Egile eskubideak

PPren kanon digitala, bertan behera

Espainiako Gobernuak egileen eskubideak zaintzeko onartutako araudia bertan behera utzi du Espainiako Auzitegi Gorenak, ekainean Europako Batasunak egin bezala.

Erabiltzaileek kontsumo pribaturako kopiak egin ditzakete, autoreei konpentsazioa ordaintzearen truke. LUCA PIERGIOVANNI / EFE
Ander Perez Argote
2016ko azaroaren 11
12:58
Entzun

PPk gidatutako Espainiako Gobernuak, 2012an, sortzaileak lanen kopia pribatuengatik konpensatzeko sistema onartu zuen. Kanon digitala esaten dioten arauaren bitartez, estatuko aurrekontu orokorrekin ordaintzen zitzaien egileei, haien obraren kopiek eragindako kaltearen konpentsazio gisara. Alegia, kopiak egindako erabiltzaileek ordaindu beharrean, aurrekontuen bitartez ordaintzea erabaki zuen. Egeda, Dama eta Vegape egile eskubideen inguruko elkarteek helegitea aurkeztu zuten auzitegietan, kanon digitalak Europako Batasunaren araudiarekin talka egiten zuelakoan.

Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak, ekainean, arrazoia eman zien elkarte horiei, eta atzera bota zuen Espainiako kanon digitala. Halere, baliogabetzea indarrean sartzeko, Espainiako Auzitegi Gorenak erabakia bere egitea falta zen. Gaur, azkenean, aspaldi espero zena bete da: auzitegiaren ustez, "aplikaezina" da neurria, eta ez dago Europako arauditik salbuesteko arrazoirik. Hortaz, erabat baliogabetu du.

Legediak pertsona fisikoek erabilera pribaturako egiten dituzten kopiak baimentzen ditu, autoreei konpentsazio bat ematearen truke. 2012ra arte, zerga ezartzen zitzaien kopiak egiteko tresnak —grabagailuak edota fotokopiagailuak, kasurako— erosten zituzten erabiltzaileei. PPk, ordea, araudia aldatu zuen, eta konpentsazioa herritar guztien zergen bitartez eta aurrekontu orokorren bitartez ordaintzea zehaztu zuen. Azkenean, bertan behera geratu da neurri hori.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.