LUHUSOKO OPERAZIOA

Justiziaren kontrolpean, etxean dira "bakearen artisauak"

Armak eta lehergailuak edukitzea eta haiek garraiatzea egozten diete joan den ostiralean Luhuson atxilotutako bost herritarrei. "Helburua" lortu dute, Berhokoirigoinen hitzetan.

Ekhi Erremundegi Beloki -

2016ko abenduak 21

Auzipetuta, baina libre. Hala gelditu dira bost herritarrak, ETAren armagabetze zibila gauzatzen ari zirela joan den ostiralean Luhuson (Lapurdi) atxilotuak. Atzo arratsaldean hartu zien deklarazioa Parisko Terrorismoaren Aurkako Auzitegiko prokuradoreak, eta hark bost lagunak auzipetu bai, baina justiziaren kontrolpean libre uzteko eskatu zion epaileari. Eta hala egin du epaileak. Ipar Euskal Herriko 210 hautetsi berme gisa aurkeztu dira haren aurrean.

Stephane Etxegarai Etxe musikari eta bideogilea atzo gauean iritsi zen Miarritzeko (Lapurdi) aireportura, eta harrera egin zion herritar andanak. Bideoa: Etxegarai Miarritzeko aireportura iritsi zen unea (Ekhi Erremundegi Beloki).

Gaur iritsiko dira gainerakoak Euskal Herrira, Jean Noel Etxeberri Txetx Biziko koordinatzailea, Beatrice Molle-Haran kazetaria, Mixel Berhokoirigoin laboraria eta Mixel Bergouignan enpresaria. Azken biak goizean heldu dira Baionako tren geltokira, eta 30 bat lagun zituzten zain. Jarritako baldintzetan, elkarrekin harremanik izatea galarazi diete bost auzipetuei, eta, beraz, tren berean baina nor bere bidetik itzuli dira Euskal Herrira; Frantziaren eremutik ateratzea eta armak edukitzea ere debekatua dute. Bideoa: Bergouignan eta Berhokoirigoin Baionara heldu diren unea (Euskal Irratiak).

«Asmo terroristarekin lotuta», armak eta lehergailuak edukitzea eta haiek garraiatzea egozten diete. Hasierako ikerketan gaizkile taldeko kide izatea leporatzen bazieten ere, kargu hori baztertu egin zuten azkenean prokuradoreak eta epaileak.

Ostiral gauean atxilotu zituzten bost herritarrak, Luhusoko Kurutxeta auzoko etxe batean. Hasieran, «ETAren kontrako kolpe bat» izan zela adierazi zuten Frantziako eta Espainiako gobernuek, baina, Mediabask atariak argitaratutako eskutitz sortan, ETA erakundearen eta Frantziako Gobernuaren arteko «bitartekari» gisa aurkeztu zuten beren burua Berhokoirigoinek, Etxeberrik eta Michel Tubiana Luhuson egotekoa zen Giza Eskubideen Ligako ohorezko presidenteak. ETAren armagabetzerako bi gobernuekin elkarrizketa bide guziak «ahituta», armagabetze zibila abiatu zutela jakinarazi zuten. BERRIAri emaniko elkarrizketan argitu zuen Tubianak asmoa: «Gobernuak abisatuko genituen armen entrega eginen genuela. Prokuradoreari aukera emanen genion hemendik aste batzuetara arma horiek deuseztatuta aurkitzeko». ETAren armategiaren %15 desegin beharra zuten Luhusoko herri ekinaldian.

«Zerbait aldatu da»

"Pozik" agertu zen Etxegarai, lau egun «luzeren» ondotik «kanpora» atera zela ikustearekin. «Auzipetuak gara, baina biziki harro; bake prozesu honen bidean harritxo bat ekarri ahal izan baldin badugu, pentsatzen dut merezi zuela. Hori baldin bada bidea gauzak mugitzen hasteko, zalantzarik gabe bide hori hartu dugu, eta harrotasun handi batekin», adierazi zuen Euskal Irratiak sarearen uhinetan. Beren alde izandako mobilizazioak «garrantzitsuak eta erabakigarriak» izan direla baieztatu zuen.

Berhokoirigoinekin mintzatzeko parada izan zuen BERRIAk; hark ere gizarte zibilak eginiko «mugimendu ikaragarria» nabarmendu zuen: «Indarra ematen du». Armagabetze zibila abiatzeko erabakia berretsi zuen. «Erabakia hartu dugu, uste baikenuen garaia zela. Lehen helburua lortua da; orain, ikusiko. Lehenik pausatuko gara, eta ikusiko. Lan ikaragarria egin duten guziak eskertu nahi ditut: gizarte zibileko eragileak, hautetsiak, prentsa, lagunak, ezezagunak. Kanpoan bagara, mugimendu horri esker gara. Zerbait aldatu da. Bada lehenagoko garaia, eta oraingoa».

Astelehen arratsean, Euskal Herriko dozenaka eragile sozial bildu zen Baionako Elkarteen Etxean, abiatutako «bide berriari» zer jarraipen eman gogoetatzeko. Halaber, Makeako (Lapurdi) eta Arberatze eta Baigorriko (Nafarroa Beherea) udalek mozio bana izenpetu zuten «bakearen artisauak» aska zitzatela eskatzeko. Helburu berarekin abiatutako izenpe bilketan, kasik 25.000 izenpe bildu dira sarean egun hauetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna