HASSANNA AALIAREN AUZIA

Hassanna Aalia ekintzaile sahararrari asilo eskubidea aitortu dio Espainiako Auzitegi Nazionalak

Agerraldi bat egin du CEAR Euskadik, errefuxiatu sahararrarekin batera, auzitegiaren erabakiaren berri emateko. Babesa eman diotenei eskerrak eman dizkie Aaliak. Espainiak helegitea jar dezake.

Hassanna Aalia, bere asilo eskubidearen alde iazko urrian eginiko manifestazioan. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS
2016ko urriaren 5a
07:46
Entzun

Euskal Herrira iritsi eta bost urtera, Espainiako Auzitegi Nazionalak asilo babesa aitortu dio Hassanna Aalia aktibista sahararrari. Agerraldian azaldu dutenez, Aaliak eta harekin batera epaitutakoek Rabateko auzitegi militarrean izandako auzibidea zuzenbidearen kontrakoa dela esan du Auzitegi Nazionalak. Javier Canivell Aaliaren abokatuak zehaztu duenez, Espainiako Barne Ministerioak Aalia kanporatzeko emandako ebazpena ere legez kanpokotzat jo du auzitegiak.

Pozik agertu da Aalia: "Etengabeko borrokan ibili gara bost urtean eta azkenean lortu dugu". Eskerrak eman dizkie familiari, CEAR Euskadiri eta babesa agertu dioten eragile sozial, sindikal eta politikoei. "Denon lorpena da; guztiok irabazi dugu borroka". Dena den, penatuta agertu da errefuxiatu estatusa lortzeko epaitegietara jo behar izan duelako. Era berean, harekin epaitu zituzten ekintzaile sahararrak izan ditu gogoan: "Auzitegi Nazionalak aitortu du gure epaiketa bidegabea izan zela, zuzenbidearen kontrakoa".

Canivell abokatuak azaldu du Espainiako Gobernuak 30 eguneko epea daukala helegitea aurkezteko. Dena den, itxaropena dute halakorik ez gertatzeko. Bide batez Espainiak errefuxiatuekin duen jarrera salatzeko aprobetxatu dute agerraldia; baita Europako Batasunak Turkiarekin duen akordioa gaitzesteko. "Errefuxiatuek seguru iristeko eskubidea dute, itsasoan hil gabe eta hesirik gainditu beharrik gabe". Asilo politika "zentzuduna eta solidarioa" eskatu du Canivellek.

Bost urte zain

17 urterekin murgildu zen Sahararen eskubideen aldeko borroka baketsuan Hassana Aalia (Aaiun, 1989). 2011ko urrian heldu zen Euskal Herrira, hiru hilabete pasatzera, eta oraindik ez da etxera itzuli. Ikasketa beka batekin etorri zen Mendebaldeko Saharatik. Egonaldia amaitu gabe zela, Rabateko (Maroko) auzitegi militar batek bizi guztiko kartzela zigorra ezarri ziola jakin zuen. Gdeim Izikeko kanpalekuko bake protestan parte hartzea eta polizia marokoarrei eraso egitea egotzi zioten. Torturak ez ezik, defentsarako eskubidea ere urratu zaiola salatu dute giza eskubideen elkarteek.  

Espainiak ukatu egin zion asiloa. 2015eko urtarrilaren 19an ukatu zion babes eskubidea Aaliari Espainiako Barne Ministerioak, eta hamabost egunen buruan Espainiako Estatutik alde egin behar zuela ohartarazi zion. Auzitegi Nazionalak, ordea, behin-behinean bertan behera utzi zuen hura kanporatzeko agindua, babes helegitea aintzat hartzea erabakita.

Iazko urrian, berriro eten zuen Auzitegi Nazionalak Aaliaren kanporatzea. Hilabete horretan bertan, kalez jantzitako poliziek tren batean atzeman zuten, eta 48 orduan alde egiteko agindu bat eman zioten. Horren aurka protesta egiteko, ehunka lagun elkartu ziren Bilbon, eta Aaliaren asilo eskubidea defendatu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.