Aieteko konferentzia: 5. urteurrena

Rufi Etxeberria: "ETAren eta Espainiaren konpromisoen isla bat zen Aieteko Adierazpena"

Sortuko kideak hainbat gairi buruz hitz egin du BERRIArekin Aieteko Adierazpenaren 5. urteurrena dela eta. Ale batzuk: "Estrategia politiko-militarra oztopo bilakatu zitzaigun"; "Kongresuko 2012ko akordioarekin EAJk PPri lagundu zion gatazkaren konponbideak ibilbiderik izan ez zezan"; "presoen kolektiboak beti erabili izan du legedia, eta legedia bete ez duena gobernua izan da"; "datozen bi urteak oso garrantzitsuak izango dira prozesu subiranista indartzeko, eta hura indartzen ari den neurrian gatazkaren ondorioetan ere urratsak egiteko".

Rufi Etxeberria Sortuko kidea, joan den urriaren 12an, Donostiako Bakearen Etxearen aurrean, Aieten.
Rufi Etxeberria Sortuko kidea, joan den urriaren 12an, Donostiako Bakearen Etxearen aurrean, Aieten. Juan Carlos Ruiz/Argazki Press

Enekoitz Esnaola -

2016ko urriak 16

Kolonbiatik etorri berritan hartu zuen Rufi Etxeberriak (Oiartzun, Gipuzkoa, 1959) BERRIA, Donostian, Sorturen egoitzan, urriaren 4an. Bake akordioaren izenpetzearen lekuko izan zen, Urko Aiartza alderdikidearekin batera, baina gero etorri zen ezustea: erreferendumean ezetza nagusi, doi-doi. Dena dela, elkarrizketa honetan hizpide Euskal Herriko gatazka izan du, ordu eta erdi batean. Argazkiak Donostiako Bakearen Etxe aurrean atera zituen, Aieten, handik egun batzuetara: urriaren 12an, Hispanitate Egunean; lan eguna zuen Sortuk.  

Non hasi zen Aietekoa?

Testuinguru batean sortu zen Aietekoa. Ezker abertzaleak 2009-2010ean estrategia aldaketa egin zuen, jarduera armatuaren zikloa amaitutzat jo, eta soilik bide politiko eta demokratikoen alde eginez. 2010eko otsailean islatu zen hori, Zutik Euskal Herria ebazpenean. Ezker abertzaleko mugimendu osoak egin zuen apustu hori, eta, erabakia hartuta, ezker abertzale osoan ezarri behar zen. ETAk esan zuen entzun zuela ezker abertzalearen ahotsa eta horren arabera jokatuko zuela. ETAk ere egin zuen barne eztabaida bat; 2011rako egina zuen, eta Aietekoa 2011ko urrian izan zen.

Nazioarteko bitartekariengana jo zenuten garai hartan ere.

Barne eztabaida prozesuari ekin geniola adierazteko agerraldi bat egin genuen 2009ko azaroaren 14an, Altsasun, eta orduko azaroan egin genuen prozesu horretako lehen bilera nazioarteko bitartekariekin. Tartean, Powellekin.

Euskal Herrira etorri al ziren Jonathan Powell eta?

Bai.

2005-2007 bake prozesuan Powell ere ibili zen tartean. Prozesu hura bukatu zenetik 2009ko azarora arte nazioarteko bitartekariekin egon gabe al zeundeten?

Aurreko prozesua hautsiz geroztik ere egon ziren harremanak haiekin. 2008an, adibidez; eta Bateragune auziko operazioa [2009-10-13] egin aurretik ere bai. Nazioartekoek bazekiten ezker abertzalea zer gogoetekin zebilen, bazuten informazioa. Baina haien parte hartzea 2009ko azaroan hasi zen, ezker abertzaleak nora jotzen zuen jakin zutenean. Barne eztabaidako txostena publiko egin genuenean etorri ziren lehen aldiz Euskal Herrira. Txostenak zioena haientzat bazen zerbait, eta prest zeuden etor zitekeen horretan sartzeko.

Berehala, jendaurreko pausoak egin zituzten nazioarteko eragileek.

Adibidez, Bruselako Adierazpena, 2010eko martxoan. Oso garrantzitsua izan zen. Gauzak aurrera zihoazen, eta garrantzitsutzat jotzen zuten konferentzia bat edo antzeko zerbait egitea.

2007an zeuk esana da ordu arteko "negoziazio eta estrategia eredua agortua" zegoela. 

Ezker abertzaleak gatazkaren konponbiderako historikoki alde biko apustua egin zuen, Espainiako Gobernuarekin akordioa bilatuta. 1989an Aljerko saioa egon zen, 1998an Lizarra-Garazi etorri zen, eta, hango atal bat EAJrekin eta EArekin zeuden akordioak izan arren, beste atal bat ireki zen PPren gobernuarekin gatazkaren atalari heltzeko. 2005-2007koa izan zen hirugarren ahalegina. Aurreko biek porrot egin zuten, eta hirugarren horrek, besteek ez bezala, garapen handiagoa eduki zuen. 2006an Loiolako zirriborroa egon zen, mahai politiko baten bueltan PSEk, EAJk eta guk adostua. Zirriborroa ez zen garatu. Ardura ezberdinak zeuden, baina bazegoen bat ezker abertzalearena, eta hauxe zen: negoziazio prozesuaren ezaugarritzea egiteke genuen. Hau da, negoziazioa prozesu baten gisara hartzea, garapen gisara, edo hasi eta buka. Bestetik, estrategia politiko-militarrarekiko sakoneko eztabaida bat ere egiteke zeukan ezker abertzaleak. Horrez gain, munduan 2001ean Dorre Bikiena gertatu zen, askapen prozesuekiko egoera zehatz bat ematen ari zen… 2005-2007an ere porrota izan zen, egin gabe genituelako gure eztabaida horiek. Aipatu duzun esaldira joz, ni egon nintzen 2006an Loiolan eta 2007an Genevan, eta, hura dena bertatik bertara bizi izanda, egia da Genevatik bueltan esan genuela ordu arteko negoziazio eta estrategia eredua agortua zegoela. Genevan bertan esan genuen ja hori, eta gero ere bai, bueltako bidaian eta.

Aldaketa zetorren.

Ikusita bi eztabaida haiek egitea falta zela, mundu mailako errealitatea eta Espainiako Estatuaren jarrera, aurrera begirako prospektiba bat egin genuen, eta, ondorioz, kasik ezinezkotzat jo genuen berriro halako negoziazio prozesu batera heltzea.

Prospektiba hori zergatik ez zenuten urte batzuk lehenago egin?

Politikan beti hautuak egiten dira. Azterketak egiten dira, zuzenak ala okerrak, eta, ondoren, hautuak. Garaian-garaian faktore ezberdinak egoten dira. Aljerren eta Lizarra-Garazin, prozesuak hautsi eta estrategia politiko-militarrarekin segitzea erabaki zen, estatuarekin konfrontazio batean sartzea, berriro alde biko norabide batean. 2005-2007an ere bai, baina ordurako ezker abertzalean bazegoen eztabaida bat.

Azkar egin zen guztia.

2007an batzuok egina genuen gogoeta hori, eta ezker abertzalean bere osotasunean geroago etorri zen, baina nahiko azkar egin zen, egia esan. Geneva eta berehala Otegi atxilotu zuten, Segurako operazioa egon zen, gero beste batzuk, 2008ko abuztuan Otegi atera zen kartzelatik… 2008an ezker abertzalean jada bazegoen kezka handi bat: “Estrategia honek ba al du etorkizunik?”. 2005-2007an ez zegoen eztabaida hori egituratua, baina ez pentsaera hori ez zegoelako. Bazegoen. 2007ko hausturaren ondoren, gogoeta hori indartu egin zen, azkartu. 2008an galdera hori nabarmena zen ezker abertzaleko zuzendaritzetan. Eta horren ondorioa izan zen 2009ko udatik aurrera egindako eztabaida egituratua.

Ezker abertzalearen aurkako legez kanporatzeak zenbaterainoko garrantzia izan zuen? 2002an onartu zuten Espainiako Alderdien Legea. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 2009ko ekainean berretsi egin zuen, eta Arnaldo Otegik esan zuen hori “katastrofe bat” zela ezker abertzalearentzat.

Estatuak erabili zuen estrategia bat zen, ezker abertzalea ahultzeko. Guretzat, ordea, erabakigarria ez zen izan legez kanporatzea, baizik eta estrategia aldatzeko gogoeta eta apustua. Egoera berri bat ireki nahi genuen, indarrak metatu, estatuarekiko indar harremanak aldatu. Legez kanporatzeak egoera zail batean jartzen zuen ezker abertzalea, baina gotortu gintezkeen, ezker abertzaleak irauteko gaitasuna izan zezakeelako, baina gu inoiz ez gara egon irauteko, baizik eta errealitate berriak irekitzeko, prozesu independentista bat egiteko, eta hori zen aldaketaren funtsa. Galdetzen genuen orduan: "Orain arteko estrategiak emango al digu egin nahi dugun hori egiteko aukera?". Eta ondorioa izan zen ordu arteko estrategia oztopo bilakatu zitzaigula.

Zu 2009ko irailean atera zinen kartzelatik, bi urtean preso egon ondoren. Hilabete batera etorri zen Bateraguneko operazioa. Zu ere atxilotu zintuzten LABen Donostiako egoitzan, baina libre geratu zinen. Ezker abertzalearen gogoeta prozesuari heldu zenion buru-belarri. Animo aldetik-eta nola zeunden garai hartan?

Kartzelan nengoela eztabaidaren jakitun banintzen; banekien zuzendaritzetan eztabaida bat eman zela eta ondorioak zein izan ziren, banekien oso eztabaida sakona egiteko asmoa zegoela, diferentziak zeudela, kontrakotasunak zeudela, erresistentziak zeudela, baina hori dena oso azaletik nekien, kartzelan bainengoen. Atera nintzenean horren berri gehiago izan nuen.

2009ko urtarrilean, artean preso zinela, Ibarretxek Batasunarekin eta PSErekin egindako elkarrizketen auziko epaiketan, EAEko Auzitegi Nagusira eraman zintuzten, eta han zen Otegiri ere. Baliatu al zenuten denbora barne eztabaidaz hitz egiteko?

Ordubete-edo izan genuen elkarrekin egoteko, eta ezker abertzaleko eztabaidaz jo eta su aritu ginen. Une hartan zuzendaritzen arteko eztabaida bizi-bizi zegoen. Norabidea ordurako argia zen, eta bazegoen premisa bat: ezker abertzaleak eztabaida hura era batuan eta batasunaren parametrotik egin behar zuela.

Imanol Murua Uriaren Ekarri armak liburuan (2015) aipatzen duzu zuen beldurra barne haustura gertatzea zela.

Mugimendu politiko guztiek garrantzi handiko eztabaida bat dutenean mahai gainean, haien beldurra izaten da haustura gertatzea, eta barne kohesioari ematen diote lehentasuna. Guk ere bai. Ezker abertzaleak gaitasuna izan du halako aldaketa bat gertatu eta, neurri handi batean, barne kohesioari eusteko.

Pixka bat lehenagoko galderari helduz, kartzelatik irten berritan eztabaidaren ardura hartu zenuen.

Otegi-eta kartzelan sartu zituzten, eta ni libre atera nintzenean Segurako auzikoak barruan zeuden oraindik. Hala ere, ezker abertzalean bazegoen jendea eztabaidaren prozesua aurrera eramateko; gehienak, gazteak. Beste hainbatekin buru-belarri inplikatu nintzen.

Eta, segituan, Powell hartu zenuen.

Bai. Beste bi lagunekin etorri zen. Powellen izena esan daiteke. Besteek nahiago izaten dute euren izena ez ateratzea jendaurrera.

Zer zioen Powellek ezker abertzaleko eztabaidaz?

Batera azkena 2007ko maiatzean egon ginen, Genevan, eta azaldu genion ordutik ezker abertzalean egindakoa, nora gindoazen, zer asmo genituen. Haiek prestasun osoa agertu zuten prozesu horretan euren esku zegoena egiteko. Lehen pertsonan ezagutu nahi zuten eztabaida estrategikoa. Lehen esan bezala, Powell-eta 2008an ere egon ziren ezker abertzaleko jendearekin, Euskal Herritik kanpo. Bazekiten ezker abertzalea zertan zebilen eta zertara zihoan, eta 2009ko azaroan hona etorri ziren.

Brian Currinekin ere bazenuten harremana, aspalditik.

Bai. Bruselako Adierazpenean Currin izan zen protagonismoa hartu zuena. Horrek ez du esan nahi Bruselakoa sinatu ez zuten beste batzuek ez zutenik parte hartu edo ez zekitenik. Gu nazioarteko eragile eta fundazio desberdinekin egon izan gara, eta jende honek lan desberdinak egiten ditu, baina badute euren artean harreman bat; batzuek protagonismo mota bat izan dute, besteek beste bat… Ez dago departamentu finko bat. Aietera batzuk agertu ziren, beste batzuk ez. Bruselako Adierazpenean, berdin. Nolabait esanda, rol desberdinak dauzkate.

Paul Riosek dio Bruselako Adierazpenaren ondoren Espainiako Gobernua sinatzaileei banan-banan deitzen aritu zela.

Egia da.

Nazioarteko bitartekariekin norekin zenuten harreman iraunkorrena?

Denekin. Ez nuke diferentziarik egingo. Hona gehien etorri dena Currin izan da. 2011ko otsailean, gainera, Harremanetarako Nazioarteko Taldea eratu zuten Currinek-eta, eta harreman estua izan dugu harekin. Baina harreman mota desberdinak izan ditugu eragileekin, eta kualitatiboki ez nuke alderaketa bat egingo.

Zu 2009ko irailean kartzelatik irten zinenean, PSE-EE zegoen Jaurlaritzan eta PSOE Moncloan. Jesus Egigurenekin biltzen hasi zinen, baina gero, 2010etik aurrera-edo, batez ere Rodolfo Aresekin, ezta?

Bai. Egigurenekin lehendik bagenuen harremana, konfiantza bat bazegoen, eta jarraitu egin genuen hizketan. Baina PSEren Jaurlaritzarekin hitz egitean, Aresekin bildu izan ginen.

Moncloarekin harremanik ba al zenuten?

Ez.

Baina Moncloa informatuta zegoen.

Bai. Aresek pasatuko zion [Alfredo Perez] Rubalcabari informazioa. Horrez gain, nazioarteko eragileek ere bazuten harremana Rubalcabaren taldearekin. 2005-2007ko prozesuan nazioarteko eragileek Rubalcabaren talde harekin harreman zuzena izan zuten. Ezker abertzaleak estrategia aldatu zuen garaian Rubalcabaren talde horrek segitzen zuen, eta nazioartekoek haiengana jotzen zuten. Orduan landutako konpromisoak talde horrekin landu zituzten. Nazioartekoek, aldi berean, ETArekin ere bazuten harremana. ETArekin eta Madrilekin 2010ean jadanik bazuten hartu-emana. Nolabait, bisagra bat ziren. Gurekin ere bazuten harremana, eta beste eragile batzuekin ere bai.

EAJrekin, adibidez.

Bai.

Eta zuek EAJrekin harremanik ba al zenuten?

Bai. Ezker abertzalearen prozesuaren berri ematen genien, iritzi trukatze bat egiten genuen, baina gehiago ez, egia esan. EAJk ez zeukan EAEn gobernu ardurarik orduan, eta bion artean ez zegoen lan eremu edo elkarlan bat.

Noren ideia izan zen Aieteko Nazioarteko Konferentzia egitea?

Neurri handi batean, nazioarteko eragileen ideia izan zen. Alde biko zerbait egiteko baldintzarik ez zegoenez, ETAren eta gobernuaren arteko akordiorako prozesurik irekitzerik ez zegoenez, nazioartekoak bide bereziago bat erabiltzen saiatu ziren. Haientzat ez zen horrelako lehen esperientzia izango, lehen ere egin zituztelako tankerakoak. ETAri eta gobernuari proposamena egin zieten: parte bakoitzak nazioarteko eragileokin hartu konpromisoak, eta konpromiso horiek izan daitezela zerbait ahalbidetuko dutenak. Zer zen zerbait hori? Konferentzia.

Sortuk ere esan izan du bazela konpromisoen idatzi bat.

Aieteko konferentziaren aurretik orri erresultante bat egin zuten, eta hamasei konpromiso zeuden.

Zuek zenbaterainoko informazioa zenuten?

Guk bagenekien harreman dinamiko bat zegoela, zertan ari ziren eta gerora konferentzia bat egiteko asmoa zegoela. Guk ekainerako-edo bagenekien bazetorrela konferentzia bat. Artean ez genekiena zen justu noiz egingo zen. 

2011ko irailerako aurreikusi zuten orduko udaberrian, esaten denez.

Azkenean, 2011ko urrian egin zen. Zapateroren gobernua egoera zail batean sartu zen, eta nazioarteko eragileek ezinbesteko jotzen zuten konferentzia gobernuan PSOE zegoen bitartean egitea.

Berez, 2012ko martxoan tokatzen ziren Espainiako hauteskundeak, baina Zapaterok, krisiagatik-eta, 2011ko azaroaren 20ra aurreratu zituen. 2011ko uztailaren bukaeran iragarri zuen aurrerapena.

2011ko uda baino lehenxeago nazioarteko eragileek aurreikusten zuten Espainiako hauteskundeak 2012an izango zirela, eta esaten zuten batekin eta bestearekin [ETArekin eta Espainiako Gobernuarekin] konpromisoetara heltzeko bazutela denbora bat, eta, ondorioz, konferentzia bat egiteko ere bai; gero, adostutako konpromiso horiek gauzatzen hasteko. Baina Zapaterok hauteskundeak aurreratu zituen. 

Ezustea zuentzat?

Argi zegoena zen Zapateroren gobernua gain behera zihoala eta gobernu aldaketa bat egongo zela. Denok ikusten genuen hori. Hauteskundeak aurreratzeak jokaleku berri batean jartzen gintuen. Zapaterok gero gobernu berriari azalduko zizkion hartutako konpromisoak-eta, baina galdera nagusia zen: gobernu berri horrek, PPrenak, zer egingo du Zapaterorenak nazioarteko eragileekin hartutako konpromisoekin? PPk hauteskunde kanpaina hartan esana zuen ilegalizazio garaira bueltatu nahi zuela [2011ko maiatzean Bildu koalizioak izan zuen aurkezterik]. Baina herri honetan errealitate berri bat irekitzeko, edo ausardiaz jokatzen zen eta PP baldintzatzeko ahalegina egiten zen, edo, bestela, egoerak okerrera baino ezin zezakeen egin. Ezker abertzaleak eta nazioarteko eragileek esan zutena izan zen konferentzia egin behar zela. Ezker abertzaleak bere erabaki denak hartuak zituen, ezker abertzaleak alde bakarreko erabakiak hartuak zituen, ETAk bere erabakia hartua zuen eta nazioarteko eragileei helarazia zien, eta hori eszenaratzera joan nahi genuen, horrek PP baldintzatzeko.

Aietekoa egiteko, egongo zen Espainiako Gobernuaren baimena, ezta? Segurtasun kontuagatik eta.

Aurretik esan bezala, informazioa bazuen.

Aipatzen diren konpromiso horiek noiz adostu zituzten?

Azken unera arte aritu ziren lantzen. Itxi, itxi, irailean itxiko zituzten. Gainera, gauza batzuk irekita geratu ziren; gobernuarekin zenbait puntu zintzilik geratu ziren. Guri urriaren hasieran pasatu ziguten dokumentua.

Aieteko konferentziatik Mariano Rajoy Moncloan jarri arte bi hilabete pasatu ziren. PSOEk zer egin zuen bi hilabete horietan?

Zapaterok, PSOEk eta PSEk eskuak erabat garbitu zituzten. ETAk urriaren 20an atera zuen agiria, eta haiek gero jokaera arduragabea izan zuten. Urriaren 20tik aurrera egin zutena izan zen: hauteskundeak egin arte egon; gero PPri zer zegoen jakinarazi ofizialki, nahiz eta PPk aurretik bazekizkien gauzak; Oslon ETAren ordezkaritza bat zegoela egiaztatu zioten PPri; nazioarteko eragileekin zer-nolako konpromisoak hartu zituzten ere bai, eta, nonbait, konpromisoen garapenerako gonbita egin zioten. Ezker abertzaleari eta nazioarteko eragileei komunikatu ziguten hori egin zuela. PSOEk konpromiso bat bera ere ez zuen garatu. PSOEren gobernuak egin zuen gauza bakarra izan zen bere bitartekoak erabilita urriaren 20koaren ondoren ETAren ordezkaritza bat Oslora eramatea ahalbidetzea.

2012ko martxoan izan balira hauteskundeak...

Denbora bat egongo zen, baina zaila da erantzuten. Noraino iritsiko zen Zapatero? PPren sekulako presiopean zegoen haren gobernua.

2012ko otsailean Espainiako Kongresuak ETAri desegitea eskatu zion ebazpena onartu izana kritikatzeaz gain, garrantzi handia eman zenioten, EAJk bat egin zuelako PPrekin eta PSOErekin –eta CiUrekin–, aurrez ebazpena hitzartuta.

PPk egoera berri bat ireki beharra zeukan, Aietek ikaragarri markatu zuelako. PPk zeukan asmoa zailago bihurtu zen Aieterekin eta ETAren erabakiarekin. Beste itun bat beharrezkoa zuen PPk, eta Kongresuko ebazpen horretara joan zen. EAJ ere sartu zen. PPk hori izan zuen babesik handiena Aiete albo batera uzteko eta Kongresuko akordioaren barruan jokatzeko. Hau da, immobilismorako argudio perfektua izan zen ebazpen hori. EAJri eskatu zitzaion azalpen bat emateko, baina ez zuen esplikazio argirik eman. EAJk zioena izan zen bera Aieten zegoela, gatazkari irtenbidea emateko posizioan zegoela eta Kongresukoa ez zuela ikusten Aietekoaren kontrako modura. Gero errealitatea izan da hala izan dela. EAJk berak ere Madrilen ate guztiak itxita aurkitu ditu, eta kexatu izan da PPk ez diolako kasurik egin. Baina PPk, ateak ixteko, Kongresuko 2012ko otsaileko akordioa baliatu izan du. EAJk PPri lagundu zion ateak ixten. Gatazkaren konponbideak ibilbiderik izan ez zezan, Kongresuko akordioa izan zen giltza, eta EAJk giltza hori esku-eskura jarri zion PPri.

Aieteko Nazioarteko Konferentziara joz berriro (2011-10-17), adierazpena ordurako egina al zegoen?

Bai, egina zegoen.

Ezker abertzaleak noiz jaso zuen?

Aurreko egunean irakurri genuen. Ingelesez zegoen dokumentua. Nazioarteko sei eragileek jorratutako adierazpena zen, eta hona etorri zirenerako egina zegoen. 

Zein zen adierazpenaren funtsa?

Nazioarteko eragileek ETArekin eta Espainiako Gobernuarekin adostuta zeuzkaten konpromisoen isla bat zen Aieteko Adierazpena.

Nazioartetik puntako jendea etorri zen.

Bai, baina Tony Blair ere etortzekoa zen. Ez zen etorri, eta, haren ordez, Kofi Annan etorri zen. Azaldu behar da aldaketa hori: Blair ez zen etorri, Rubalcabak nahi izan ez zuelako. Rubalcabak azken orduan oztopatu egin zuen Blairren presentzia. Behartu egin zuten ez etortzera. Zapaterok Blair etortzearen aldeko hitza eman zuen, baina gero Rubalcabak bitarteko ezberdinak erabili zituen Blair etor ez zedin. Rubalcabak Aieten ez zuen nahi Blairren tamainako estatu-gizon baten presentzia izaterik, batez ere Aieteri Europako eta nazioarteko dimentsioa murrizteko. Rubalcaba da Blair etorri ez izanaren arduradun nagusia. Nazioartekoek orduan Annan ekarri zuten Blairren ordez. Beste bostak lotuta zeuden; nazioarteko eragileek osatu zuten taldea.

Rubalcaba aipatu duzula, Frederique Espagnacek kontatzen du Rubalcabak urriaren 19an François Hollanderi eta biei iragarri ziela hurrengo egunean atera zezakeela ETAk agiria.

Nazioarteko eragileek zioten komeni zela [ETAk agiria plazaratzea] konferentzia egin eta egun gutxira, ahal zen eperik laburrenean, betiere astebete baino lehenago, gizartean eta nazioarteko komunitatean zalantzarik ez sortzeko. Nazioartekoek zioten lehen mailako jendea ekarriko zutela eta haien adierazpenak epe laburrean behar zuela erantzuna. ETA jakitun zen lehen mailako jendea etorriko zela eta erantzuna epe laburrean eman behar ziela. Nazioarteko eragileek bazekiten bi-hiru egunera etorriko zela agiria, ez gehiagora. 

Beraz, gobernuak ere ba al bazekien?

Bai. Gobernuak bazekien zer parametroren barruan zegoen antolatua Aietekoa. Nazioartekoek esana zioten ETAk epe laburrean erantzungo zuela, ezin zuela astebetera edo hamar egunera erantzun.

Sortuk aurten eman du “lehen aldiz” konpromisoen berri jendaurrean: urtarrilaren 12an, Iruñeko hitzaldi batean, zeuk. Zergatik eman du? Eta zergatik lau urte pasara?

Konpromiso horiez lehen zerbait aterata bazegoen. ETAk berak noizbait aipatu zuen zerbait, geuk ere bai. Zergatik atera ditugun aurten? Espainiako Estatuan hauteskundeak egin berri zirelako –iazko abenduaren 20an–; gobernu berri bat hautatu behar zuten, eta urtarrilean hitzaldia eman genuenean aukera denak irekiak zeudela esango nuke. Gobernua izan zitekeen PSOE, Podemos eta beste baten artean egindakoa, eta izan zitekeen PPrena ere. Ireki zen espektatiba horretan Sorturentzat egokia zen une horretan PSOEren gobernuak Zapateroren garaian hartu zituen konpromisoak –bete ez zituenak– zein izan ziren gogoratzea, eta guk eutsi egiten diogu exijentzia hari, gatazkaren ondorioak konpondu gabe daudelako.

Zuen ustez, neurri horiek "estatu konpromisoa" ziren. Zergatik?

Zapateroren konpromisoak ez ziren haren gobernuak hartutakoak soilik, bazuten estatu izaera bat. Zergatik? Estatuak ordura arteko azken 50 urteetan izandako afera handiena eta garrantzitsuena gainditzeko edo konponbidea emateko konpromisoak zirelako. Beraz, nahitaez, estatu izaera zuten. Estatuak ez ditu bete konpromisoak. Berdin da zer koloretako gobernuak hartu zituen konpromiso horiek. Gainera, gobernuak alde bakarrez hartu zituen.

Azaltzerik bai "alde bakarrez" hori?

Gobernuak bere kabuz, alde bakartasunez hartu zituen konpromisoak nazioarteko eragileekin. ETAk eta Zapateroren gobernuak nazioarteko eragileekin ez zituzten alde biko konpromisoak hartu, baizik eta alde bakarrekoak. Gero egia da batek hau eta besteak bestea hartzeko konpromisoa zuela, baina ez zuten alde biko izaera.

Baina gero ETA Espainiaren zain urte eta erdian egon zen, Oslon.

Aieteko Adierazpeneko 2. puntuan bi gobernuei dei egin zitzaien ETArekin gatazkaren ondorioez aritzeko. Guk genioen: gobernua hasten bada konpromiso horiek betetzen eta lortzen badu ETArekin akordio bat armagabetzeko, ziklo historikoa ixteko, presoen kaleratzea laguntzeko eta abar, ongi etorria izan dadila. Guk Iruñeko hitzaldian enfasia jartzen genuen gobernuak nazioarteko eragileekin hartutako konpromisoak bete egin behar direla. Konpromiso haietan ez zegoen armagabetzea, baina bai presoak Euskal Herriratzea, larri gaixorik daudenak kaleratzea… Horren garapena izan zitekeela alde biko akordio bat, falta ziren atalak betetzeko? Ongi etorria izango zen.

2013ko otsailean Osloko mahaia desegin eta gero, urte bereko abenduan EPPK-k adierazpen garrantzitsu bat atera zuen: lege baliabideen erabilpena, prozesu mailakatua, eragindako minaren aitorpena… Zergatik ez zuen garapenik izan?

Presoek 2013an eztabaida bat garatu zuten, estrategia aldaketaren parametroetan, eta kolektiboak bere inplementazioa egin zuen, propioa. Ondorio nagusi batzuetara heldu zen, eta 2013ko abenduko agirian jakinarazi zituen. Horren garapenerako, lehen urratsa egiteko erabakia hartu zuen: presoak Euskal Herriratzeko eskaera. Preso bakoitzak egin zuen eskaera. Espainiako Estatuan eta Frantziakoan egin zuten: Espainiako Estatuko kasuan, Zaballako espetxera [Araba] ekartzeko eskaera, eta, Frantziako kasuan, Iparraldetik gertuen dagoen kartzelara ekartzeko eskaera, Iparraldean ez baitago espetxerik. Kolektiboak uste zuen Euskal Herriratzeekin 2013ko eztabaida prozesuak garapen bat izango zuela, eta urrats berriak etorriko zirela. Ondorioz, ezinbestekotzat jotzen zen Euskal Herriratzea. Baina 2013ko irailean Herrira-ren kontrako operazioa egin zuten, gero abokatuen kontrakoa… Eta Euskal Herriratzeko eskaerei ezezko borobila eman zieten estatuek. Erabateko blokeoa zegoen.

Herrira-ren aurkako operazioa zenbateraino izan zen garrantzitsua?

PPren gobernuak ere badaki euskal gizartean badagoela presoen atalari irteera bat emateko nahi zabal bat, eta bi heren baino gehiago sakabanaketaren aurka daudela. Beraz, gobernuak 2013an ikusi zuen presoen kolektiboa birkokatzera zihoala, urratsak egitera zihoala, errealitate berri bat lantzera zihoala, eta hori oztopatzeko, zailtzeko eta luzatzeko betiko bidea erabili zuen: errepresioa. Eremu sozialean jo zuen 2013ko irailean, Herrira-ren aurkako operazioa eginez. Gainera, gobernuak bazekien Herrira-k amnistiaren aldeko mugimenduak historikoki izandako ibilbidearekiko filosofia aldaketa bat zekarrela, berrikuntza bat, nabarmena, lan egiteko apustu berri bat. Bateraguneko operazioaren parekoa izan zen Herrira-rena. Hau da, ezker abertzalea 2009an estrategia aldaketa sakona egitera zihoanean, estatuak operazioa egin zuen; 2013an, berriz, presoen kolektiboa estrategia aldatzeko prozesuan zela, Herrira-ren aurkako operazioa egin zuen estatuak.

Presoen eskubideen aldeko mugimendu soziala hankamotz egon al da harrezkero?

Joseba Azkarragak berak salatu du polizia jazarpen itzel bat egon izan dela presoen eskubideen aldeko eremuan. Horrek denak eragin bat eduki du. Gaur ere oraindik eremu hori kriminalizatu egiten da, oraindik dena ETA da hori erabiltzen duelako estatuak, eta, presoen kolektiboa ETAren parte jotzen duenez, kolektiboarekin harreman bat duten eragileei jazartzen zaizkie.

Parot doktrinako aldeko ebazpena kenduta –gainera, hori Europan ebatzi zen–, ez da aurrerapausorik izan espetxe arloan urteotan.

Erabateko blokeoak eragina izan du. Baina duela hilabete pasatxo EPPK-k agiri baten bidez esan zuen berriro eztabaida prozesuari ekingo diola.

"2013an kolektiboak ontzat emandako ildoa garatzeko”, dio EPPKren azken agiriak.

Ez da hutsetik abiatuko.

Iruñeko urtarrileko hitzaldian euskal presoek “legediaren garapena” eta “pauso berriak" eta "ausartak” egin behar dituztela ere esan zenuen.

Kolektiboak beti erabili izan du legedia, eta legedia bete ez duena gobernua izan da. 

Zer da “legediaren garapena” orduan?

Kolektiboak 2013an egin zuen eztabaidaren ondorioa zen legediaren erabilpena egitea, urratsez urrats egitea, eta ausarta izateko jarrera agertu zuen. Testuinguru horretan kokatu behar da Iruñeko gure hitzaldia. Baina hemen errealitate bat dago: presoen kontra salbuespeneko legedi bat dago, 2003ko legea. Presoen duintasunaren aurkakoa da, damua eta salaketa-eta eskatzen duena. Kolektiboak eta ezker abertzaleak historikoki esan dute legediaren erabilpena bai, baina damua eta salaketa guretzat marra gorria direla eta ez ditugula pasatuko.

Euskal presoek 2014ko martxoan ekin zieten eskaerei: Euskal Herriratzea, 70 urtetik gorakoak eta larri daudenak kaleratzea… Madrilek baldintzarik jarri al zien?

Presoen Euskal Herriratzea espetxeetako instituzioak administratiboki har dezakeen erabakia da. Kondena jaioterritik gertueneko espetxe batean betetzeko eskubidea dute presoek, hala dio legeak, eta hori eskatu zuten, premisa denek betetzen baitzuten, administrazioak eskatzen dituen terminoen barruan. Baina erantzuna erabat politikoa izan zen.

Presoek, eskaera haiez gain, testu politikorik-edo erantsi al zuten? Kasurako, indarkeria gehiago ez erabiltzeko konpromisoa, eragindako minaren aitorpena…

Ez. Soil-soilik legediak eskatzen diena bete zuten; Euskal Herriratzea-eta eskatzeko egin behar zutena egin zuten, ez zuten bestelako idatziren bat-edo sartzeko beharrik. Beste kontu bat izango litzateke presoen kaleratze programa batez mintzatzen hastea, baina hori gaur egun ez dago mahai gainean. Hala ere, kontuan hartu behar da presoen kolektiboak posizionamendu bat hartu eta kaleratu zuela 2013ko abenduko adierazpenean. Gero, Euskal Herriratzea-eta eskatzeko, eskaera jakinak egin zituzten espetxeetan. Egunen batean kaleratze programa bat egiten bada, ikusi beharko da horrek zer eskatzen duen; testuinguru horretan, presoek esan beharko dute.

EPPKren 2013ko adierazpena nahikoa izango al litzateke?

Presoek orduan egin zuten eragindako minarekiko aitortza, adibidez. Plano politikoan euskal gizarteari zor zitzaion halako adierazpen bat. 

Nola mugiaraz daiteke espetxe arloa?

Espetxe arloan errealitate berri bat irekitzeko oztopo handi bat dago: 2003ko legedi berezia. Hori dagoen bitartean, pentsaezina da kaleratze programa bat egotea. Gaurko egoera berri honek legedi berri bat izatea exijitzen du, legedi arrunt bat. Hori ez dio ezker abertzaleak bakarrik; nazioarteko eragileek ere badiote. Horretara iritsi aurretik, aldaketarik egon ez arren, presoak kaleratzerako interpretazio malgu bat egon daiteke edo justizia trantsizionala. Kolektiboak badu ibilbide bat egiteko. Legedi berezia aurkituko du, baina legedi barruan badaude erabil daitezkeen beste gauza batzuk.

Nola aktiba daiteke gizartea?

Herri honetan gehiengo zabal batek dio gatazkaren ondorio guztiei irtenbidea eman behar zaiela, eta preso eta iheslariak etxeratu artean normalizazio politikorik ez dela egongo. Presoen kolektiboak urratsak egin behar ditu, eta ibilbide hori gizartearekin batera egin behar du. Gizarteko eragileen aldetik ere urratsak egin behar dira, eta dinamika bateratu eta partekatu bat garatu.

Foro Sozialak urriaren 22rako topaketa batera deitu du, Aieten.

Foro Soziala 2013an hasi zen lan horretan, eta haren gomendioak jaso zituen EPPK-k 2013ko abenduko agirian. Beraz, lotura bat badago EPPK egiten hasia den ibilbide horren eta kalean hainbat eragilek markatzen duten bide orriaren artean. Beraz, aurrera begira horrek garapen bat behar du presoen aldetik eta kalean eragileen aldetik.

Eta arlo instituzionala?

Alderdi politikoak eta instituzioak ezinbesteko ardatz dira; besteak beste, biharko egunean presoen kaleratze prozesu bat aurrera eramateko. Beraz, hiru erpin daude: presoena, eragile sozialena eta alderdi eta instituzioena. Hiru erpinen elkarlanak berebiziko funtzioa bete behar du.

Instituzioetan zer egingo edo proposatuko du EH Bilduk?

Gatazkaren ondorioen konponbidearen garapenerako instituzioek konpromiso aktibo bat izatea bilatuko dugu. Presoek eskubide urraketa nabarmena jasaten dute, eta, lehendabizi, eskubide urraketa hori gainditu behar da. Hori, batik bat, presoen Euskal Herriratzearekin gaindituko da. Horrez gain, presoei gerra legedi bat ezartzen diete, salbuespenekoa. Horretarako denerako, euskal instituzioek zeregin handi bat dute, eta ildo aktibo bat behar dute. 

EH Bilduk EAEko hauteskunde programan proposatu du 1979ko estatututik oraindik jaso gabe dauden eskumenak negoziatzeko batzorde parlamentario bat sortzea. Espetxeetakoa da Espainiako Estatuak oraindik eman ez duen eskumen bat. "Espetxe eskumen guztien jabe" egitea ere proposatu duzue.

Guk espetxe eskumena ez dugu lotzen EAEko estatus politiko berriarekin. Eskumen horrek hemen behar zuen. Ez dugunez, horren bila joatea nahi dugu, baina azken legealdian ere planteatu genuen hori, eta EAJ gure ekinbide batean abstenitu egin zen. Presoak Euskal Herriratuta eta espetxe eskumena euskal instituzioen esku egonik, salbuespeneko legedirik gabe presoak kaleratzeko egoera bat sortuko litzateke.

Zuen ustez, aipatutako hiru erpinen elkarlanarekin baldintzatu al daiteke estatu politika?

Guk uste baietz. Euskal gizarteak zenbat eta adierazpen zabalagoak eta indartsuagoak egin, estatuari behar handiagoa sortuko zaio konponbiderako. 

Iñigo Urkulluk azken hauteskunde kanpainan sarri galdetu dio EH Bilduri: "Hain zaila al da hiltzea gaizki egon zela aitortzea?".

Gatazka batean normalean alde batek besteari exijentziak egiten dizkionean, gatazkaren konponbidearen ibilbidea ez dute errazten. Gure ustez, Urkulluren jokabidea arduragabea da halakoak esatean. Izan ere, EAJren eta ezker abertzalearen artean elkarlan bat egin behar dela uste dugu gatazkaren ondorioei irtenbidea emateko. Ezker abertzaleak EAJri ez dio exijentziarik planteatzen; lekuz kanpo leudeke. Aldiz, EAJk ezker abertzaleari, bai. Azentua exijentzian jartzen duenean, ikusten da elkarlana baztertu edo oztopatu nahi duela, eta horrekin etekin politiko bat bilatzen du Urkulluk. 'Hiltzea gaizki dago' printzipio unibertsal bezala onartu beharko luke pertsona orok, gizatasunez. Baina azterketa sakon bat egin behar da; herri honek gatazka historiko bat bizi izan du, hautuak egin dira, herri honen sektore batek borroka mota bateko hautua egin zuen. EAJk hori esatean, badirudi ezker abertzaleak ernegatu egin behar duela bere iraganaz, eta ezker abertzaleak hori ez du egingo. Jendea aurka egon daiteke ezker abertzalearen ibilbidearekin –baina gaur egun ere milaka pertsona ados daude–, baina ezker abertzalearen ibilbidea izan da. Ezker abertzaleak gatazkaren ondorioz eragin du mina, baina EAJk ere bai, eta prest gaude hitz egiteko eta, zergatik ez, terminoak eta adierazpenak adosteko.

Ezker abertzaleak indarkeriari buruzko autokritika bat egin zuen 2012ko otsailean, Kursaalean. Bere aldetik etorriko al dira gogoeta gehiago? 

Ezker abertzaleak aitortu du gatazka honek min handia sortu diola euskal gizarteari, eta ezker abertzaleak aitortu du berak min bat eragin duela. Behin hori eginda, era berean adierazten du min hori ez duela alde bakar batek eragin, alde askok eragin dutelako, eta EAJk ere bai, sakabanaketaren politikarekin bat eginez. Baina ez hori bakarrik: Paco Etxeberriak laster batean publiko egingo duen txostenak adieraziko du 300 torturatik gora Ertzaintzak probokatuak izan direla. Hor ere min bat dago. Beraz, azterketa sakonagoa, zabalagoa, serioa egin behar da gatazkaren ondorioez. Alde batek besteari presio eginez ezin da amankomuneko biderik adostu.

Berriro Espainiakorik ezean, bi urte eta erdian ez da hauteskunderik izango Hego Euskal Herrian.

2017a eta 2018a ezker abertzalearentzat oso garrantzitsuak izango dira. Batetik, prozesu subiranista indartzeko. Eta, bestetik, hura indartzen ari den neurrian gatazkaren ondorioetan ere urratsak egiteko.

Prozesu subiranista indartzeko, gatazkaren ondorioak lehenbailehen konponbidean jarri behar al dira?

Gatazkaren ondorioetan presoen alorrean giltza bi estatuek dute. Giltza hori aktibatzeko estatuek behar bat sentitu behar dute, eta, horretarako, herri honen gehiengoaren presio politiko-instituzionala behar da. Guk hori bilatuko dugu. Bide subiranista ere bai. Bide subiranistak abantaila bat dauka: alde bakarrez egin daiteke prozesua. Gatazkaren ondorioen konponbidean, berriz, kartzelako ateak ezin dira ireki aldebakartasunez.

Bi bideak uztartzen al dituzue?

Zutik Euskal Herria ebazpenean ondoren logika politiko bat markatu genuen. Lehenengo, gatazkaren ondorioak konpontzea jarri genuen. Gero, lurralde batasunaren fasean sartzea. Eta, azkenik, fase independentistara pausoa ematea. Oso planteamendu mekanikoa zen, aurretik ere diseinatua genuena. Denborak erakutsi digu hau ez dela eskailera bat: maila bat igoko dugu aurrena, gero hurrengoa… Ezin izan da lehen eskailera igo, estatuaren jarreragatik. Beraz, hau ez da eskailera bat, hau autobide bat da. Autobide horrek badu osagai zentral bat: bide subiranista egitea. Bide horren barruan kokatu behar dugu gatazkaren ondorioen konponbidea. 

ETAren armagabetzea argitu al daiteke bi urte hauetan? Bost urte pasatu dira jarduera armatua bukatutzat eman zuenetik.

ETAk behin eta berriro esan du prestasuna duela gatazkaren ondorio guztiak gainditzeko. Adibidez, armagabetze prozesu bat egiteko. Bi gobernuak ETAren ahaleginak oztopatzen saiatu direlako ez da garatu armagabetzea. Atal horrek ere emaitzak eman behar ditu. Ona litzateke gobernuen era bateko edo besteko parte hartzearekin egitea, edo, gutxienez, oztopatzeko ahaleginik gabe. Aurrera begira espero eta desio dugu armagabetze prozesuak ere garapena izatea.

Jaurlaritzak 2014ko abenduan armagabetze plan bat aurkeztu zuen. Gauzatzeko modukoa al da?

Jaurlaritzaren proposamenak gabezia asko ditu, eta zaila da gauzatzea. Baina armagabetze prozesu batean instituzioek eman dezakete laguntzarik edo babesik politikoki eta. Kasu honetan, Gasteizko gobernuak. Baina ezin daiteke pentsatu Jaurlaritza subjektu aktiboa eta teknikoa izatea ETAren armagabetze prozesuan; horri ez diogu bideragarritasunik ikusten, ez du ez hanka eta ez buru. Azken batean, gobernu hori estatu baten menpekoa da.

Beraz, ETAren armagabetzerako Jaurlaritzaren aukera ez baduzue ikusten –Nafarroako Gobernuarena ere ez, pentsa daitekeenez–, eta Espainiako eta Frantziako gobernuak itxita badaude, zer aukera geratzen da?

Formulak topa daitezke. Armagabetzerako nazioarteko erraztaile edo egiaztatzaileek babes bat nahi izaten dute misio baterako. Nazioarteko eragileek zinez eskertuko lukete Gasteizko eta Nafarroako gobernuen babesa lan horretarako.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna