HIRIGINTZA

Etorkizuneko Bilbo marrazten

Luzera begira zer-nolako hiria nahi duen zehazten ari da Bilboko Udala. Proiektu handi ugari paperean jasota ditu jada, eta, horiek gauzatzeko, Hiri Antolaketarako Plan Orokorra aldatu beharra du. Herritarrek iritzia eman dezaten, parte hartzeko prozesu batean murgildu da.

jarraia127962.jpg
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2016ko urriaren 21a
08:59
Entzun

Aspaldi aldatzen ari den Bilbori beste bultzada bat eman eta erabat eraldatzeko lanean ari da udala. Irudikatzen ari da hiri eredu berria; gune bakoitzerako proiektuak lantzen, eta irudikatzen ari den hori marrazten. Jauzi horretarako gauza asko aldatu behar ditu. Eta, aldaketa horietarako, orain arteko plangintza egokitu beharra du. Hiri Antolaketarako Plan Orokorra da horretarako baliabidea. Berria egin beharra du, eta horretan ari da. Aurrera begirako proiektu nagusiak jasoko dituen oinarria izango da plan orokor hori. Oraingoz, ildo nagusiak jasotzen dituen testua aurkeztu du udalak. Aurreikusten dituen proiektu zehatzak jaso ditu bertan, eta, horietako batzuetan, ideiak betetzeko alternatiba desberdinak jarri ditu mahai gainean.

Egin nahi duen aldaketaren tamaina kontuan hartuta, herritarrak partaide sentiarazi nahi ditu udalak, eta parte hartzeko prozesu oso bat abiatu du horretarako: Aurrerago!. Bilboko zortzi barrutietako bakoitzean eginak dituzte aurkezpenak, prozesuan nola parte har daitekeen herritarrei bertatik bertara azaltzeko. Orain, bigarren fasea jarri du martxan.

Proposamenen gaineko eztabaidan aurrez aurre edo Internet bidez parte hartu ahalko dute herritarrek; bai norberaren izenean, bai elkarteen ordezkari gisa. Horretarako lehenengo baldintza izena ematea da. Azaroaren 18an amaituko da horretarako aukera. Bilboko Udalaren webgunean egin daiteke hori, www.bilbao.eus/aurrerago helbidean. Bertan, parte hartzeko inprimakia bete beharko da —udaltegietan ere izango da inprimakia betetzeko aukera—. Hiri Antolaketarako Plan Orokorrari buruzko informazio hitzaldira joatea, Bilbon erroldatuta egotea eta 16 urte baino gehiago izatea dira parte hartzeko beste baldintzak. Prozesuan webgunearen bidez parte hartu nahi dutenek ere izena eman beharko dute, webguneko Foroa atalean.

Lantaldeetan zuzenean parte hartuko dutenak azarotik otsailera bitartean egingo diren batzarretako kide izango dira. Barrutika batuko dira lantalde horiek. Lau saio izango dituzte: plan orokorrari eta hirirako zein barruti bakoitzeko proposamenei buruzko informazio orokorra emateko izango da bat, eztabaidarako beste bi, eta lantaldeetatik ateratako ondorioak jasotzeko beste bat.

Behin plan orokorraren aurrerapenerako egindako ekarpenak jasota, jendaurrean egongo da proposamena bi hilez. Herritarrek eta eragileek iradokizunak eta alternatibak aurkeztu ahal izango dituzte orduan. Mikel Ocio Hiri Antolaketarako zuzendariak azaldu duenez, proposamen guztiak jaso eta aztertuko ditu udalak. Baita erantzun ere. Proposamenen egileei horiek aintzat hartuko diren edo ez erantzungo die, arrazoiak emanda.

Azken erabakia, hala ere, Bilboko udalbatzak izango du. Bertan erabakiko da zeintzuk izango diren plan orokor berria idazteko kontuan hartuko diren irizpide, alternatiba eta proposamenak. Behin betiko plana idazten hasterako 2017a izango da. Eta idazketarako beste hamabost bat hilabete beharko dira. Ociok 2018ko amaiera alderako espero du idatzia Hiri Antolaketarako Plan Orokor berria, bere zehaztasun guztiekin. Ondoren, beste urtebete inguruko tramitazioak egin beharko dira.

2020an hasiko dira lanak

Aurreikuspenen arabera, 2020. urtea izango da, beraz, plangintzan jasotako lanak egiten hasterako. Hori bai, aurrez lan batzuk prestatzen has litezkeela zehaztu du Ociok. Aurreikusitako plangintza osoa amaitzerako, berriz, hamabost-hogei urte igaroko dira.

Herritarrek zertan eragin ahalko duten ere aurreratu du Bilboko Hiri Antolaketarako zuzendariak: “Ideia batzuk hiriaren plan estrategiko gisa ditugu; horiek ez dira kolokan jarriko. Adibidez, ez dago zalantzan AHT Bilbora iritsiko dela, A-8a Errekaldetik desagertuko dela, Olabeaga eraldatu behar dela eta tranbiak Zorrotzaurrera joan behar duela. Galdera da nondik eta nola egin daitekeen hobeto”.

Hauexek dira Hiri Antolaketarako Plan Orokorraren hasierako testuan jasotako proposamen nagusiak:

Olabeaga: utzia egotetik puntako izatera
Eraikuntza gutxi duen eremua da Olabeaga gaur egun, eta eraikinetako asko utziak ditu, gainera; zaharkituta eta erabilerarik gabe. Auzoa Bilbotik Santurtzira doan Renferen trenbideak erdibitzen du. Bilboko erdigunearekiko lotura eskasak ditu; apenas duen garraio publikorik, eta, nolabait, geografikoki bakartuta dagoen gunea da. Horren eraginez, biztanle gutxi ditu: 1.200 inguru. Hiriburuaren bazterrean dagoen auzo zaharkitu hori Zorrotzaurren eraikitzen ari diren irla berri eta modernoaren parean dago, eta itxura berri horretara egokitzea da udalaren asmoa. Lehentasuntzat hartu du eremuaren eraldaketa, eta hori nola egin proposatu du Hiri Antolaketarako Plan Orokorraren aurrerapenean.

Trenbidea erdigunetik kentzeak espazio libre asko utziko lukeela ondorioztatu du udalaren azterketak. Eta horrek auzoaren izaera iraultzeko aukera emango lukeela. Hartara, trenbidea mendi hegalera eramatea proposatu du; auzoaren erdialdetik atera, eta bazter batera lekualdatzea.

Renferen geltoki berria Olabeagako plazaren inguruan ezartzeko aukera jaso du, zehazki, hiriburuaren etorkizuna marrazteko proposamenen zirriborroak, eta trenbidea tunel moduko batekin estaltzea. Gainaldean belarra eta zuhaitzak landatuta, paisaia naturalaren itxura hartuko luke inguruak. Lan horiek eginda, Olabeaga erdiguneko lurrak libre geratuko lirateke.

Auzora iristeko modua errazteko asmoz, errepide berria egin nahi du udalak. Horrela, erriberak beste itxura bat hartuko luke; itsasadarrari itsatsitako bidea oinezkoei eta txirrindulariei begira atonduko litzateke, pasealeku gisara.

Plan orokorrerako zirriborroak aldaketa handia aurreikusten du orain arte utzia egon den eremuarentzat, baina, eraikuntza motaren aldetik, egungo ereduari segida emateko asmoa duela dio proposamenaren aurrerapenean. Hau da, dorre erraldoirik egin gabe, gaur egungo eraikinek duten altueraren antzekoekin eraikiko liratekeela proiektu berriko eraikuntzak.

Errepide berriaren eta mendi magalaren artean geratuko litzatekeen gunerako, bi proposamen jarri ditu mahai gainean plan berriaren aurrerapenak: lurrak jardun ekonomikora eta beharrezko azpiegituretara bideratzea da aukera bat; bestea, etxebizitzak egin eta bizitegi gune bihurtzea. Bigarren aukera horren helburua litzateke biztanle kopurua handitzea, eta, horrela, oinarrizko zerbitzuak jartzera derrigortzen duen gutxieneko tamaina hartzea.
Igarobidea eta tranbia

Errazago iristeko, Olabeaga Zorrotzaurreko irla berriarekin lotuko lukeen oinezkoentzako igarobidea eraikiko litzateke. Horrez gain, Zorrotzaurrera tranbia iritsiko denez, Olabeagako beharrak asetzeko ere erabiltzea aztertzen ari da udala. Auzoaren ekialdetik igaroko litzateke tranbia, eta mendebaldetik trena.
Udalaren arabera, bizi kalitatean nabarmen irabaziko lukete bertako herritarrek aldaketa horiekin. Aisialdirako guneak sortzea ere aurreikusi du: itsasadarrari begira egongo liratekeen bi plaza eraikitzea, eta parke lineal bat. Etorkizunerako irudikatu duen Olabeagan, herritarren premiak asetzeko beharrezko diren baliabideak bideratuko direla adierazi du udalak proposamenerako egin duen zirriborroaren aurkezpenean.

Abando: parkea auzoen elkargune
Abiadura handiko trena Abandora iritsiko dela ziurtzat jotzen du udalak. Egungo trenbideak desagertu egingo direla eta berria Bilbora lurperatuta sartuko dela ere bai. Horrek erdigunean espazio zabal bat utziko duela dio, eta aisialdi eta kirol eremuak izango dituen parke handi bat sortu nahi duela eremu horretan. «Parke horrek Abando, San Frantzisko, Irala eta Zabalaren arteko mugak ezabatuko ditu». Hala laburbildu du Bilboko Udalak Abando geltokiaren ingururako duen proiektua, Hiri Antolaketarako Plan Orokorraren aurrerapena aurkezteko txostenean. Lehentasunezko proiektutzat du Abandoko tren geltokia eta haren ingurua aldatzea. Behin eta berriz errepikatu du hori, batez ere AHT abiadura handiko trena bertara lur azpitik heltzearen alde borrokatuko dela nabarmendu duenetan.

Gaur egun, Renfek eta Fevek dituzten trenbideek, Abandoko eta Concordiako geltokiek, trenbiderako instalazioek eta Ipar kale partikularraren inguruan dauden pabiloiek betetzen dute Abando ingurua, erdigunetik Bilbo Zahar aldera jotzen duen eremuan. Industria eraikinak eta hirugarren sektorera bideratutakoak ere badaude bertan; horietako batzuk, industria ondare izendapena dutenak.

Lur horiek guztiak goragune artifizial batean daude; bere garaian, trena Bilbo erdigunera iristeko egin zen goragunean. Horrek muga handi bat eragin du urte luzeetan; zatiketa handia, batez ere Abando eta San Frantziskoren artean zein Zabala eta Irala auzoen artean. Berez elkarren ondoan dauden auzoak diren arren, praktikan, oso urrun daude elkarrengandik.

Udalaren ustez, AHTaren etorrerak aukera handi bat eskainiko dio gune horri. Muga fisiko horiek ezabatzea ahalbidetuko du, trenbidea eta ingurua ezinbestean aldatu eta egokitu beharko direlako. «Lur horiek hiriarentzat berreskuratzea eta hiriko gune hori batzea» proposatu dute plan orokorrerako zirriborroan.

Espainiako Gobernuak besterik esaten duen arren, trenbidea lurperatuta egongo dela ez du zalantzarik egin udalak bere txostenean. Eta lurperatzeak Cantalojastik Abandoko geltokira arteko parke handi bat egitea ahalbidetuko duela nabarmendu du. Aisialdirako gune handi baten bidez Abando, San Frantzisko, Zabala eta Irala elkartu beharko liratekeela dio udalak. Berdeguneak, zuhaitzak, paseatzeko lekua eta atseden hartzekoa egongo lirateke bertan, eta kirola egiteko guneak ere bai. Parkearen bi aldeetan, etxebizitzetara eta hirugarren sektorera zuzendutako eraikinak kokatu ditu proposamenerako planoan.
Zehazki, «azalerak jarduera ekonomikoetarako aurreikustea» eskatu du udalak, bulegoak zehazki aipatuta. Etxebizitzei dagokienez, 1.000-1.200 inguru eraikitzea proposatzen du. Eta hori «erabilera mistoko eredu batean» egitea pentsatu du. Tren geltoki berria lur azpiko trenbideen amaieran legoke. Eta, geltokiaren aurrean, plaza berri bat.

Bestetik, Abando, San Frantzisko eta Zazpikaleak bideekin lotu behar liratekeela dio, inguruko auzoetarako tokiko ekipamendu berriak sortu behar liratekeela eta industria ondarea aintzat hartu beharko dela: Abando geltokiko ganga eta Ipar kale partikularreko upategi zaharrak aipatzen ditu.

Atxuri: itsasadarrera zabalik
Itsasadarraren eskuinaldea Euskotrenen Bilbo-Donostia lineak eta tranbiaren helmugak baldintzatzen dute Atxuri parean. 1913ko tren geltoki ederra ere badago bertan. Eta Kañu pasealekua. Mirafloresko zubi azpitik igarotzen den pontoiak ibaiertzeko lotura egiten du. Baina itsasadarraren ondoko paseoa Atxuri kalean eteten da, egungo egiturak behartuta. «Euskotreneko Bilbo-Donostia linea eta tranbiaren garajeak libre geratzeak aukera emango du erribera hiritarrentzat berreskuratzeko», dio plan orokorrerako aurrerapenak.

Libre geratuko litzatekeen eremuak pasealekua San Anton zubiraino luzatzea ahalbidetuko luke. Zehazki, San Anton elizara ur gainean hegan geratuko litzatekeen xafla batetik heltzea proposatzen du udalaren aurreproiektuak.

Atxuri Urazurrutiako kaiarekin oinezkoentzako zubi baten bidez lotzeko asmoa ere jaso dute plan orokorraren aurrerapenean. Eta Atxuri kalea erriberako pasealekuarekin igogailu baten bidez lotzea.

Plaza berriak eta oinezkoentzako pasealekuak agintzen ditu zirriborroak, eta auzoa itsasadarrera zabaltzea. Tren geltokiaren eraikina ingurua biziberritzeko erabiltzea proposatzen du.

Deustua: unibertsitatea mendian gora
Deustuko Unibertsitateko campusa handitzea estrategikoa da Bilborentzat». Hala dio Bilbo eraldatzeari begirako egitasmoaren aurrerapenak. «EHUko campus Biosanitario eta Teknologikoa handitzeko asmoak bezala, hiriaren izaera unibertsitarioa indartzen du».

Gaur egun, ikasketetarako hainbat eraikin ditu Deustuko Unibertsitateak, kirol gune bat, liburutegia eta ikasleen egoitza. Baina handitu beharra dagoela uste du Bilboko Udalak. Beste 42.000 metro berrikuntzara begirako irakaskuntzarako eraikinak, kirol gune berri bat eta ikasleentzako beste egoitza bat eraikitzera bideratzea proposatu du.

Unibertsitatearen atzealdetik handituko litzateke eremua, baina horrek beste lan bat eskatuko luke: Euskotrenen trenbide zaharra kentzea. «Campusa handitzeak muga desagertzea ekarriko du, berriaren eta zaharraren arteko integrazio hobea lortzeko».

Egun indarrean dagoen plan orokorrak ere aurreikusia zuen unibertsitatea handitzea. Askoz gehiago, gainera. Enekuri eta Artxanda lotzen dituen errepidera arteko mendialde guztia zegoen horretarako gordea. Etorkizuneko planean, ahalik eta lur natural gutxien erabiltzearen aldeko apustua egin dute, hiri iraunkorrago baten izenean.

Ametzola-Irala: bulebarra eta ‘loft’ etxeak
Errekalde, Ametzola eta Irala auzoek mugatzen duten eremua itxuraldatzeko aukera plazaratu du plan orokorrerako lehen zirriborroak. Larraskituko errepidearen eta Trenbide etorbidearen arteko tarteari bizi berri bat emateko aukera. Gaur egun, Feveren trenbidea lurperatzeko lanak egiten ari dira hor, eta lurperatuta hiru auzoak elkartu eta bulebar bat egin ahal izango litzatekeela nabarmendu du udalak.

Industria eraikinen multzoak janzten du gaur eremua, baina utziak daude horiek. Oraindik indarrean dagoen Hiri Antolaketarako Plan Orokorrak horiek bota eta etxeak egitea aurreikusten zuen, baina asmoak ez du aurrera egin. Planteamendua aldatu du orain udalak. Oraindik zutik dauden eraikin horietako batzuk industria ondare gisa aitortuta daudela eta, horiei balioa ematea proposatu du. Loft motako etxebizitzak, enpresa haztegiak eta profesionalentzako tailerrak irudikatu ditu, besteak beste.

Gainerako eraikinak suntsitu ostean, Errekalde eta Ametzola artean espazio libreak sortzeko asmoa du. Bulebar bat izango litzateke bizkarrezurra, eta komertzio gune batek eta jardun ekonomiko adimendunak ere lekua izango lukete. Errekalde eta Ametzola lotzeko bi pasealeku proposatu ditu.

Errekalde: A-8aren ordez, parke berdea
Errekalde auzoa gainean duen A-8 autobidearen zubiak baldintzatua dago. Arazo hori desagertu egingo dela agindua du udalak; ingurabide bat egingo dela haren ordez. Ondorioz, biaduktoaren azpiko eremu horrek ateak zabalduko dizkie aukera berriei. Parke berri bat irudikatu du bertan plan orokorraren aurrerapenak. Hiru proposamen jaso ditu udalak garraiobidea nola eta nora lekualdatu erabakitzeko.

Lehen proposamena Errepideen Arlokako Lurralde Planak jasotzen duena da. Saihesbide bat egitea planteatzen du. Basurtun hasiko litzateke, Monte Caramelo, Iturrigorri eta Gardeazabal auzoen azpitik igaroko litzateke, eta Larraskituko kiroldegiaren inguruko lurretan A-8arekin bat egingo luke. Proiektuak bi biadukto egitea eskatuko luke, eta hainbat eraikini eragingo lieke.

Bigarren aukerak egun indarrean dagoen plan orokorreko abiapuntu eta amaiera berak proposatzen ditu saihesbiderako, baina ibilbidea hegoalderago eramanda. Tunel azpian joango litzateke erabat, eta luzeagoa izango litzateke. Garestiagoa da aukera, baina eraikinei gutxiago eragingo liekeena.
Hirugarren alternatiba herritarrek proposatutakoa da. A-8 hegoaldeko saihesbidearekin lotzea proposatzen du, Peñaskalen.

Elorrieta: hondartzak eta igerilekuak
Industria pabiloiak, udal zerbitzuetarako eraikinak eta etxebizitza gutxi batzuk. Horiek betetzen dute, gaur egun, Elorrieta. Baina bere ingurua nabarmen aldatuko da: aurrez aurre du goitik behera eraldatu eta irla bihurtzeko prozesuan den Zorrotzaurre. Eragin zuzena izango du horrek inguru guztian. Elorrieta industriala ere Zorrotzaurreko eredu moderno horren jarraipen gisa eraldatu nahi du udalak. Aukera paregabeak dituen gunea dela dio, eta garraio publikoarekin ondo lotua dagoela, gainera. Eremua San Ignazioren luzapen gisa lantzea proposatu du; hiriburu berrituari azken ukitua emateko gune ikusgarri bihurtzea.

Itsasadarraren ertzeko pasealekua berreskuratu eta herritarren gozamenerako eremu gisa eraikitzea da helburua. Horretarako, auto zirkulazioa mendialde ingurura eramatea aurreikusten du. Ibaiaren ertzean geratuko liratekeen lurretan bizitegi gunea sortzeko apustua egin du, eta San Ignazioren iparraldean parke bat egitekoa. Oinezkoentzako zubi berri batek Zorrotzako mutur berrituarekin lotuko luke Elorrieta.

Ibaiertzeko pasealekua landarez josteko asmoa du udalak. Eta eremu hori itsasartearen ertzean eraikiko litzatekeen hiri hondartza eta igerilekuen gunearekin amaitzekoa.

Kastrexana: autobusak edo teknologia
Egun erabilerarik ez duten eraikin handiek betetzen dute Kastrexanako gaina. Beyena eta Schweppes enpresak zeuden lehen bertan, baina aspaldi utzi zuten bertako jarduna. Erabat hondatuta dauden eraikuntza zaharrak besterik ez da geratzen. Biziberritu beharreko eremua da, udalaren ustez, eta aukera handiak dituena. Hondatutako egoitzak botaz gero, 25.000 metro koadroko lurzorua geratuko litzateke libre. Errepide komunikazio ona duela-eta aukera baliatu behar dela dio etorkizunera begirako proposamenak.

Bi aukera jarri dituzte mahai gainean. Batetik, Bilbobusen kotxetegia ezartzeko leku ona litzatekeela dio. Elorrietan dago egun hiriko autobusen garajea, baina, gune hori eraldatu nahi bada, azpiegitura hori lekuz aldatu beharko da. Kastrexanako gaina izan liteke horretarako lekua, udalaren ustez, eta hasi da proiektua lantzen. Eremua maldatsua dela baliatuta, hiru solairuko kotxetegia proposatu du bertarako.

Jarduera ekonomiko berrietarako gunea sortzea da beste proposamena. Hiri Antolaketarako Plan Orokor osoaren eredua teknologia berriei eta zerbitzuei begirakoa dela eta, Kastrexana gaina horretara bideratzeko aukera plazaratu du udalak.

Artxanda: aisialdirako hobetua
Artxandako erdiguneak dituen aukerei zuku gehiago atera nahi die udalak. Bilbotar guztientzako aisialdirako leku estrategikotzat du mendialdea. Hiriburuko erdigunearekin funikularrez lotuta egoteak hiri-parke izaera ematen diola iruditzen zaio, baina ez dela erabiltzen duen gaitasun guztia. «Beharrezkoa da dinamizatzea». Autoak erdigunetik kendu, aparkalekuak egin eta kanpoan egingo diren aisialdirako ekintzak antolatzea hartu ditu helburutzat plan orokorraren aurrerapenean. Horretarako, gaur egun erabilerarik gabe dauden eraikin batzuk egokitzeko aukera jaso du zirriborroan.

Bilbo gaineko begiratokia, jarraipenik ez duten berdeguneak, kiroldegia, futbol zelaiak eta erabiltzen ez diren hainbat azpiegitura daude egun erdigunean. Eta aparkalekuak, erdi-erdian.

Trafikoa murriztea proposatu du udalak, eta, horretarako, San Roke errepidetik Sanrokebidera doan zatia bertakoentzako soilik uztea. Erdialdeko aparkalekuak kendu, eta eremuaren ertzetan egin nahi ditu ordezkoak. Horrela, ibiltzeko guneei jarraipena emango zaiela dio plan orokorrerako proposamenak, eta «eraztun berderako ataritik» ibiltzea seguruagoa izango dela.

Garraioa: errazago mugitzeko
Mugikortasuna errazteari begirako proposamenetan, garraio publikoa, errepideak eta aparkalekuak hartu ditu kontuan udalak, eta bizikletentzako zein oinezkoentzako azpiegiturak. Kanpo loturari eta barneko mugikortasunari begira proiektu zehatz batzuk landu ditu. Beste batzuetan, ideia orokorrak besterik ez du.

Landu beharreko alorrak zeintzuk diren, halere, argi du. Garraio publikoari dagokionez, AHT Bilbora heltzea eta aireporturako lotura sortzea lehentasuntzat du. Metroaren 3. eta 4. lineak sortzea ere bai: Etxebarri eta Matiko lotuko dituena, eta Errekalderaino helduko duena. Tranbia Zorrotzaurreko irlara eraman nahi du udalak, Jesusen Bihotzetik igarota. Ekialdeko saihesbidea, hegoaldekoa eta hegoaldeko trenbide saihesbidea ere zerrendan ditu.

Bestalde, Deustuan tunela egin nahi du. Egungo plan orokorrak Arangoitiko magalaren azpian tunela egitea proposatzen du, baina, izango lukeen eragina arintzeko, ibilbidea aldatzea aztertzen ari da. Tunel faltsuaren gainean aparkalekuak jartzea da proposamenetako bat –irudian–. Ametzola-Miribilla tunela ere proiektuen artean du, eta

A-8aren eta Txorierriko korridorearen arteko lotura amaitzea. Bidegorriak aipatu egin ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.