ATHLETIC 3-1 EIBAR

Derbia, Athleticentzat

Valverderen taldeak 3-1 irabazi dio Eibarri.

Gol ikusgarria egin du Beñat Etxebarriak.
Gol ikusgarria egin du Beñat Etxebarriak. LUIS TEJIDO / EFE

Jon O. Urain -

2016ko abenduak 4

Europako postuetara jauzi egitea zegoen jokoan San Mamesen, Athleticen eta Eibarren arteko partidan. Lehia horretan, Athletic izan da nagusi; zuri-gorriek hiru gol sartu, eta hiru puntuak eskuratu dituzte; hala, sailkapenean gora egin dute, eta, bide batez, Eibar gainditu.

Oso trabatua hasi da partida, eta ugari izan dira kolpeak eta min hartu duten jokalariak aurreneko hogei minutuetan. Eibarrek goran egin dio presio Athletici, eta zelai erdiko deman ez da talde bat argi nagusitu. Hori horrela, aukera argirik ere ez dute sortu ez Athleticek ezta Eibarrek ere. Ordu erdia igaro eta gero hasi dira zelaian hutsuneak zabaltzen, eta izan dituzte aukerak bi taldeek; Williamsek barkatu du aurrena Athleticentzat, eta ondoren, Adrianek baloia zutoinera bota du Eibarren abagunerik garbienean.

Athleticek, ordea, kalitate handia du, eta ederki baliatu du hori. 41. minutuan, Athleticen aldeko falta area ertzean; ez zen erraza, ez baitzegoen atearen aurre-aurrean, ezkerrera baizik. Beñatek, baina, maisuki jaurti du, eta Riesgoren luzatua ezerezean utzi.

Atsedenaldiaren atarian heldu da Athleticen gola, eta min egin dio Eibarri. Bigarren zatian, armaginek pauso bat aurrera egin behar izan dute, eta zuloak utzi dituzte atzean. Hori ezin hobeto baliatu du Iñaki Williamsek, 54. minutuan ezker hegaletik eginiko korrikaldi baten bidez Riesgoren aurrean geratzeko. Baloia Debako atezainaren hanka azpitik sareratu du aurrelari zuri-gorriak. 2-0.

Erasoan jarraitu du Eibarrek, eta Athleticek izan ditu aukerak aldea zabaltzeko, gipuzkoarren atzeko lerroa oso baitzegoen aurreratua. Athleticen hirugarrena beharrean, Eibarren lehen gola iritsi da orduan; 70. minutuan, Pedro Leonek baloia area barrura bota, Inuik buruz erdiratu eta Enrichek ere buruz jota sareratu du baloia. 2-1, eta hogei minutu aurretik.

Markagailuari ongi eutsi dio Athleticek azken minutuetan, eta kontraeraso bat baliatu du Muniainek etxekoen hirugarren gola sartzeko, 91. minutuan.

Hiru puntuak lortuta, zazpigarrena da orain Athletic, 23 punturekin. Eibar, berriz, zortzigarren postura jaitsi da, eta 21 puntu ditu.

Zuzeneko kontakizuna

18:07
2016-12-04

Amaiera

Amaitu da partida San Mamesen, derbia Athleticentzat. Zuri-gorriak finago aritu dira bigarren zatian, eta ongi baliatu dituzte Eibarrek atzean utzitako zuloak. Azkenean, 3-1.

Jon Olano

Jon Olano

18:05
2016-12-04

GOLA! 3-1ekoa egin du Muniainek kontraerasoan. Villalibrek eskuin hegaletik erdiratu, eta Muniainek Riesgoren hanka artetik sareratu du baloia, bakar-bakarrik. Erabakita utzi du partida.

Jon Olano

Jon Olano

18:04
2016-12-04

90. minutura heldu berri, 2-1 aurretik Athletic. Epaileak hiru minutuz luzatuko du partida.

Jon Olano

Jon Olano

18:00
2016-12-04

Athleticek azken aldaketa egin du; Iñaki Williams badoa zelaitik, eta haren ordez sartuko da Villalibre. Eibarrek ere egin du aldaketa; Inuiren ordez Kike Garcia zelairatu da. Bost minutu 90. minutura iristeko.

Jon Olano

Jon Olano

17:55
2016-12-04

San Joserentzat Athleticen lehen txartel horia. Eibarko lau jokalariri erakutsi die epaileak.

Jon Olano

Jon Olano

17:54
2016-12-04

Elkarrekin haserretzen hasi dira jokalariak... 80. minutua gainditu berri.

Jon Olano

Jon Olano

17:51
2016-12-04

77. minutua. Erasoren gola baliorik gabe utzi du epaileak.

Jon Olano

Jon Olano

17:48
2016-12-04

Bigarren aldaketa Athleticen: Saborit zelaira Sabin Merinoren ordez.

Jon Olano

Jon Olano

17:45
2016-12-04

GOLA! Ez egin kasu aurreko iruzkinari, 2-1ekoa egin baitu Enrichek 70. minutuan. Erdiraketa bat buruz sareratu du aurrelariak.

Jon Olano

Jon Olano

17:42
2016-12-04

Erabat alde du partida Athleticek; 2-0 aurretik, eta Eibar ez da gai aukera garbirik sortzeko ere.

Jon Olano

Jon Olano

17:39
2016-12-04

64. minutua; lehen aldaketa egin du Athleticek ere; Eraso zelairatu da Susaetaren ordez.

Jon Olano

Jon Olano

17:34
2016-12-04

60. minutua: Lehen aldaketa Eibarren; Adrianen lekuan Ruben Peña zelaira.

Jon Olano

Jon Olano

17:33
2016-12-04

Halabeharrez, lerroak aurreratzen ari da orain Eibar, eta zuloak uzten ari da atzean. Ez du ezer galtzeko, baina Williamsen abiadurarekin, arriskutsua da hori armaginentzat.

Jon Olano

Jon Olano

17:30
2016-12-04

GOLA! Iñaki Williamsek bigarren gola egin du Athleticentzat (55.min). Zelai erdiko marran baloia hartu, eta ezkerretik inor baino azkarrago joan da, Riesgoren aurrean jartzeraino. Atezainaren hankapetik sartu du baloia atean. 2-0.

Jon Olano

Jon Olano

17:21
2016-12-04

Hasi da bigarren zatia San Mamesen.

Jon Olano

Jon Olano

17:17
2016-12-04

Adrianek gertu izan du 0-1ekoa. Jaurtiketarena da irudia:

Jon Olano

Jon Olano

17:14
2016-12-04

Ez galtzekoa da Beñaten gola:

Jon Olano

Jon Olano

17:05
2016-12-04

Atsedenaldia

Amaitu da lehen zatia San Mamesen. Joko aldetik orekatuak izan dira aurreneko 45. minutuak, bi taldeek aukera gutxi sortu baitituzte. Izan dituzte abaguneak, hala ere; Williamsek barkatu du Riesgoren aurrean, eta Adrianen jaurtiketa zutoinera joan da. Azkenean, Beñaten jaurtiketa bikain batek apurtu du berdinketa.

Jon Olano

Jon Olano

17:01
2016-12-04

Kolpea izan da gola Eibarrentzat, lehen zatia amaitzear heldu baita Athleticen gola. Lehen zatia trabatua joan denaren seinale, epaileak emandako luzapena: lau minutu gehiago jokatuko dira.

Jon Olano

Jon Olano

16:58
2016-12-04

GOLA! 42. minutuan a ze gol puska egin duen Beñatek. Falta arriskutsua zen Athleticen alde area ertzean, eta Beñatek ezin hobeto jaurti du. 1-0 aurretik Athletic.

Jon Olano

Jon Olano

16:52
2016-12-04

35. minutua San Mamesen, eta orain Asier Riesgo da min hartu duena. Susaetak eta Eibarko atezainak salto egin dute baloiaren bila, eta biak joan dira lurrera. Arazorik gabe altxa da Riesgo.

Jon Olano

Jon Olano

16:49
2016-12-04

Partidako lehen txartel horia erakutsi dio epaileak Takashi Inuiri, Athleticen kontraeraso bat mozteagatik.

Jon Olano

Jon Olano

16:47
2016-12-04

Lehen ordu laurdena laburbiltzen duen irudia; intentsitate handia eta kolpe batzuk. Pixkanaka ari dira tarteak zabaltzen.

Jon Olano

Jon Olano

16:42
2016-12-04

Lehen abagune argiak Athletic eta Eibarrentzat. Lehenik, Williamsek, area barruan zegoela, gehiegi gurutzatu du jaurtiketa. Ondoren, Adrianek area ertzetik baloia astindu eta zutoinean jo du.. Animatzen ari da partida.

Jon Olano

Jon Olano

16:35
2016-12-04

Igaro dira lehen 20. minutuak. Eibar goran ari zaio Athletici presio egiten, eta baloia ezin nahi bezala jokatu dabiltza zuri-gorriak. Hala ere, Eibarrek ere ez du aparteko aukerarik sortzen.

Jon Olano

Jon Olano

16:28
2016-12-04

Partida hasiera oso trabatua doa, orain Laportek eta Enrichek hartu dute min. Lehenago, Yeray eta Inui izan dira.

Jon Olano

Jon Olano

16:25
2016-12-04

Lehen hamar minutuak igaro dira San Mamesen, eta hutsean jarraitzen du markagailuak. Athleticek izan du baloia hanketan gehiago, baina aukera argirik ez da izan oraingoz.

Jon Olano

Jon Olano

16:16
2016-12-04

Hasi da Athletic eta Eibarren arteko partida.

Jon Olano

Jon Olano

16:14
2016-12-04

Minutuko isilunea San Mamesen, eta berehala hasiko da partida.

Jon Olano

Jon Olano

15:56
2016-12-04

Athleticen hamaikakoa:

Jon Olano

Jon Olano

15:55
2016-12-04

Arratsalde on, beste euskal derbi bat Espainiako Ligako 14. jardunaldian. Gaurkoan, aurrez aurre, Athletic eta Eibar, San Mamesen. Europara jauzi egin nahi dute bi taldeek; Eibar zazpigarrena da 21 punturekin, eta Athletic bederatzigarren postuan dago, hogeirekin.

Jon Olano

Jon Olano


Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna