KULTURA

Suediako telebistak 1963an Euskal Herrian eginiko grabaketa batzuk berreskuratu dituzte

Argibel Euba etnologoak, Euskal Herriko Unibertsitateko Mikel Laboa Katedrari esker, dokumentalak aurkitu, eta horien inguruko ikerketa eta identifikazio lana egin du.

Berria -

2016ko azaroak 30

200 nobedade inguru aurkeztuko ditu EHUk Durangoko Azokan. Horien artean, Basker. 1960ko hamarkadako euskal kulturari buruzko suediar dokumentalak; "harribitxia", Jon Zarate Euskara Arloko errektoreordearen esanetan. 1960ko hamarkadan, Suediako SVT telebista kateak euskal kulturari buruzko bi dokumental grabatu zituen.

Basker eta Bondei i Baskerland dokumentalak ahaztuak egon dira orain arte. Eubak dokumentalen deskribapen zehatza osatzeaz aparte, egileei buruzko informazioa, egileek Euskal Herrian bertako gidariekin batera eginiko ibilbidea deskribatu du, eta horrekin batean, filmen analisia eta dokumental bien eragin eta garrantziaren ebaluazioa. EHUk azaldu duenez, "balio historiko eta etnografiko berezia" dute dokumentalek, euskal kulturak azken hamarkadetan izandako "aldaketa sakonak agerian" uzten baitituzte: erreportari suediarrek gai ugari landu zituzten, baina folkloreak, hau da, musika eta dantza tradizionalaren adierazpideak piztu zuen batez ere euren jakin-mina".

Gaur, gainera, Euskararen Egunaren inguruko ekitaldien barruan, EHUren hiru campusetan ikusi ahalko da, 13:00etan. Estreinaldia izango da Euskal Herrian. Eta abenduaren 5ean, Durangoko Azokan bertan aurkeztuko dute, 16:00etan, Areto Nagusian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna