FUTBOLA

Puntu banaketa San Mamesen

Osasuna aurreratu da markagailuan, baina Raul Garciak berehala egin du berdinketaren gola. Bana amaitu dute.

Sabin Merino eta David Garcia, lehian.
Sabin Merino eta David Garcia, lehian. LUIS TEJIDO / EFE

Berria -

2016ko urriak 30

Derbi orekatua jokatu dute Athleticek eta Osasunak San Mamesen, sarri jokoan eta batez ere markagailuan. Gorritxoak indartsu zelairatu dira,eta hiru abagune barkatu ostean, 22. minutuan Oriol Rierak egin du iruindarren gola, buruz. Golarekin, ordea, aurrera egin du Athleticek, eta bost minutu geroago lortu du Raul Garciak berdinketaren gola, Sabin Merinoren erdiraketa bat buruz errematatuz.

Bigarren zatian, gehiago izan da Athletic. Atzean sartu da Osasuna, eta aukerak bata bestearen atzetik sortu ditu Ernesto Valverderen taldeak. Zortea ere kontra izan du Osasunak, Riera eta Digard min hartuta joan baitira zelaitik. Azken minutuetan Athleticek Osasuna estutu badu ere, banakoarekin amaitu da partida.

Gaurko emaitzarekin, Athletic zazpigarren postuan da, hamasei punturekin, Realaren eta Eibarren artean sailkatuta. Osasunak, berriz, azkenaurreko postuan jarraitzen du, zazpi puntu pilatuta.

Partidaren kontakizuna:

Zuzeneko kontakizuna

18:06
2016-10-30

AMAIERA

Amaitu da partida San Mamesen, eta puntu bana lortu dute Athleticek eta Osasunak. Gorritxoak aurreratu dira markagailuan, baina berehala berdindu du Athleticek. Bigarren zatian, zuri-gorriak gehiago izan dira, baina ezin izan dute bigarren golik egin.

Jon Olano

Jon Olano

18:03
2016-10-30

Hiru minutuko luzapena eman du epaileak.

Jon Olano

Jon Olano

18:02
2016-10-30

Azken minutuetan partida, garaipenaren bila doa Athletic eta ahal duen bezala eusten Osasuna.

Jon Olano

Jon Olano

18:00
2016-10-30

Beste aukera argi bat Athleticentzat, orain Iñaki Williamsek bidali du baloia kanpora. 88. minutua.

Jon Olano

Jon Olano

17:57
2016-10-30

84. minutuan da partida, partida hoztu nahian dabil Osasuna.

Jon Olano

Jon Olano

17:56
2016-10-30

Azken aldaketa egin du Osasunak: badoa Sergio Leon eta Otegi zelairatu da.

Jon Olano

Jon Olano

17:54
2016-10-30

San Joseren abagunearen ondoren, Mikel Ricok beste bat, kanpora. Athletic Osasuna estu hartzen ari da azken minutuetan.

Jon Olano

Jon Olano

17:51
2016-10-30

Adurizen burukadari izugarrizko geldiketarekin erantzun dio Nauzetek. 77. minutua.

Jon Olano

Jon Olano

17:48
2016-10-30

75. minutura heldu berri, ordu laurden baino ez derbia amaitzeko. Bana markagailuan.

Jon Olano

Jon Olano

17:46
2016-10-30

Txartel horia Oier eta Mikel Ricorentzat. Athleticek falta arriskutsua izan du alde, baina Raul Garciak giza hesira bota du baloia.

Jon Olano

Jon Olano

17:39
2016-10-30

Bigarren aldaketa egin du Athleticek, zelaitik irten da Beñat eta haren ordez sartu da Mikel Rico.

Jon Olano

Jon Olano

17:36
2016-10-30

Partida trabatuago doa bigarren zatian. 63. minutu igaro dira.

Jon Olano

Jon Olano

17:32
2016-10-30

59. minutua: Txartel horia Muniainentzat, protesta egiteagatik.

Jon Olano

Jon Olano

17:31
2016-10-30

Enrique Martin Monreal eta Ernesto Valverde entrenatzaileak, elkarri bostekoa ematen.

Jon Olano

Jon Olano

17:28
2016-10-30

Iker Muniain eta Fausto Tienza lehian.

Jon Olano

Jon Olano

17:27
2016-10-30

Aldaketa Athleticek: Sabin Merino aulkira eta Aritz Aduriz zelaira.

Jon Olano

Jon Olano

17:24
2016-10-30

Aukera argi-argia alferrik galdu du De las Cuevasek Osasunaren bigarrena egiteko. 51. minutua.

Jon Olano

Jon Olano

17:19
2016-10-30

Hasi da bigarren zatia San Mamesen.

17:03
2016-10-30

ATSEDENALDIA

Partida berdindua San Mamesen, kolpeka doaz bi taldeak. Osasunak indartsu ekin dio partidari, eta hiru aukera barkatu ostean, Oriol Rierak buruz eginiko erremate baten bidez lortu du 22. minutuan iruindarrak aurretik jartzea. Orduan esnatu da Athletic, eta bost minutu geroago berdinketaren gola egin du Raul Garciak, buruz hark ere. Zorte txarra izan du Osasunak lesioekin; jada bi aldaketa egin behar izan ditu.

Jon Olano

Jon Olano

16:57
2016-10-30

Argazkian, Oriol Rierak eginiko gola. Osasunakoak zelaitik irten behar izan du, min hartuta.

Jon Olano

Jon Olano

16:55
2016-10-30

Beste aldaketa bat egin beharrean da Osasuna; Oriol Riera golegilea badoa aldagelara min hartuta, eta Kenan Kodro zelairatuko da. 40. minutua.

Jon Olano

Jon Olano

16:54
2016-10-30

Kontraeraso argia alferrik galdu du orain Osasunak, soilik Athleticeko bi jokalari zeuden Osasunako lau gelditzeko.

Jon Olano

Jon Olano

16:49
2016-10-30

Aldaketa Osasunan, Digardek ezin du jarraitu. Fausto Tienzak ordezkatuko du.

Jon Olano

Jon Olano

16:48
2016-10-30

Osasunak gola egin duenetik aurrerapausoa eman du Athleticek, eta berdinketaren golarekin ez da konforme. Bigarrenaren bila doa. Ordu erdia igaro da jada.

Jon Olano

Jon Olano

16:44
2016-10-30

Athleticen gola

Athleticen berdinketaren gola, Raul Garciaren bitartez.San JOsek sakonean Sabin Merinori, hark erdiratu eta Raul Garciak buruz sareratu du. Bana markagailuan.

Jon Olano

Jon Olano

16:41
2016-10-30

22. minutuan, Athletic nagiak astintzen ari zenean heldu da Osasunaren gola. Rierak barkatuak zituen hiru abagune, eta laugarrenean ez du barkatu.

Jon Olano

Jon Olano

16:39
2016-10-30

Osasunaren gola

Osasunaren gola, Oriol Rierak buruz sareratu du Roberto Torresen erdiraketa.

Jon Olano

Jon Olano

16:33
2016-10-30

17 minutu igarota, baloia gehiago izaten eta aukerak sortzen ari da Osasuna. Barkatzen ari dira gorritxoak.

Jon Olano

Jon Olano

16:20
2016-10-30

Osasunarentzat partidako lehen aukera argia; Oriol Rieraren jaurtiketa hankarekin urrundu du Gorka Iraizozek.

Jon Olano

Jon Olano

16:16
2016-10-30

Hasi da partida San Mamesen.

Jon Olano

Jon Olano

16:15
2016-10-30

Minutuko isilunea San Mamesen.

Jon Olano

Jon Olano

16:06
2016-10-30

Arratsalde on, derbi eguna gaurkoa ere, San Mamesen oraingoan. 16:15etik aurrera aurrez aurre ariko dira Athletic eta Osasuna, helburu aski ezberdinekin. Athleticek garaipena lortuz gero, Europa Ligako postuetara itzuliko da, eta Vila-Realek Eibarrekin galdu ostean, puntu bakarrera luke bosgarren postua. Osasunak, ordea, garaipena behar du jaitsiera postuetatik irteteko.

Jon Olano

Jon Olano


Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna