazio hori eman zion pertsonaren ezaugarriengatik "zuhur" ibili behar direla –bera ez da harekin egon–, baina gaineratu du kasuaz zerbait argitzekotan "estatu terrorismoarekin" lotura duten iturrien aztarnei jarraitu beharko dietela.

Orain, toki zehatz hartan gorpuzkiak dauden edo ez ikusi nahi dute, bilaketa lanak eginda, eta horretarako baimenak lortzeko ezinbestekoa dute auzia irekitzea. Lehendabizi, Frantzian auzia irekitzeko eskatu zuen Iruinek, Baionako epaitegira joanda, baina han erantzun zioten auzia iraungita dagoela 1992tik, han halako kasuak hamar urtean iraungintzen direlako –1982an artxibatu egin zuten kasua–. Espainiara jotzeko aholkua eman zioten Iruini, eta halaxe egin zuen. Irailaren 5ean jo zuen lehen aldiz Auzitegi Nazionalera, Javier Zaragoza fiskalburuarengana, eta honek irekiera eskaera babesteko prestasuna agertu zion. Espainiako Justizian kasua ez dago preskribatua, duela urte batzuk sartutako kereila batek ahalbidetu duelako auzibideak segitzea. Iruin atzo izan zen auzitegian, Moreno epaileari zein fiskaltzari auzia irekitzeko eskatzeko. Auzitegi Nazionalak auzia irekiko balu, hark eskatu beharko lioke Frantziari ustez Naparra dagoen inguruko lurrak ikuskatzeko baimena.

Espainiako Estatuak Naparra ez dauka terrorismoaren biktima gisa aitortua. Bi aldiz ukatu du eskaera.

Biktimaren anaia Eneko Etxeberriak eskerrak eman dizkie urte hauetan euren ondoan izandako denei.

Ziburun ikusi zuten azken aldiz

Naparra (1958, Iruñea) Ziburun ikusi zuten azken aldiz, 1980ko ekainaren 11n. Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea zen, eta, hasieran atxilotua zutela uste arren, laster piztu zen gerra zikinaren alarma: Baionako polizia etxean zuten iheslaria ez zen Naparra. Laster agertu zen haren autoa, Ziburu inguruan, jendarmeria batetik gertu. BVE Batallon Vasco-Español taldeak bere gain hartu zuen bahiketa, eta hilaren 30eko komunikatuan esan zuen bahitua exekutatu eta Xantako inguruan lurperatu zutela. Senideak aritu ziren gorpuaren bila, urpekari eta guzti. Baina ezer ez.

Uztailean, BVEk jakinarazi zuen mapa bat helarazi zuela Baionako suprefeturara, gorpua non zegoen azaltzeko. “Badakigu jaso dutela eta suprefetak jakinaren gainean jarri duela Frantziako Gobernua”, idatzi zuten agirian. Handik astebete ingurura, esan zuten bi jendarmek gorpua hartu eta Dax ingurura eraman zutela. Mont de Marsan ere aipatu zuten beste aldarrikapen batean.

Frantziako auzitegiek 1982an utzi zuten bertan behera ikerketa, zantzu berriak agertu artean. Geroztik, ez dute ezer egin. Espainiako Auzitegi Nazionalean 1999ko urrian jarri zuten salaketa senideek, eta hainbat lekuko deklaratzera deitzeko eskatu zuten. Tartean, desagertzea gertatu zenean “borroka antiterroristaren” arduradun zirenak: Jose Antonio Saenz de Santamaria, Espainiako Poliziaren buru izana; Antonio Gonzalez Pacheco Billy el Niño, inspektore izana; Manuel Ballesteros MULC Borroka Kontraterroristaren Zuzendaritza Bakarraren gidaritzan aritua...

Gerra zikina ikertu zuten Cambio 16 taldeko Jose Diaz Herrera eta Rafael Cidek ere hitz egin zuten epaile aurrean. Haien arabera, Naparraren desagertzean nahastuta zegoen BVEn aritutako Perret anaien taldea, baina Ismael Moreno instrukzio epaileak uko egin zion haietako bat auzitegira deitzeari, eskaera "lekuz kanpokoa, premiarik gabekoa, alferrikakoa eta bidegabea" zela esanda. 2004an, artxibatu egin zuen kasua, eta hori berretsi zuen Angela Murillo epaileak. "Ez da frogatu, ezta zantzuekin ere, Jose Miguel Etxeberriaren desagertzea delitu izan zenik", esan zuen Morenok. Alegia, ez zela desagertze behartua izan, eta are gutxiago talde "terrorista" batek eragindakoa.

2014ko irailaren 19an Nazio Batuen Erakundean (NBE) ikusi zuten argi pixka bat familiakoek. NBEko desagertze behartuen batzordeak ondorio argiak helarazi zizkion Naparraren anaia Eneko Etxeberriari, Genevan egindako bileran: Naparrarena desagertze behartua izan zen, eta kasuak irekita jarraitu behar du, gutxienez gorpua agertu artean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna