SINDIKATUAK

LABi arrazoi eman dio Parisko Kasazio Auzitegiak

CGTren helegitea atzera bota du beste behin Parisko Kasazio Auzitegiak, eta LABen hautagaitza legezkoa dela ebatzi du. Abenduaren 30etik urtarrilaren 12ra iraganen diren TPE hauteskundeetan LABi “boza eta bozka” ematera deitu du sindikatu abertzaleak.

LABeko ordezkariak, prentsaurrekoan. ISABELLE MIQUELESTORENA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2016ko abenduaren 12a
07:49
Entzun

Bide judiziala ahitu du CGT-k. “LABen kontra segitzeko aukera bakarra Europara jotzea liteke orain, sinesgaitza litzateke hauteskunde zerrenda baten kontrako auzia haraino iristea”, adierazi du Geronimo Prieto LABek kideak. “Pozik” agertu dira Parisko Kasazio Auzitegiaren azken erabakiarekin, eta beren sindikatuari “arrazoi osoa” eman diela erran dute. “Antolakunde sindikal batek balore errepublikarrak errespetatzen ez dituela salatzen badu inork, berari dagokio horren frogak ekartzea”, dio auzitegiaren ebazpenak.

“CGTren jarrera biziki larria izan da”, Prietoren iritziz. “Erabili dituzten argumentuekin ez gaituzte gu bakarrik erasotzen; sindikatu batek politika egiteko duen eskubidea zalantza jarriz sindikalismoa erasotzen dute, bere burua erasotzen dute”. Hala Frantziako sindikatuengandik jaso duten babesa eskertu du Prietok; Solidaires eta CNT sindikatuena, baina, baita CGTko sindikatu batzuena ere. Dei argia egin die sindikatu frantseseko kideei: “hemengo langileentzat zer da onena: gatazka juridikoa ala elkarlanean borrokatzea?”, gadetu du. Bihar departamenduko bilkura du CGTk, LABi begira bere jarrera finkatzeko. “Elkarlana ezin dugu baztertu, ados garenean ezinbestekoa da. Baina guretzat lehentasuna ez da aparatuen arteko elkarlana, oinarri sindikalaren artekoa baizik”, adierazi du Eñaut Aramendi LABeko kideak.

Auzitegietako gorabeherak bukatu artean TPE hauteskundeak gibelatzea erabaki zuen Frantziako Gobernuak. LABen iritziz, CGTrena da ardura osoa. “Datak mugitzea biziki txarra da, eguberri garaian jende anitz ez delako bozkatzera joanen”. Halaber, 2012ko hauteskundeetan arazo logistiko handiak izan zirela oroitarazi dute, eta anitzek ez zituztela bozkatzeko dokumentuak behar bezala jaso. Datak mugitzearekin arazoak okertzearen beldur dira. Ipar Euskal Herriko 25.000 pertsona inguruk parte har dezakete TPE hauteskundeetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.