herri galdeketak

Puzzleko beste bi pieza

Euskal Herriaren estatusaz galdetuko dute bihar Bakaikun eta Diman. Katea ez da eten: orain arte 36 kontsulta egin dira, eta datorren urterako 111 daude iragarrita.

Enekoitz Esnaola -

2016ko azaroak 26

Etxarri Aranatzen (Nafarroa) egin zuten Euskal Herriaren estatusari buruzko aurreneko herri galdeketa, 2014ko apirilaren 13an, baina ikusteko zegoen euskal Arenys de Munt izango zen hura. Katalunian 2009ko irailetik 2011ko apirilera arte 554 galdeketa egin zituzten; Arenys de Muntekoa izan zen lehendabizikoa. 948 udalerrietatik %58tan egin zituzten kontsultak han. Euskal Herrian orain arteko 36ak, biharko biak eta 2017rako iragarrita dauden 111k kontuan hartuta, datorren udarako 149 udalerritan egongo dira galdeketak eginda, euskal 686 udalerrietako %21etan. 

Gure Esku Dago dinamikak abenduaren 17an 2019ra arteko bide orria aurkeztuko du, Iruñean, eta han esango du galdeketa gehiago sustatzeko asmoa daukala. Tokian tokiko herritarrek erabakiko dute egin ala ez, noiz...

Bakaikun (Nafarroa) eta Diman (Bizkaia) egitera doaz, bihar, pausoa luzatu baitzuten hangoek. «Horrelako prozesu bat hastea eta aurrera eramatea zaila da, baina guk ere hartu genuen egiteko erabakia», dio Itziar Esparza Dimako batzorde sustatzaileko kideak. Bietan joan den ekainean ziren kontsulta egitekoak, baina Espainiako Gorteetarako hauteskundeak ekainaren 26an jarri zituztela-eta udazkenera pasatu zuten data. Esparzaren arabera, berdin dio egunak; balio duena kontsulta egitea da. «Bakaikuk eta guk orain egingo dugu, beste 34 herrik ekainaren 5ean egin zituzten, Etxarri Aranatzek eta Arrankudiagak duela bi urte, eta datorren urtean dozenaka tokitan egingo dituzte. Argazki orokor hori islatzea da garrantzitsuena, ikusteko Euskal Herrian badela erabakitzeko eskubidea gauzatzearen aldeko herritar dinamika bat». Puzzleko beste bi pieza dira Dima eta Bakaiku.

«Ilusioaren» sortzaile

Herri galdeketak, Ernesto Leitza Bakaikuko batzorde sustatzaileko partaidearen arabera, «ilusioa» sortzen du. «Nabaritu dugu hori herrian, jendea beste ekinbide batzuetara baino errazago bildu delako honetara. Gogoz hartu du parte ekintzetan. Adibidez, bideo batean herritarrak kantuan jarri ditugu; 148 lagun denera, ia herri erdia. Bideo batean bestela azaldu ere nahi izaten ez duen jendea kasu honetan segituan animatu da parte hartzera. Berria da hori, zerbait onaren seinale».

Udalerri txikiak dira biak: Diman 1.400 lagun pasatxo bizi ziren iaz; Bakaikun, 330. Biharko galdeketan Diman 1.207 laguneko errolda izango dute, eta Bakaikun, kasik 300ekoa. Parte hartze ona espero dute. Orain arteko kontsultetan ikusi denez, oro har, herri txikietan partaidetza handiagoa lortu dute. «Logikoa da, errazago iristen zarelako jendearengana», Esparzak dioenez, «baina horrek ez du esan nahi konfiatuta egon behar zarenik. Aurretik lan handia egin behar izan dugu herriko sentsibilitateak egitasmo honetan batzeko». Batean eta bestean 1979tik hona hautetsi izandakoak elkartu dituzte, kasurako. Leitzak azaldu du kontsultarako lantaldeak eratzean ere «aniztasuna» lortzea izan dutela helburu, eta ekinbideetan «prozesu parte hartzaileak» egin dituztela; «galdera erabakitzean, adibidez». Aitortu dute «pozik» daudela egindako lanaz.

«Kutsakorra da»

Orain arteko 36 galdeketetatik bi baizik ez dira izan Bizkaian —Arrankudiagan eta Ispasterren— eta bat Nafarroan —Etxarri Aranatzen—. 32 Gipuzkoan egin dituzte, eta bat, Araban. Esparzak ez dauka horregatik kezka berezirik: «[Gipuzkoako] Goierrin aspalditik lan bat zuten egina, eta eskualdeko 23 herriak animatu ziren galdeketa egitera. Bizkaia aldean han baino geroago hasi gara gai hauekin lanean, baina ari dira herriak animatzen. Datorren urtean Durangaldean, Lea-Artibain, Busturialdean edota Uribe Kostan egingo dituzte kontsultak. Azken batean, hau dena kutsakorra da». Garrantzitsua deritzo, gainera, elkarrekin aritzeari. Joan den astean, Gure Esku Dago-ren zuzendaritzaren bilera bat baliatuz, Dimako eta Bakaikuko batzordeetako hainbat kide Beasainen (Gipuzkoa) batu ziren herritarrei bihar parte hartzeko dei egiteko. Festarako egitarauak prestatu dituzte, gainera. 

Galdetzeko eta parte hartzeko ohitura sustatu beharra ikusten dute bi bozeramaileek. Ez Diman eta ez Bakaikun ez dira sekula egin herri kontsultak. Biharkoa dute aurreneko ariketa. Esparzak uste duenez, «pedagogia lana dago egiteko, jendeak ikus dezan erabakitzeko eskubidea zernahitarako erabil daitekeela».

Aipatutako bi herrietan azken txanpan dira. Beste batzuetan, bidea prestatzen hasiak. Esate baterako, atzo EHUko Hernaniko (Gipuzkoa) hainbat langilek adierazpen bateratu baten bidez jakinarazi zuten BagaGiltza ekimenarekin bat egin dutela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna