EUSKARA
Soziolinguistika, eskolara
Tribuaren Berbak ikastetxeetan erabiltzeko egokitu dute. Helburua da ikasleek "errealitate soziolinguistikoa ezagutzea eta gogoeta egitea".

Euskararen egoerari buruzko saioa etena hartua dago telebistan, baina lanean jarraitzen dute arduradunek. Kike Amonarriz soziolinguista buru duen taldeak eskoletan erabiltzeko moldatu du Tribuaren berbak saioa. ETBn 60 kapitulu eman zituzten, eta horiek hamar sekuentzia didaktikotara bildu dituzte, eskoletan lantzeko. Materiala DBHrako dago pentsatuta, baina azaldu dute bestelako mailetan ere erabil daitekeela —Batxilergoan eta unibertsitatean, adibidez—, "egokitzapen batzuk eginda". Bidenabar, euskaltegietarako ere material egokia dela azaldu dute.
Saioa eskoletan erabiltzen ari direla ohartuak ziren lehenago ere; telebistako programak jartzen zizkieten ikasleei. "Ikus-entzunezko material hori material didaktiko bihurtu dugu orain", adierazi du Amonarrizek. EITBren eta Eusko Ikaskuntzaren Asmoz fundazioaren babesarekin landu dute.
Aholkularitza didaktikoa Josune Zabala soziolinguistak eman die. Azaldu du konpetentzietan oinarritutako materiala dela, taldelana eta erronka komunikatiboak ardatz dituena: "Ikasleak gogoetan jarri nahi ditugu soziolinguistikaz". Hor hutsune bat dagoela azaldu du Zabalak: "Ez dugu erabat asmatu dakiguna eskoletara hedatzen". Iñaki Zapirain proiektuaren koordinatzaileak azaldu du soziolinguistikaz haragoko helburuak ere hartu dituztela: “Eduki soziolinguistikoekin batera doaz helburu komunikatiboak ere”.
Material birtuala da Tribuaren berbak-ena, eta Interneten eskura dago jadanik, helbide honetan.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.