HONDAKINEN KUDEAKETA

Zubietako erraustegia bertan behera uztea legez kanpoko jo du auzitegiak

Obrak eteteko eta eraikitzaileei kalte-ordainak emateko erabakia salatu zuten EAJko eta PSE-EEko ordezkariek, eta irabazi egin dute auzia. Ondorioak iragarri ditu aldundiak: "Ezin zaie dohainik atera".

Ainhoa Intxaurrandieta partzuergoko presidentea, Carmelo Aguas Martinez eraikitzaile taldeko kudeatzailea eta Iñaki Errazkin Ingurumen diputatua, 2013ko azaroan, akordioa sinatu ostean.
Ainhoa Intxaurrandieta partzuergoko presidentea, Carmelo Aguas Martinez eraikitzaile taldeko kudeatzailea eta Iñaki Errazkin Ingurumen diputatua, 2013ko azaroan, akordioa sinatu ostean. Juan Carlos Ruiz / Argazki Press

Garikoitz Goikoetxea -

2017ko urtarrilak 5

Presazko agerraldia egin du Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatuak, auzitegiaren erabakiaren berri emateko. Azaldu duenez, Donostiako 1. Administrazio Auzietarako Epaitegiak ebatzi du ez zela legezkoa izan Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketak Zubietako errauste planta eraiki behar zuten enpresekin eginiko akordioa, eta baliorik gabe utzi du.

Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak eta obra egitekoa zuten enpresek 2013ko azaroan sinatu zuten adjudikazioa eteteko hitzarmena. Akordio horren arabera, zortzi milioi euro ordaindu zien GHK-k FCC, Serbitzu, AE&E Inova eta Altuna y Uria enpresei kalte-ordain gisa. GHK-ko batzarreko kide Arcadio Benitez, Ricardo Garate, Ioseba Arrizabalaga, Denis Itxaso eta Igor Iturainek, eta San Markosko eta Debabarrenako mankomunitateek aurkeztu zuten erabaki horren aurkako helegitea, eta arrazoia eman die orain auzitegiak.

Auzitegiaren arabera, GHK-k ez zuen eskumenik erabaki hori hartzeko, hondakinen kudeaketarako 7/2008 arauak onartzen duelako "balorizazio energetikorako planta bat" sortzea. Hortaz, epaileak ebatzi duenez, GHK-k eta Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak foru arau horretan ageri dena betearazi behar dute: "[Foru araua] edukiz hustu nahi izan da zeharka, GHKren aldetik partzuergoa erabiliz".

Prozedura judizialean, demandatu gisa ageri dira GHK eta partzuergoa, eta interesdun gisa Tolosako, Urola Erdiko, Urola Kostako eta Sasietako mankomunitateak, Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu ohia eta GHK-ko presdiente ohi Ainhoa Intxaurrandieta.

Ardura politikoak "eta bestelakoak"

Asensiok balorazioa ere egin du. Azpimarratu du erabaki hark "kostu ekonomiko izugarriak" eragin zituela, eta EH Bilduk "bere interesak" jarri zituela gipuzkoarren interesen aurretik. Gainera, kritikatu du erabaki hark Europako Inbertsio Bankuaren inbertsioa galtzea eta Gipuzkoa hondakinen kudeaketarako "azpiegiturarik gabe" uztea eragin zuela.

Harago joan da, ordea. Prebarikazio hitza aipatu gabe, Asensiok esan du erabaki hori hartu zutenek "ardura politikoak eta bestelakoak" hartu beharko dituztela, uste baitu jakinaren gainean hartu zutela "legalitatearen aurkako" erabaki bat: "Hau ezin da doan izan".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna