DONOSTIa 2016

Euskal presoen lanak zentsuratzea onetsi dute Espainiako Gobernuak eta Gipuzkoako Aldundiak

Iñigo Mendez de Vigoren ustez, euskal presoen lanak erakusketan plazaratzeak "biktimen sentsibilitatea zauri zezakeen". Markel Olanok "ehuneko ehunean" babestu ditu Donostia 2016ren azalpenak.

Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egiten ari dira erakusketa. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS
2016ko azaroaren 18a
10:57
Entzun

Lekurik gabe, denborarik gabe. Giltzapekoak erakusketan jarri behar zituzten presoen lanak, Donostia 2016ren testuinguruan. Ordea, antolakuntzak zentsuratu egin zituen Marrazki bilduma bat, margolan bat eta bideo-film bat, euskal presoek eginak zirelako.

Erabakiak erreakzio soka luzea eragin du. Espainiako Gobernuko bozeramaile Iñigo Mendez de Vigok ontzat jo du euskal presoen lanak ez erakustea, "biktimen sentsibilitatea zauri zezaketelako". Mendez de Vigok azaldu du lanok zentsuratzeko erabakia Donostia 2016 Fundazioaren zuzendaritzak hartu zuela: "Gobernu hau beti egongo da biktimen ondoan".

Pablo Berastegi Donostia 2016ko zuzendariak zehaztu du "zentsura" horrek "terrorismoaren biktimekiko errespetuarekin zerikusia" duela: "Donostia 2016 erabat jabetzen da, egoera konplexuetan, balio ezberdinak tentsioan, kontraesanean eta talkan sartzen direla".

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak ere "ehuneko ehunean" babestu du Donostia 2016ren erabakia, eta "indarkeria eta terrorismoa nozitu duten milaka pertsonen sentsibilitatea mantentzearen garrantzia" azpimarratu du. Olanoren esanetan, "demokrazia orotan adierazpen askatasunak bere bidea izan behar du eta errespetatu behar da", baina ñabartu du ezin dela "mugarik gabeko adierazpen askatasuna" izan.

EH Bildu eta Ahal Dugu, aurka

EH Bilduk "oso larritzat" jo du gertatutakoa, eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan Markel Olano ahaldun nagusia eta Denis Itxaso Kultura diputatua agertzeko eskatu du, "argitu dezaten zeinek hartu duen artisten eta komisarioen adierazpen askatasunaren aurkako erabakia". Gainera, EAJ eta PSEri exijitu die neurriak har ditzatela "urratutako eskubideak onbideratzeko eta egun gertatzen ari den zentsurarekin amaitzeko lehenbailehen".

Ahal Dugu-k ere kritikatu Itxasok "naturaltasunez onartzea artelanen zentsura". "Harridura" azaldu du, "elkarbizitzarako kultura" lelotzat duen kultur hiriburu baten testuinguruan, artelanak zentsuratzeko "zentzugabekeria" egin dutelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.