ETA-REN ARMAGABETZEA

Luhusoko bost atxilotuak aske utzi dituzte

Armak eta lehergailuak eduki eta garraiatzea, eta gaizkile taldearekin harremanak izatea egozten diete. Gaur deklaratu dute epailearen aurrean, eta hark erabaki du aske uztea.

Beatrice Molle-Haran, libre utzi ostean. /
Beatrice Molle-Haran, libre utzi ostean. / BERRIA

Berria -

2016ko abenduak 20

Auzipetuta, baina aske utziko dituzte Luhuson atxilotutako bost lagunak. Epailearen aurrera eraman aurretik prokuradoreak hartu die deklarazioa, eta hark epaileari eskatu dio bost lagunak auzipetu bai, baina baldintzapean libre uzteko. Horixe erabaki du epaileak. Poliziaren zaintzapean egongo dira, eta instrukzioak irauten duen bitartean ezingo dute elkarrekin harremanik izan.

Jean Noel Etxeberri Txetx Biziko koordinatzailea, Beatrice Molle-Haran kazetaria, Mixel Berhokoirigoin laboraria, Mixel Bergouignan enpresaria eta Stephane Etxegarai Etxe musikari eta bideogilea datozen orduetan aterako dira libre. Michel Tubiana Frantziako Giza Eskubideen Ligako presidentea ere atxilotu zituzten etxean egotekoa zen. Iritsi ez zenez, ez zuten atxilotu.

Prokuradoreak ez die egozten gaizkile taldeko kide izatea, baina bai harekin harremana izatea. Armak eta lehergailuak edukitzea eta haiek garraiatzea ere egozten die.
 

Etapa berri bat

Atzo, 19:00etan, bilkura bat izan zuten hainbat eragile politiko, sozial eta hautetsik, aurrerantzean eman beharreko pausoak zehazteko. Bake Bidea mugimenduko Anaiz Funosas Info7 irratian mintzatu zen; haren esanetan, «mugarri baten aitzinean gaude». Horregatik, aurrera begirako jarduna gehiengo baten artean zehaztu nahi dute: «Bilkuraren helburua zen elkarrekin aztertzea zergatik gauden etapa berri batean, eta zergatik etapa horrek ireki ditzakeen bide berriak».

Baionako mobilizazioaren ondotik —4000 lagun inguru elkartu ziren—, beste deialdi batzuk ere izan dira. Atzo bertan, Luhuson eta Donibane Lohizunen ehunka herritar elkartu ziren, 19:00etan, operazio poliziala salatu eta «bakearen artisauei» elkartasuna adierazteko. Igande goizean ere, Donibane Garazin batu ziren dozenaka lagun aldarri beraren pean, atxilotuak askatzea galdegiteko.

Akitania eskualdeko osoko bilkuran, berriz, zazpi hautetsik irakurri zuten atzo atxilotuen aldeko ohar bat, eta Alain Rousset Akitaniako Kontseiluko presidenteak ere bat egin zuen. Hark hartu du ardura deklarazio ofizial hori Frantziako lehen ministroari eta Justizia ministroari igortzeko. Andde Sainte-Marie, Mathieu Berge, Alice Leiziaguezahar, Emilie Dutoya, Michel Veunac, Frederic Espagnac eta Sandrine Dervillek sinatu dute adierazpena.

Elkartasuna, mugarik gabe

Bitartean, elkartasun mezuek ez dute etenik, eta asko dira Frantziako eta Espainiako gobernuek emandako hasierako bertsioa gezurtatu dutenak. Izan ere, ETAren aurkako kolpe gisa aurkeztu zuten polizia operazioa bi herrialde horietako Barne ministerioek eta zenbait kazetak. Bost atxiloketek utzitako frogek beste panorama bat azalarazi dute.

Atxilotuek, gizarte zibileko kide gisa, beren prestasuna agertu zuten ETAren armagabetze prozesua aurrera eramaten laguntzeko. NEB Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak gainbegiratu behar zuen prozesua, eta armak suntsitzen zituztela berretsi. Horren erakusle da atxilotuetako hiruren eta ETAren arteko korrespondentzia. Gutun horietan irakur daiteke ETAren armagabetzeko borondatea, eta atxilotu dituztenena, bide horretan laguntzeko.

Sarean zabaldu dira anitz atxilotuen aldeko elkartasun mezuak, baita haiek abiarazitako prozesuaren sostengua ere. Txetx Etxeberriren abokatu Jean François Blancok ere txioetan helarazi du Etxeberriren beraren esker mezua: «Txetx bakearen eta desarmatzearen militanteak guztiei eskertzen dizue zuen elkartasuna».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna