Politika

Zendu da Maria Jesus Agirre, Gasteizko alkateorde ohia

Hiriko gizarte politika modernoak sustatu zituen administrazio barrutik, 38 urteko ibilbide politikoan

Agirre, 2003ko argazki batean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
Jon Rejado.
2016ko azaroaren 19a
08:51
Entzun

Ostiral gauean zendu zen Maria Jesus Agirre. Aitzindaria izan zen politikagintzan: batetik, gizonezkoena zen testuinguru batean egin zuen aurrera; bestetik, Gasteizko gizarte zerbitzuak gaurkotu eta sustatu zituen, administrazio barrutik.

Gaztea zenetik gizarte zerbitzuenganako grina agertu zuen. Gizarte Langintza ikasi zuen Bilbon, eta, ikasketak amaituta, Gasteizen hasi zen lanean. Orduan ezagutu zuen Jose Angel Cuerda; Gasteizko alkate ohia abokatua zen, eta Agirrek eskatu zion babesgabetasun egoeran zeuden emakumeei laguntzeko.

Cuerda eta Agirre elkarrekin sartu ziren Gasteizko Udalean, 1979. urtean. Agirrek udalean eman zuen bizitza politiko gehiena; alkateordea izan zen, baita zinegotzia ere. Jose Angel Cuerdak hainbatetan goratu du Agirreren lanaren garrantzia. “Gizarte gaietan egindako guztia beragatik egin da”, aitortu izan du elkarrizketetan.

Udaletik kanpo ere aritu zen politikagintzan: Arabako Gizarte Ongizateko diputatua izan zen 1983tik 1987ra arte; Arabako Biltzar Nagusietako batzarkidea izan zen; eta Espainiako Diputatuen Kongresuan egon zen bi urtez, besteak beste.

Alderdi politiko guztietako ordezkariek, aho batez, nabarmendu dute Maria Jesus Agirrek egindako lana, eta dolumin mezuak bidali dizkiote haren senideei. Gorka Urtaran, Gasteizko alkatea, Maria Jesus Agirreren semea da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.