Zientzia

'Schiaparelli' Marteren kontra amildu eta txikitu egin zela baieztatu du ESAk

Martera iristeko 30 segundu falta zirenean seinalea galdu zuten, herenegun, eta gaur baieztatu dute ez zuela behar bezala lur hartu; azkarregi amildu eta txikitu egin ze. ExoMars egitasmoaren barruan, Marteko inguruak aztertu behar zituen.

ExoMarsi buruz ESAk zabalditako irudi bat.

Berria -

2016ko urriak 21

Makaldu eta lurra behar bezala hartzea zen Schiaparelli moduluaren lanik zailena. Izan ere, ziztu bizian egin zuen bi egunean TGO satelitetik harako bidea. 21.000 kilometro orduko abiaduran iritsi zen atmosferara. Lurreratzeko egin beharreko 121 kilometroak sei minutuan egitea aurreikusten zen, hara 15 kilometro orduko abiaduran iritsiz. Maniobra egiteko, paraxut bat, propultsatzaileak, ezkutu bat eta inpaktua xurgatzeko egitura deformagarria zituen.

Baina, maniobra ez zen uste bezala atera, eta lur hartzerakoan ez zuen behar bezala frenatu. ESAk gaur jakitera eman duenez, 300 kilometro orduko abiaduran egin zituen azken bi-lau kilometroak, Marteren kontra talka egin zuen, eta puskatu egin zen.

ESA Europako espazio agentziak herenegun jakinarazi zuen Indiako irratiteleskopiotik zehar jaso zuela Schiaparelli atmosferara iritsi zen seinalea. Gero seinalea galdu zuten ordea, eta ez dute berririk izan gaur arte. Ikusi ahal izan dutenetik ondorioztatu dute, moduluak ez zituela esperotako mugimenduak egin: paraxuta atera zuen, baina hala egiteko programatuta zegoen arren, ez zuen hura bota erabili ostean.

Misioaren parte den Traza orbitadorea, bestalde, ongi iritsi zen. ExoMars egitasmoaren baitan dago Traza ere, eta hark, Marte inguruko gasak arakatzeko lana du, orbitatik. Bereziki metanoaren jatorria aztertuko du. Badakite orbitan kokatua dagoela, baina ez dute egiaztatu aurreikusita zuten toki zehatzean dagoen edo ez. Apurka-apurka ari dira jasotzen berriak espaziotik.

 

ExoMars ESA Europako espazio agentziarean eta Roscosmos Errusiakoaren egitasmoa da. Asmoa Marte inguruak aztertzea da, hemendik lau urtera robot bat bidali ahal izateko, han bizitza dagoen edo ez iker dezan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna