AEB-etako hauteskundeak

Porrota mingarria dela onartu, eta Trumpi aukera bat emateko eskatu du Clintonek

Zalantzazkoak ziren estatu gehienetan nagusitu da Donald Trump, eta AEBetako presidente berria izango da. Gainera, Senatua eta Ordezkarien Ganbera ere Alderdi Errepublikanoak kontrolatuko ditu.

Donald Trumpen zale bat, emaitzak ospatzen.
Donald Trumpen zale bat, emaitzak ospatzen. SHAWN THEW / EFE

Jon O. Urain -

2016ko azaroak 9

Kanpainan elkarri mokoka aritu dira, elkarri uuka, elkarri eraso eginez. Donald Trump hautagai errepublikanoaren eta Hillary Clinton demokrataren arteko tentsioa handia izan da, eta bi muturretan daudela erakutsi dute. Orain, baina, kanpaina amaituta, eta emaitza jakinda, giroa baretzeko adierazpenak egin dituzte. Donald Trumpek ez ditu kanpainako ideia gatazkatsuenak ekarri akordura, hauteskundeak irabazi dituela jakin ondoren, eta "guztien presidentea" izango dela hitz eman du. Hillary Clintonek, berriz, emaitza mingarria den arren, onartu egin behar dela eta lanean jarraitu behar dela azpimarratu du. Trumpi aukera bat ematea galdegin die bere jarraitzaileei.

Beste behin, huts egin dute inkestek. Bozketa egunean bertan, New York Times egunkariak Hillary Rodham Clinton Alderdi Demokratako hautagaia jotzen zuen faborito gisa Ameriketako Estatu Batuetako 45. presidentea izateko, baina Donald Trump Alderdi Errepublikanoko hautagaia nagusitu zaio. Clintonek Trumpek baino boto gehiago lortu ditu, baina hauteskunde sistemak Trump egin du garaile. —59,18 milioi boto ditu hautagai demokratak eta 59,04 milioi errepublikarrak—. Izan ere, estatubatuarrek ez dute presidentea zuzenean aukeratzen: 538 ordezkari dauzkate AEBek, estatuetan banaturik. Estatu bakoitzak ordezkari kopuru bat dauka, eta barruti bakoitzean lehian diren ordezkarietan irabazleak soilik puntuatzen du, hau da, garaileak dena eramaten du.

Boto joera argirik ez duten estatuetan egon da aldea, gehien-gehienetan irabazi baitu Trumpek. Ez da sorpresarik izan tradizionalki demokraten edo errepublikanoen alde bozkatzen duten estatuetan, eta, egoera  horretan, erabakigarriak bihurtu dira zenbait estatutako emaitzak; Ohiok, Floridak, Ipar Carolinak eta Pennsylvaniak desorekatu dute lehia Trumpen alde.

Luze joan da gaua, batez ere Clintonen jarraitzaileentzat. Zenbaketa hasi eta berehala lehen estatuak Trumpen aldekoak izan ostean, Florida izan da lehen azterketa. Oso alde txikia izan da bi hautagaien artean eta, botoak zenbatu ahala, ez zen hautagai bat edo beste nagusitzen. Botoen %80-90 ingurura iristean nabarmendu da Trump, bere zakura eramanaz Floridako 29 ordezkariak. Haren ondotik iritsi dira errepublikanoaren garaipen garrantzitsu gehiago; Ohiok ez du hutsik egin, eta oraingoan ere bertan irabazi du AEBetako presidente izango denak. Wisconsingo garaipenak igaroarazi dio 270 ordezkarien muga.

Mendebaldeko estatuek arnasa eman diote Clintoni, ohi bezala, Kaliforniako 55 ordezkariak eskuratu baititu. Gutxi iraun dio pozak, Trumpen alde egin baitute segidan Iowa, Georgia eta Pennsylvaniak. Presidentea nor den jakitea goizaldeko bostak alderako espero bazen ere, hiru ordu gehiago behar izan dituzte irabazlea zehazteko.

Oposiziorik ez Kongresuan

Presidentea ez ezik, Ordezkarien Ganberako kide guztiak eta Senatuko kideen herenak berritu dituzte. Bi ganberetan, gehiengoari eutsi dio Alderdi Errepublikanoak, eta beraz, Trumpek ez du aparteko oposiziorik izango. Hala ere, horrek ez du esan nahi Trump nahieran arituko denik, kanpainan zehar arrakala nabarmenak azaldu dituztelako Trumpek nahiz Alderdi Errepublikanoak.

Edozein kasutan, haren aukeraketak ezustean harrapatu ditu asko, AEBetan nahiz nazioartean. Hauteskunde gauean zehar Trump presidente izateko aukerak hazi diren heinean, hondoratuz joan dira dolarra eta Mexikoko pesoa. Hain justu, dolar bat hogei pesoren balioa izatera heldu da; pesoak dolarrarekiko inoiz izan duen balio apalena da hori.

BERRIAk zuzenean eman du emaitzen berri:

Zuzeneko kontakizuna

20:24
2016-11-09

Netanyahu gonbidatu du

Benjamin Netanyahu Isralego Lehen ministroak Donald Trumpi deitu dio gaur, bere garaipenagatik zoriontzeko. Gustura hartu du deia presidente aukeratu berriak, eta "aukera sortzen denean" AEBetara bisita egiteko gonbita egin dio. Netanyahuk esan dio ez duela Israel baino aliatu hoberik topatuko. Aurretik, mezu bera egin du publiko Israelgo Lehen ministroak, twitterreko bi mezutan.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

18:45
2016-11-09

Obamak trantsizio baketsua nahi du

Jarduneko presidentea, eta presidente aukeratu berria ez dira oso parekoak. Jakina da Barack Obama eta Donald Trump ez direla elkarren zale. Baina, gustuak gustu eta ideologiak ideologia, presidentetik presidenterako trantsizioak baketsua izan behar duela uste du Obamak, eta prentsaurrekoan iragarri duenez, halaxe egiten saiatuko da.

Clintoni ere zuzendu dio mezurik prentsaurrekoan, eta bere alboan egindako lan guztia eskertu dio. Izan ere, Obamaren Estatu idazkari izan da Clinton.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

18:07
2016-11-09

Aukera bat eskatu du Trumpentzat, kartolak irekitzea, zatiketa ahal den heinean gainditzea"

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

18:04
2016-11-09

Washingtoneko Newseum egunkarien azalak jarri ditu ikusgai.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

17:54
2016-11-09

"Gure egunik onenak oraindik iristeko daude", esanez amaitu du diskurtsoa.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

17:54
2016-11-09

Gazteei zuzendu zaie, esateko, beren bidean arrakastak izango dituztela, eta baita porrotak ere: "Baina ez ezazue inoiz ahaztu merezi duela ongia lortzeko borroka egiteak". Emakumezko umeei: "Nahi dituzuen amets guztiak lortzeko balioa eta ahalmena dituzue, ez ahaztu!".

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

17:49
2016-11-09

Trumpek irabazi arren, beraiek ere ardura dutela esan die Clintonek jarraitzaileei: "Hiritar bezala, gure ardura da Amerikerako Estatu Batuak toki hobeagoa eta seguruagoa izan daitezen lanean jarraitzea".

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

17:45
2016-11-09

"Espero dut amerikar guztiontzat presidente ona izango dela"

Eskerrak emanez hasi du bere hitzaldia Clintonek. Txalo zaparrada handia jaso du. "Eskerrikasko lagunak". Harro agertu da egindako hauteskunde kanpainarekin.

Bozak Trumpek irabazi dituela onartu du, eta honela esan du: "Espero dut amerikar guztiontzat presidente ona izango dela". Oraindik AEBetan sinesten duela esan du, eta halaxe egiteko eskatu: "Emaitza onartu eta etorkizunera begiratu behar dugu". Mingarria dela onartuta, mina gainditzeko deia egin du.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

17:41
2016-11-09

Tim Kaine presidenteorde hautagaia atera da Clintonen aurretik, eta azpimarratu du oso harro dagoela Clintonek egin duen lan guztiarekin. Eta lehen emakume presidentea izatera iritsi ez den arren, historia egin duela, aukera errealak zituen lehen hautagaia izatera iritsi delako. Gainera, botoetan irabazi egin duela azpimarratu du.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

17:26
2016-11-09

New Yorker hotelan, txaloka eta 'Hillay Hillary' animoka hasi dira jarraitzaileak, Clinton bazetorrela zirudienean. Batzuk, malkoak begietan. Nolanahi ere, mugimendu batzuk izan diren arren, ez da agertu oraindik.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

17:03
2016-11-09

Clintonen agerraldia hastear da. Emaitzen berri jakin osteko aurreneko agerraldia du. Bart ez du hitz egin. Botoetan Trump baino gehiago da, baina hauteskundeak galdu ditu.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

15:56
2016-11-09

MME Munduko Merkataritza Erakundeak Trumpekin elkarlanean aritzeko prest dagoela esan du, nahiz eta hark kritika gogorrak egin dizkion kanpainan.

EBko ministroek, berriz, afaria egingo dute igandean, Trumpen garaipena eta horrek ekar ditzakeen ondorioak aztertzeko.

Guztiek hartu beharko dute orain beren lekua.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

15:36
2016-11-09

Clintonek boto gehiago

Trump da hauteskundeen irabazle, baina Clintonek hark baino boto gehiago lortu ditu. 59,18 milioi boto ditu hautagai demokratak eta 59,04 milioi errepublikarrak. Oraindik zenbaketa amaitzeke dago, baina aurreikus daiteke, Clintonek zenbatuko dituela boto gehien.

AEBetako hauteskunde sistemaren arabera, baina, Trum izango da presidente. Amagoia Mujika Tolaretxipik honela azaldu zuen sistema, atzoko prebian:

"Estatubatuarrek ez dute presidentea zuzenean aukeratzen: 538 ordezkari dauzkate AEBek, estatuetan banaturik. Estatu bakoitzak ordezkari kopuru bat dauka, eta barruti bakoitzean lehian diren ordezkarietan irabazleak soilik puntuatzen du, hau da, garaileak dena eramaten du. Adibidez, Floridak 29 hautesle dauzka: Clintonek hamabost aterako balitu eta Trumpek hamalau, Clintonentzat lirateke 29ak. Hautesle gehien duten estatuak, berriz, Kalifornia (55), Texas (38), eta New York eta Florida dira (biek 29). Guztira, 270 ordezkari lortzen dituenak irabazten du".

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

15:15
2016-11-09

Urkulluk, errespetua

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak "errespetuz" hartu du Donald Trumpen garaipena. Orain, argitu beharreko galderak daudela ohartarazi du, eta azpimarratu du, espero duela AEBek nazioarteko harremanei eustea, batez ere Europarekin dituenei.

Euskal Herriko enpresentzat AEBetako merkatua "lehentasunezkoa" denez, harreman ekonomikoak "egonkorrak" izaten jarraitzea nahi du Urkulluk, eta Jaurlaritza horretan saiatuko dela azpimarratu du.

Izan ere, Trump presidente aukeratzeak berehalako eragina izan du nazioarteko merkatuetan. Burtsek behera egin dute. Gainera, ikusteko dago EB eta AEBak negoziatzen ari diren TTIParen gainean zer eragin izaten duen Trump aukeratzeak. Momentuz, Trumpek kargua hartu arte negoziaketak gelditu egingo direla esan du Europako Batzordeak. Gero etorriko diren negoziaketetan ez dago jakiterik zein izango den Trumpen jarrera, baina hark kanpainan esan dituenak kontuan hartuta, lehen baino zailagoa dirudi akordioak.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

14:50
2016-11-09

Ostegunean bilduko da Obamarekin

Barack Obama jarduneko presidenteak ere deitu dio Trumpi. Ez du gustukoa Trump, baina zoriondu egin du, eta botere aldaketari bide emateko eguna jarri du: ostegunean Etxe Zurira joateko gonbita egin dio. "Hausturarik gabeko trantsizioa" nahi du Obamak.

Josh Earnest Obamaren prentsa buruak jakitera eman du Clintoni ere deitu diola Obamak, eta kanpaina indartsua egin duela esan diola, "miretsi" egiten duela horregatik.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

12:56
2016-11-09

"Arratsalde garrantzitsu eta zoragarria hauxe! Ahaztutako gizon eta emakumeak ez dira gehiago ahaztuak izango. Denok elkarrekin joango gara, orain arte inoiz ez bezala", dio Trumpek garaipena jakin osteko bere lehen mezuan.

Arantxa Elizegi

Arantxa Elizegi

12:24
2016-11-09

Nazioarteko erreakzioak

Hautagai errepublikanoaren garaipenak denetariko erreakzioak eragin ditu nazioartean. Izan dira oharra helarazi diotenak, EBko Atzerri gaietarako arduradun Federika Mogherini tarteko, esanez AEBen eta Europako Batasunaren arteko harremana "edozein aldaketa politiko baino sakonagoa" dela. Izan dira, Donald Trump zoriontzera mugatu direnak, Europako Batzordeko presidente Donald Tusk, esaterako.
Baina izan dira, baita ere, AEBetako presidentetza errepublikanoen esku geratu izana "tamalgarritzat" jo dutenak, Europako Parlamentuko buru Martin Schulz kasu: "AEBetako beste administrazioekin izan dugun harremana baino zailagoa izango da Trumpekin izango duguna. Ordea, haren garaipena bozketa demokratiko baten emaitza da, eta beraz, errespetatu beharra dago".

Arantxa Elizegi

Arantxa Elizegi

12:00
2016-11-09

Trumpen garaipenaren zergatiak aztertu dituzte Amagoia Mujika eta Samara Velte Mundua saileko kazetariek.

Arantxa Elizegi

Arantxa Elizegi

11:40
2016-11-09

Indian, eskuin muturreko Hindu Sena mugimenduko kideak Trumpen garaipena ospatzen. Ikusi hauteskunde gaueko irudi guztiak BERRIAn.

Arantxa Elizegi

Arantxa Elizegi

11:33
2016-11-09

AEBetako hauteskundeen emaitzak jakiten joan diren heinean, ekaitza indarra hartuz joan da finantza merkatuetan; hori erakutsi dute S&P 500 indizearen etorkizuneko baloreek, une batean %5 amildu baitira.

Hala ere, Trumpen ekaitzak merkatuetan inor hondoratu badu hori mexikar pesoa izan da, %9 inguruko eroketa izan baitu. Euroa, berriz, indartu egin da dolarrarekiko.

Arantxa Elizegi

Arantxa Elizegi

11:22
2016-11-09

Greziako eskuin muturraren arabera, "legez kanpoko migrazioaren aurkako" eta "estatu garbien" garaipena izan da Trumpena.

Arantxa Elizegi

Arantxa Elizegi

10:59
2016-11-09

Kataluniako 'El Periodico' egunkariak ale berezia kaleratu du gaurko egunez.

Arantxa Elizegi

Arantxa Elizegi

10:56
2016-11-09

Denak ez dira gustura Trumpen garaipenarekin. Hainbat hiritan protestak egin dituzte. Kaliforniako Unibertsitatean ehunka lagun irten dire kalera; berdin Oakland, Los Angeles, Portland eta New Yorken ere.

Arantxa Elizegi

Arantxa Elizegi

10:53
2016-11-09

Hemen, Trumpen garaipeneko hitzaldia osorik:

Arantxa Elizegi

Arantxa Elizegi

09:39
2016-11-09

Alaskako hiru ordezkariak ere Trumpentzat.

Arantxa Elizegi

Arantxa Elizegi

08:59
2016-11-09

Batasunera deitu du Trumpek

Garaipena ziurtatu ostean, agerraldia egin du Donald Trumpek. Hillary Clinton hautagai demokrata zoriondu du, eta batasunera deitu ditu AEBetako herritarrak: "Orain unea da AEBek zatiketaren zauriak sendatzeko. Batzeko garaia da". Trumpek esan du haiena ez dela "kanpaina bat" izan, "mugimendu izugarri bat baizik".

Nazioarteko harremanez ere hitz egin du. Harreman "ona" hitzeman du AEBekin harreman ona izan nahi dutenekin. Halaber, agindu du AEBek ez dutela "onena baino gutxiago" izango aurrerantzean: "Herrialde honetako gizon-emakume ahaztuak ez dira gehiago ahaztuak izango".

Jon Olano

Jon Olano

08:46
2016-11-09

TRUMP, PRESIDENTE

Listo. Wisconsineko hamar ordezkariak lortuta, AEBetako presidente izango da Donald Trump. Oraindik ez dituzte estatu guztietako botoak zenbatu, baina Trumpek igaro du jada 270 ordezkariren langa. 45. presidentea izango da. Hillary Clintonek ez du agerraldirik egingo datozen orduetan, baina, CNNk jakinarazi duenez, Trumpi deitu dio haren garaipena aitortzeko.

Jon Olano

Jon Olano

08:27
2016-11-09

Oraindik matematikoki 270 ordezkariren babesera heltzea falta zaio Trumpi, baina egintzat ematen da haren garaipena. Clintonen kanpaina arduradunak azaldu du hautagai demokrata ez dela publikoki hitz egitera irtengo, eta minutu gutxi barru mintzatzekoa da Trump.

Jon Olano

Jon Olano

07:39
2016-11-09

Aspaldiko partez, zenbaketatik albisteak: Pennsylvaniako 20 ordezkariak Trumpentzat dira. Ia egina du.

Jon Olano

Jon Olano

07:24
2016-11-09

AEB osoa kontuan hartuta, Trumpek Clintonek baino 1.300.000 boto gehiago jaso ditu. Hautagai errepublikanoak %48,2 boto eskuratu ditu, eta hautagai demokratak, berriz, %47,1.

Jon Olano

Jon Olano

07:02
2016-11-09

Obamaren agintaldiaren oztopo nagusietako bat izan da Alderdi Errepublikanoak gehiengoa izan duela Senatuan eta Ordezkarien Ganberan, eta horietatik, betoa ezarri diotela hainbat egitasmori. Trumpek ez du arazo hori izango, presidentetzara iritsiz gero: gehiengoari eutsiko diote errepublikanoek bi ganberetan.

Hala ere, horrek ez du esan nahi Trump nahieran arituko denik. Batetik, AEBetako senatari eta kongresistek ez dutelako hainbesteko boto diziplinarik, eta, bestetik, hauteskunde kanpainak agerian utzi duelako Trumpen eta Alderdi Errepublikanoaren arteko arrakala. Errepublikano ugarik ez dute hura babestu, eta primarioetan, Trumpek berak ez zuen ziurtzat jo alderdiko beste hautagairen bat babestuko zuenik.

Jon Olano

Jon Olano

06:47
2016-11-09

Hauteskundeen gardentasunari buruz zalantzak haizatu zituen Trumpek kanpainan zehar, eta atea ireki zion emaitza ez onartzeari. Gero, esan zuen berak irabaziz gero onartuko lituzkeela.

Jon Olano

Jon Olano

06:40
2016-11-09

Zortzi estatu falta dira emaitzak argitzeko: Arizona, Wisconsin, Michigan, Pennsylvania, New Hampshire, Alaska, Minnesota eta Maine. Lehen bostetan, aurretik doa Trump, eta ia ziurra du garaipena Alaskan. Minnesotan eta Mainen Clinton doa aurretik, baina ez da nahikoa, eta Mainen gainera proportzionala da ordezkari banaketa. Miraria behar du Clintonek.

Jon Olano

Jon Olano

06:24
2016-11-09

Ez zegoen argi noren alde egingo zuen Nevadak, eta Clintonentzat izango dira bere sei botoak. 215 ditu hautagai demokratak; Trumpek baino 40 gutxiago.

Jon Olano

Jon Olano

06:04
2016-11-09

Iowako sei botoak ere Trumpentzat dira. 244 daramatza, eta 209 Clintonek.

Jon Olano

Jon Olano

06:01
2016-11-09

Espero zen goizaldeko bostak aldera jakitea nor izango den AEBetako presidentea, eta apur bat beranduago galtzaileak porrota aitortu eta hautagaiek agerraldi publikoa egitea. Seiak badira, eta oraingoz garaile matematikorik ez.

Jon Olano

Jon Olano

05:38
2016-11-09

Georgia ere gorri. 38 ordezkari falta zaizkio Trumpi presidente izateko, eta horiek Wisconsin, Michigan eta Arizonan lor ditzake.

Jon Olano

Jon Olano

05:23
2016-11-09

Bestelako galdeketak ere baziren gaur AEBetan. Coloradon, egoera terminalean dauden gaixoei hiltzen laguntzea onartu dute, esaterako.

Jon Olano

Jon Olano

05:20
2016-11-09

Peso mexikarra, balio urrienean

Inoizko balio urrienera murriztu da peso mexikarra AEBetako dolarrarekin alderatuta. Historian lehen aldiz, dolar batek hogei peso baino gehiago balio du. Donald Trump presidente izateko aukerak hazi ahala murriztu da Mexikoko diruaren balioa.

Jon Olano

Jon Olano

05:13
2016-11-09

Ipar Carolina ere Donald Trumpentzat. Beste hamabost ordezkari, zalantzatien multzoan zegoen estatu batean irabaziz.

Jon Olano

Jon Olano

05:09
2016-11-09

Espero zituen babesak jasotzen ari da orain Clinton: Kalifornia (55) eta Hawaii (4). Trumpek ere jaso du espero zuen beste bat: Idaho (4).

Jon Olano

Jon Olano

05:04
2016-11-09

131 ordezkari ditu oraingoz Clintonek. Mendebaldeko kostaldeko estatuetakoak harentzat izango dira ia ziur: Kalifornia (55), Oregon (7) eta Washington (12). 74 horiek eta Hawaiiko lauak gehituta, 208ra iritsiko litzateke hautagai demokrata.

Trumpek, ordea, 197 ditu. Falta direnetatik, Idaho, Alaska eta Utah ziurrak ditu, eta horiekin 210 lituzke. Bien arteko aldea estatu zalantzatietan dago oraindik, eta zenbaketan Trump da nagusi gehienetan.

Jon Olano

Jon Olano

04:55
2016-11-09

Floridako 29 ordezkariak joan dira Trumpen multzora. Ia 200 boto ditu jada errepublikanoak.

Jon Olano

Jon Olano

04:54
2016-11-09

Clintonen aldekoen aldartea islatzen duen irudia.

Jon Olano

Jon Olano

04:47
2016-11-09

Colorado ere zalantzazkoa zen, eta Clintonentzat doaz bere bederatzi ordezkariak.

Jon Olano

Jon Olano

04:45
2016-11-09

Virginian irabazi du Clintonek, baina urrun du Trump oraindik. Errepublikanoak 168 ordezkari daramatza, eta horri oraindik Floridako 29ak gehitu behar zaizkio.

Jon Olano

Jon Olano

04:35
2016-11-09

Ohio (18) erabakigarria ere Trumpentzat. Gogoan izan: 1900az geroztik, han irabazi duen hautagaia presidente izan da, bi hauteskundetan izan ezik.

Jon Olano

Jon Olano

04:31
2016-11-09

Missouriko hamar ordezkariak ere Trumpen zakura. Hautagai errepublikanoak ez du hutsik egiten errepublikanoen alde bozkatu ohi duten estatuetan, eta aurretik da zalantzatietan.

Jon Olano

Jon Olano

04:30
2016-11-09

Burtsak, gainbehera

Ameriketako Estatu Batuetako hauteskundeen boto zenbaketak aurrera egin ahala, dezente egin dute behera AEBetako nahiz nazioarteko merkatuek. Wall Streetek eta Dow Jones indizeko balioek 500 puntu galdu dituzte, eta Mexikoko monetak, pesoak, dolarrarekiko duen balioaren %8 galdu du.

Jon Olano

Jon Olano

04:26
2016-11-09

Mexiko Berriko bost ordezkariak, Clintonentzat.

Jon Olano

Jon Olano

04:19
2016-11-09

Virginiakoa da Clintonek pozteko duen datu bakarra. Estatu birakari horretan aurretik doa ozta-ozta. Ordea, gorritzen doa mapa; Michiganen ere Trump aurretik doa.

Jon Olano

Jon Olano

04:16
2016-11-09

Floridan botoen %99,2 zenbatuta, 140.000 botoren aldea du Trumpek; %1,5 gehiago. Emaitza horiekin, botoak berrikusteko ere ezingo luke eskatu Clintonek.

Jon Olano

Jon Olano

04:07
2016-11-09

Goizeko laurak igarota, Nevada, Arizona, Utah eta Iwoako emaitzei erreparatu behar zaie aurrerantzean, oraindik zenbaketa amaitu ez den estatuetakoez gain.

Jon Olano

Jon Olano

04:03
2016-11-09

Montana ere Trumpentzat, espero zen legez. 140 ordezkari daramatza errepublikanoak.

Jon Olano

Jon Olano

03:56
2016-11-09

Donald Trumpek irabaziz gero, aintzat hartu behar da ez dela soilik presidentetza; zundaketen arabera, Alderdi Errepublikanoak Senatuaren eta Ordezkarien Ganberaren kontrola ere izango duela.

Jon Olano

Jon Olano

03:54
2016-11-09

63 ordezkari daude jokoan Florida (29), Ohio (18) eta Michiganen (16). Hiruretan irabazi zuen Obamak 2012an, eta hiruretan dago aurretik Donald Trump. Horietan dago garaipenaren zati handi bat.

Jon Olano

Jon Olano

03:50
2016-11-09

Kezka aurpegiak Hillary Clintonen jarraitzaileen artean.

Jon Olano

Jon Olano

03:43
2016-11-09

Virginia, Ipar Carolina, Michigan, Ohio, Florida... guztiak dira joera argirik gabeko estatuak, eta guztietan aurretik dago Trump. Guztietan irabazten badu, Etxe Zurirako bidean da errepublikanoa.

Jon Olano

Jon Olano

03:40
2016-11-09

Ezin estuago doa lehia; New York Times-en aurreikuspenak lehen aldiz kokatu du Trump faborito gisa.

Jon Olano

Jon Olano

03:35
2016-11-09

Louisiana, berriz, Trumpen alde. Ezusteko gutxi oraingoz.

Jon Olano

Jon Olano

03:34
2016-11-09

Connecticuten (7 ordezkari) Clinton garaile.

Jon Olano

Jon Olano

03:30
2016-11-09

Ia ziurra da Trumpen garaipena Floridan, %97 boto zenbatuta %1en aldearekin nagusitzen ari baitzaio Clintoni.

Jon Olano

Jon Olano

03:23
2016-11-09

Honakoa da hautagai bakoitzak ziurtzat jo ditzakeen estatuen eta ordezkari kopuruen mapa. 164 lituzke ziurtzat Trumpek. Floridako garaipena baieztatzen bada, jada badituen 130 ordezkariei Floridako 29 gehitu beharko zaizkio: 159. Eta aldeko estatu batzuk falta ditu oraindik.

Jon Olano

Jon Olano

03:18
2016-11-09

Ipar Carolina, Florida, Ohio... joera argirik gabeko estatuetan, Trump nagusi. Aukerak zabaltzen zaizkio plaza horietan irabaziz gero.

Jon Olano

Jon Olano

03:15
2016-11-09

Trump, aldea handitzen

Bata bestearen atzetik heldu dira erdialdeko estatuetako emaitzak —Ipar eta Hego Dakota, Nebraska, Kansas, Texas...—, eta nabarmen zabaldu da aldea Trumpen alde. Batez ere, Texasko 38 ordezkariak lortu dituelako. Hala ere, sorpresarik ez da izan azken estatuotan, errepublikanoen alde bozkatzeko ohitura baitute.

Jon Olano

Jon Olano

03:05
2016-11-09

Datu berriak: Hego Dakotan irabazi du Trumpek, eta Illinoisen Clintonek.

Jon Olano

Jon Olano

03:02
2016-11-09

Ordezkarien Ganbera, errepublikanoentzat

Ameriketako Estatu Batuetako egunkari nagusien aurreikuspenen arabera, Ordezkarien Ganberak Alderdi Errepublikanoaren esku jarraituko du, nahiz eta Alderdi Demokratak aldea murriztuko duen. 435 eserlekutik 247 daude orain arte errepublikanoen esku, eta 188 dira demokratenak.

Jon Olano

Jon Olano

02:57
2016-11-09

Mississipiko sei ordezkariak ere Trumpen alde. Hala espero zen. Floridako lehian, irabaztear da errepublikanoa.

Jon Olano

Jon Olano

02:48
2016-11-09

Rhode Island Clintonen alde. 48-60 Trump aurretik.

Jon Olano

Jon Olano

02:45
2016-11-09

Hiruretatik aurrera beste bultzada bat jaso lezake Clintonek, orduan hasiko baitira New Yorkeko botoak zenbatzen. Ordu horretatik aurrera jarraitu beharreko beste bat da Colorado, ohiko estatu birakaria. Ordu horretan itxiko dituzte hauteslekuak Texas, Kansas, Louisiana, Ipar Dakota, Hego Dakota, Minnesota, Wyoming, Nebraska eta Wisconsinen.

Jon Olano

Jon Olano

02:39
2016-11-09

Dena ez da presidentetza. Floridan ez da horrenbesteko berdinketarik egon beste bozketa batean: marihuana osasun erabilerarako legeztatzea onartu dute.

Jon Olano

Jon Olano

02:35
2016-11-09

2012an, Floridan 0,9 punturen aldearekin irabazi zion Barack Obama demokratak Mitt Romney errepublikanoari. Ia alde berdina du orain Trumpek Clintonekiko.

Jon Olano

Jon Olano

02:34
2016-11-09

Boto zenbaketa amaitzen ari da Floridan, baina oraindik ez da irabazle argirik; %0,8ko aldea Trumpen alde, botoen %91 zenbatuta.

Jon Olano

Jon Olano

02:29
2016-11-09

Alabama (9) Trumpentzat. Hala espero zen. 44-60 Trump aurretik.

Jon Olano

Jon Olano

02:25
2016-11-09

Hillary Clinton nahiz Donald Trump New Yorken ari dira hauteskunde gaua jarraitzen. Espero da bata eta bestea goizaldeko bostetatik aurrera agertzea jendaurrean.

Jon Olano

Jon Olano

02:23
2016-11-09

Botoen %88 zenbatuta, %48,5na berdinduta leudeke Trump eta Clinton Floridan.

Jon Olano

Jon Olano

02:20
2016-11-09

Tennesseeko 11 ordezkariak ere Trumpen alde. Sorpresarik ez.

Jon Olano

Jon Olano

02:15
2016-11-09

Hego Carolina, Trumpentzat. Hori ere espero zen.

Jon Olano

Jon Olano

02:13
2016-11-09

Marco Rubio Alderdi Errepublikanoko presidentegai izateko lehiatu zen Donald Trumpekin. Floridatik senatari aukeratu berri dute Rubio.

Jon Olano

Jon Olano

02:12
2016-11-09

Clinton aurretik

Ipar ekialdeko estatu ugaritan nagusitu da Clinton: Delaware, DC, Massachussets, Maryland eta New Jerseyn. Trumpek, berriz, Oklahoma bereganatu du. Sorpresarik ez, gertatutakoa gertatzea espero baitzen horietan guztietan.

Jon Olano

Jon Olano

02:02
2016-11-09

02:00; hauteslekuak itxi dituzte beste hamasei estatutan, eta aurki espero dira lehen emaitzak.

Jon Olano

Jon Olano

01:59
2016-11-09

Lehia ezin estuagoa Floridan: apenas dagoen alderik bi hautagaien artean. New York Times-en arabera, botoen %71 inguru zenbatu dituzte jada.

Jon Olano

Jon Olano

01:56
2016-11-09

Kolore aldaketa berriro: Florida eta Ipar Carolina Clintonen aldekoak dira orain. Denbora apur bat beharko da aldeak handitzen eta garailea argitzen joateko.

Jon Olano

Jon Olano

01:48
2016-11-09

Washington Post nahiz New York Times egunkariak gorriz —Trumpen alde— ari dira marrazten ekialdeko estatu ugari; tartean daude estatu birakari ugari, Florida, Georgia eta Ipar Carolina kasu.

Jon Olano

Jon Olano

01:41
2016-11-09

Hauteskunde ezberdina izanagatik, adierazgarria izan daiteke hau: ABCren arabera, Rob Portman errepublikanoa nagusi Ohion Senaturako bozetan. Gogoratu presidentetzako bozetan Ohion irabazi duenak ia beti lortu duela presidentetza.

Jon Olano

Jon Olano

01:36
2016-11-09

Espero zen bezala, Mendebaldeko Virginia ere Donald Trumpen alde. 24-3 oraingoz hautagai errepublikanoa aurretik.

Jon Olano

Jon Olano

01:34
2016-11-09

Izugarria da New York Times-ek hauteskunde gauerako prestatutakoa. Kazeta horren une honetako iragarpenaren arabera, %81eko aukera du Clintonek presidente izateko. 323 ordezkari izango ditu, NYT-en ustez.

Jon Olano

Jon Olano

01:28
2016-11-09

%62-63ko babesa jasota nagusitu da Trump Indianan eta Kentuckyn. %53 boto jaso ditu Clintonek Vermonten.

Jon Olano

Jon Olano

01:26
2016-11-09

Arazo teknikoak izan dituztela-eta, luzatu egin dute botoa emateko ordutegia Ipar Carolinan. Joera argirik gabeko estatuetako bat da.

Jon Olano

Jon Olano

01:22
2016-11-09

New York Times egunkaria hasi da Floridari buruzko aurreikuspenak egiten, eta Clintoni oso alde txikia ematen dio. Duela minutu gutxi, Trumpen aldekoa zen aurreikuspena. Lehia estua egon liteke gakoa izan daitekeen estatuetako batean.

Jon Olano

Jon Olano

01:17
2016-11-09

Mike Pence Indianako gobernadorea da Trumpen presidenteorde izateko hautagaia. Bere estatuan irabazi dutela jakin eta berehala idatzi du sare sozialetan: "Eskerrik asko Indiana, Berriro Amerika Handi Egitearen alde bozkatzen aurreneko estatua izateagatik".

Jon Olano

Jon Olano

01:13
2016-11-09

Hasi dira lehen datuak iristen; Vermonteko hiru ordezkariak lortu ditu Clintonek, eta Indiana eta Kentuckykoak Trumpentzat dira (19). Sorpresarik ez, beraz.

Jon Olano

Jon Olano

01:09
2016-11-09

Presidenteaz gain, Kongresua

Presidentea aukeratzeaz gain, AEBetako Kongresua zein kolorekoa izango den dago jokoan. Bi ganbera ditu AEBetako Kongresuak; Ordezkarien Ganbera eta Senatua. Aurrenekoan, 435 ordezkariak aukeratu dituzte gaurko bozketan. Bigarrenean, 100 senataritik 34 berrituko dituzte gaur. Senatuaren kontrola errepublikanoen esku dago orain, eta demokratek lau eserlekuren aldearekin irabazi behar dute gaur Senatuan gehiengoa berreskuratzeko.

Jon Olano

Jon Olano

01:06
2016-11-09

Boto zenbaketarako, gogoratu beharrekoak:

- 538 ordezkaritatik 270 lortu behar ditu hautagai batek irabazteko.

- Gehiengo sistemaren arabera eskuratzen dituzte ordezkariak: estatu batean nagusitzen den hautagaiak estatu horretako ordezkari guztiak lortzen ditu. Maine eta Nebraska dira salbuespenak; boto proportzionala dute hor.

- Ordezkari kopurua ezberdina da estatuaren arabera. Kaliforniak, esaterako, 55 ditu, eta Montanak, adibidez, hiru. Biztanleriaren araberakoa izan ohi da banaketa, gutxi gorabehera.

Jon Olano

Jon Olano

00:58
2016-11-09

Estatu askotan ia ziurra da botoaren joera. Horren arabera, 203 ordezkari ziurtzat jo ditzake Clintonek, eta 164 Trumpek.

Jon Olano

Jon Olano

00:56
2016-11-09

Florida izango da adi jarraitu beharreko beste estatu bat; 02:00etan itxiko dituzte bertan hauteslekuak, eta 29 ordezkari daude jokoan bertan. Gogoan izatekoa da 2000. urtean erabakigarria izan zela George W. Bush eta Al Goreren arteko lehian; hain izan zen estua, boto guztiak zenbatu behar izan zituztela berriro, eta bost egun igaro behar izan ziren irabazlea nor zen jakiteko. Epaileek erabaki zuten garailea.

Jon Olano

Jon Olano

00:53
2016-11-09

01:30ean arreta piztea komeni da: ordu horretan itxiko dituzte joera argirik ez duten zenbait estatutako hauteslekuak, eta zenbatzen hasiko dira. Ipar Carolina eta Ohio daude multzo horretan.

Jon Olano

Jon Olano

00:43
2016-11-09

Parte hartze handia espero da

Hauteskunde historikoa izan daiteke gaurkoa AEBetan, parte hartzeari dagokionez; 47 milioi lagunek eman dute botoa hauteskunde eguna heldu aurretik, eta Floridan edo Nevadan erabakigarria izan liteke gainera. Floridan, 2012ko bozekin alderatuta, %36 hazi da boto aurreratua.

Jon Olano

Jon Olano

00:37
2016-11-09

Zundaketen arabera, botoa eman duten lautik hiruk duela hilabete baino gehiago erabaki zuten zer bozkatuko zuten.

Jon Olano

Jon Olano

00:19
2016-11-09

Hasi dira aurreneko bozkalekuak ixten, Indianan eta Kentuckyn. 01:00etan itxiko dituzte Georgia, Hego Carolina, Vermont eta Virginiakoak.

Jon Olano

Jon Olano

22:05
2016-11-08

Gauerditik aurrera xehe eta zehatz

Euskal Herrian gauerdia denean itxiko dituzte hauteslekuak ekialdeko estatuetan, eta orduantxe hasiko dira botoak zenbatzen. BERRIAk ere orduan ekingo dio kontaketa zehatzari.

00:30ean itxiko dituzte beste bi estatu birakaritako hautetsontziak: Ipar Carolinakoak eta Ohiokoak. Mendebaldeko estatuetan Euskal Herrian 05:00ak direnean itxiko dituzte, eta minutu gutxi geroago espero da garailea nor izango den jakitea, aurrez zenbatuta izango dituztelako estatu zalantzati gehienetako botoak. Ordu horren inguruan jakin zen nork irabazi zituen bozak 2012an eta 2008an.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

22:02
2016-11-08

Epaileak baztertu egin du Trumpen taldeak Nevadan jarritako salaketa. Ikusi egin beharko da salaketa gehiago jartzen dituzten edo ez, emaitzak onartzen dituen edo ez... itxura guztien arabera, emaitzen araberakoa izango da Trumpen jarrera.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

21:29
2016-11-08

Trump mehatxuka

Kanpainan ere esan izan du Donald Trumpek iruzurra gertatzeko arriskua ikusten duela, eta ez dakiela emaitzak onartuko dituen edo ez. Gaur berretsi du, bera irabazlea ez bada, litekeena dela emaitzak ez onartzea.

"Ikusiko dugu gauzak nola doazen. Zortea baldin badago, ondo joango dira, eta ez dugu kezkatu beharrik izango", esan du Fox Newsen egien dioten elkarrizketa batean, "horrek esan nahi du zorte pixka batekin irabazi egingo dugula". Prozesu guztia "zintzoa" izatea nahi duela esanez errematatu du.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

19:43
2016-11-08

Irregulartasun salaketa, Trumpek

Hauteskunde eguna amaitu aurretik, Trumpen taldeak salaketa jarri du. Nevadan irregulartasunak izan direla salatu dute. Joan zen astean Clark konderriko bozkaleku bat behar baino bi ordu gehiagoz eduki zutela irekita. Dan Kulin konderriko bozeramaileak gezurtatu egin du salaketa, ilaran zen jendearen botoa prozesatu besterik ez zutela egin azaldu du. Trumpen taldeak eskatu du egun horren aurreko botoak ez nahasteko ondorengoekin.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

18:58
2016-11-08

Bozkalekuaren barruan ez du kontrakorik topatu Trumpek. Berak behintzat ez ditu ikusi, eta haserre aurpegirik ez; irribarrez agurtu ditu denak.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

17:57
2016-11-08

Trumpen arabera, "dena oso ondo ari da ateratzen"

Manhattanen bozkatu du Donald Trumpek, eta baikor azaldu da: "Oso itxura ona dauka, dena ondo ari da ateratzen". Trump Tower eraikinetik gertu eman du botoa, Clintonek baino hiru ordu geroago. Jendez beteta zegoen aretoan, bere kontrako oihu batzuk ere entzun dira. "Egun interesgarria" dela esan die komunikabideei.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

15:47
2016-11-08

Clinton, irabaziko duen konfiantzarekin

New York estatuko Chappaqua herrian bozkatu du Clintonek, Westchester konderrian, eta komunikabideei esan die, konfiantza daukara bozak berak irabaziko dituela: "Irabaztea espero dut". Hitz gutxi batzuk egin ditu, eta esan du, oso garrantzitsuak direla gaurko bozak: "jende asko dago murgilduta, eta ardura handia dago jokoan".

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

13:59
2016-11-08

Baikor esnatu da Donald Trump:

Jon Olano

Jon Olano

13:56
2016-11-08

Hauteskunde gauaren orduak

Aintzat hartuta AEBetako ekialdeko eta mendebaldeko kostaldeen artean —eta horien eta Euskal Herriaren artean— dagoen ordu aldea, nahasgarria izan liteke emaitzak noiz helduko diren jakitea. Segidan azalpentxo bat:

Euskal Herrian gauerdia denean itxiko dituzte hauteslekuak ekialdeko estatuetan, eta orduantxe hasiko dira botoak zenbatzen. 00:30ean itxiko dituzte beste bi estatu birakaritako hautetsontziak: Ipar Carolinakoak eta Ohiokoak. Mendebaldeko estatuetan Euskal Herrian 05:00ak direnean itxiko dituzte, eta minutu gutxi geroago espero da garailea nor izango den jakitea, aurrez zenbatuta izango dituztelako estatu zalantzati gehienetako botoak. Ordu horren inguruan jakin zen nork irabazi zituen bozak 2012an eta 2008an.

Jon Olano

Jon Olano

11:59
2016-11-08

Asier Blas Mendoza EHUko irakasleak argi azaltzen du gaur BERRIAn nola funtzionatzen duen AEBetako hauteskunde sistemak, eta zergatik zailtzen dituen sakoneko aldaketak: "Batak zein besteak irabazi, errealitatea da AEBetako presidenteak pentsatu ohi dugun baino botere txikiagoa duela. Izan ere, iparramerikar sistema politikoaren printzipio nagusietako bat da botere sakabanaketa. Betodun jokalari askok dute zeresana politikak diseinatu eta aurrera eramateko orduan. Sistema konplexua da emaitza kontserbadoreak izan ditzan. Horregatik, gobernua eta botere legegilearen artean ez dago loturarik, kolore batekoa izan daiteke bata, eta beste kolore batekoa bestea. Baina hor ez da bukatzen botere sakabanaketa, legegileak bi ganbera simetriko ditu: Ordezkarien ganbera eta Senatua. Lehenengorako bi urtetik behin hautatzen dira ordezkariak, eta bigarrengorako sei urtetarako hautatuak izaten dira senatariak; baina, bi urtean behin, ganberaren herena berriztatzen da, soilik jarraitutasuna eta moderazioa segurtatzeko".

Jon Olano

Jon Olano

11:40
2016-11-08

Zergatik ohio?

AEBetako hauteskundeetan Ohiok izan ohi du aparteko protagonismoa. Bertan, hemezortzi ordezkari daude jokoan, Kalifornian (55) edo Texasen (38) baino dezente gutxiago. Horiek, ordea, argi daude posizionatuta demokraten edo errepublikanoen alde.

Ohio, berriz, estatu birakaria da; ez du joera argirik izaten. 1900az geroztik, bi hauteskundetan izan ezik, Ohion irabazi duen hautagaia aukeratu dute AEBetako presidente.

Jon Olano

Jon Olano

11:34
2016-11-08

Zenbait kontu: Clinton edo Trump AEBetako 45. presidentea izango dira. Duela lau urte baino lehia estuagoa espero da: 65.915.795 boto jaso zituen Barack Obamak, eta 60.933.504 Mitt Romneyk. 332 ordezkari eskuratu zituen hautagai demokratak, eta 206 errepublikanoak.

Jon Olano

Jon Olano

09:43
2016-11-08

Bozketa eguna baliatuko dute hainbat estatutan beste gai batzuen inguruan ere galdetzeko. 35 estatutan 154 galdeketa egingo dituzte, besteak beste, marihuana legeztatzeaz, heriotza zigorraz, gutxiengo soldataz eta aurrekontuez. Kalifornia da galdera gehien egingo duena: hamazazpi.

Jon Olano

Jon Olano

09:30
2016-11-08

Hart's Locationekoak izan dira AEBetan botoa eman duten lehen herritarrak. New Hampshireko herri horrek 50 biztanle baino gutxiago ditu, eta Hillary Clintonen alde egin du; hautagai demokratak hamazazpi boto jaso ditu, eta Trumpek hamalau. Ohitura da bertan biztanleak gauerdia baino lehen udaletxean elkartzea, denek batera botoa emateko.

Jon Olano

Jon Olano

09:25
2016-11-08

Goizaldean egin dituzte Clintonek eta Trumpek kanpaina amaierako ekitaldiak. Clintonek Ipar Carolinan egin du azken ekitaldia, eta Trumpek Michiganen; biek ala biek, botoaren kolorea argi ez dagoen bi estatutan.

Jon Olano

Jon Olano

09:22
2016-11-08

227 milioi herritar daude gaurkoan botoa ematera deituta. Presidentea aukeratzeaz gain, Ordezkarien Ganbera osoa eta Senatuaren herena aukeratu beharko dute.

Jon Olano

Jon Olano

09:20
2016-11-08

Egun on, heldu zaie eguna Ameriketako Estatu Batuetako herritarrei Donald Trump eta Hillary Rodham Clinton hautagaien artean presidente bat aukeratzeko. Bozketa egunaren nahiz hauteskunde gauaren zuzeneko kontakizuna egingo du BERRIAk.

Jon Olano

Jon Olano


Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna