Futbola

Donostian geratu dira hiru puntuak

Emaitzari dagokionez ez ezik, jokoan ere nagusitasun handia azaldu du Realak, eta ondo merezita gailendu da Alavesen aurka: 3-0.

Jon Urbe

Jon Eskudero -

2016ko urriak 22

Txanponaren alderdi banatan geratu dira Reala eta Alaves elkarren arteko derbiaren ondoren. Bi helburu batera lortu dituzte donostiarrek, irabazi ez ezik, gozatu eta gozarazi ere egin baitute, 3-0 irabazita. Alavesek, bere aldetik, etxetik kanpoko orain arteko irudirik kaskarrena eman du, eta nahi eta ezin aritu da hasi eta buka. Hala, Reala gora begira jarri da sailkapen nagusian, hamahiru punturekin, eta hamarrekin dago Alaves. Azken hiru partidetan ezin izan du irabazi.

Jokoari dagokionez, aurrez idatzitako gidoia bete da Anoetan. Partidaren bila zelairatu da Eusebioren taldea, ohikoa duen estiloarekin, eta nagusi azaldu da. Hori bai, partidako lehen aukera Alavesek izan du, baloi geldian, Edgarren eskutik, baina ez du asmatu. Gerora, jaun eta jabe izan dira txuri-urdinak, eta 21. minutuan jaso dute saria. Pazientzia lagun, lanean jarraitu dute, eta Carlos Martinezek eskuin hegaletik egindako erdiraketa maisuki errematatu du Xabi Prieto kapitainak. Aurrelari onenaren gisan.

Gisa horretan, bi taldeak 1-0ekoarekin erretiratu dira atsedenaldira. Handik bueltan, aldaketa taktikoa egin du Mauricio Pellegrinok, Torres erdilaria kendu eta Santos aurrelaria zelairatu baitu. Ez dio funtzionatu erabakiak. Lehengo lepotik izan du burua partidak, eta Realak berean jarraitu du, ipurdia atzean sartu gabe. Hala, 57. minutuan Willian Josek gol bikaina egin du. Raul Navasen erdiraketa ezin hobeki kontrolatu, baloia atezainaren gainetik loratu eta 2-0ekoa erdietsi du. Azken txanpan, berriz, festa biribiltzeko, Velak 3-0ekoa egin du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna