KULTURA

Ramon Saizarbitoriarentzat Gipuzkoako Urrezko Domina

Idazle donostiarrak jasoko du Gipuzkoako Foru Aldundiak eman ohi duen saria.

Ramon Saizarbitoria, Donostian, 'Lili eta biok' liburua aurkeztu aurretik.
Ramon Saizarbitoria, Donostian, 'Lili eta biok' liburua aurkeztu aurretik. Jon Urbe / Argazki Press

Berria -

2016ko azaroak 8

Iaz Juan Antonio Urbeltzi eman, eta aurten Ramon Saizarbitoriak (Donostia, 1944) jasoko du Gipuzkoako Urrezko Domina. Abenduaren 15ean foru jauregian izango da ekitaldia.

Bi alorretan egindako merezimenduak aitortu nahi dizkio Foru Aldundiak: "Euskara batua euskararen eredu estandar gisa jakintzaren, komunikazioaren, kulturaren eta, oro har, gizarte bizitzaren alor guztietan finkatzeko egindako lana; eta euskal literatura modernoari egindako ekarpena". Imanol Lasa bozeramailearen esanetan, "bizirik diren euskal idazleen artean emankorren eta jorien artean dago zalantzarik gabe; hau aski litzateke domina berari emateko. Baina euskal idazle izateko jokamolde baten aitorpena izan nahi luke ere bereizgarri honek, ezer baino lehenago: euskara batuari bidea zabaldu zion kultur belaunaldi baten aitorpena".

"1964ko belaunaldi deitutako idazle gazte talde batek" jokatutako paper erabakigarria ekarri du gogora Lasak, "euskara batuaren berehalako gauzatzea eta etorkizuneko bizitza ziurtatzeko. Ramon Saizarbitoria belaunaldi hartako idazle nabarmenena izan zen, euskara batua literaturgintzarako eta, oro har, kultur egintzarako tresnatzat hartu zuten aitzindarietako bat, konpromiso intelektual argi batez gain, engaiamendu pertsonal zorrotz eta eragile bat erakutsita". 

Idazlea, genero ugaritan baina batez ere eleberrigintzan zaildua, euskal literatura modernoaren aitzidarietakotzat jo ohi da. 1969an Egunero hasten delako nobela argitaratuz ekin zion literatur ibilbideari, eta birritan irabazi du Euskadi saria: 2000n Gorde nazazu lurpean eleberriarekin eta 2013an Martutene-rekin. Iaz, Lili eta biok argitaratu zuen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna