Kilometroak

Giro bikaina eta parte hartze handia Kilometroetan, Bergaran

Aranzadi ikastolak antolatu du festa, eta ikastetxeko obrak ordaintzeko erabiliko dute dirua. Datorren urtean Oñatiko Txantxiku ikastolak antolatuko du jaia.

Garikoitz Goikoetxea -

2016ko urriak 3

Parte hartze handiarekin eta giro bikainean egin dituzte Bergaran Kilometroak, Gipuzkoako ikastolen aldeko jaia. Gustora agertu dira Aranzadi ikastolako arduradunak ere: "Aurreikuspenak bete egin dira eta baita gainditu ere. Ederra izan da hasierako ekitaldia, eta herri eragileek presentzia nabarmena izan dute bertan".

Demasa lelopean egin dute festa aurten. Horri "aniztasuna" erantsi nahi izan diote, "horrek egiten baitu demasa". Adin desberdineko herritarrak, jatorri ezberdinekoak, pentsaera ezberdinekoak... Horiekin osatu dute jaia, antolatzaileek adierazi dutenez. Esaterako, Haurren Basoa diseinatzen umeak aritu dira, eta zirkuitua elbarrientzat ere prestatu dute, Aspace taldearekin elkarlanean. Bi zirkuitu izan dira. Hori da jaiaren berritasunetako bat. Zirkuitu nagusia, bost kilometrokoa, herrigunean jarri dute, eta ezinduentzat prestatua egon da. Beste zirkuitua mendi ingurutik pasatu da, inguruaz gozatzeko.

Aranzadi ikastolak antolatu du aurtengo festa. 2010ean "obra handiak" egin behar izan zituzten, eta pagatu gabe dago orduan egindako zorra. Horretara bideratuko dute dirua. Egitarau oparoa prestatu dute, "bai haurrentzat, bai gazteentzat, bai helduentzat". 

Bergarara garraio publikoan joateko deia eginz zuten; batez ere, autobusean. Inguruko herritarrei gonbita egin diete bizikletan joatera, propio aparkalekuak jarri baitituzte. Eta herritarrek bat egin udte antolatzaileen deiarekin. "Autobusentzako edota ibilgailuentzako aparkalekuak bete egin dira, eta asko izan dira bizikletan hurbildu direnak ere", nabarmendu dute antolatzaileek.

40. urtea, eta gogoeta

Kilometroen 40. aldia izan da aurtengoa. Antolatzaileek jakinarazi dute gogoeta prozesu bat martxan jarri dutela, Kilometroak bidea izenburupean. Jaiaren geroaz erabakitzeko prozesua zabaldu dute horrekin. Festa "berrasmatzea" dute helburu. Lehenbiziko bilerak egin dituzte gaiari buruz, baina erabakiak ez dituzte berehala hartuko: "hiru-lau urte" iraungo du prozesuak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna