Joseba Leizaola

Bizitza osoa EAJri eskainia

Donostian hil da Joseba Leizaola, Legebiltzarreko presidente izandakoa, 86 urterekin. "Sinesmen sakonak zituen gizona zen", esan du Andoni Ortuzar EAJko presidenteak.

Joseba Leizaola, artxiboko irudi batean.
Joseba Leizaola, artxiboko irudi batean. Jon Urbe / Argazki Press

Edurne Begiristain -

2017ko urtarrilak 7

Gaixo zegoen aspaldian, eta azken asteetan okerrera egin zuen haren osasunak. Joan den asteartean bete zituen 86 urte Joseba Leizaolak, Jesus Maria Leizaola lehendakari ohiaren ilobak. EAJko kide izandakoa gaur hil da bere jaioterrian, Donostian.

Eusko Legebiltzarreko parlamentari izan zen Leizaola 1980tik 1998ra, eta 1990ean legebiltzarreko presidente izendatu zuten. Zortzi urtez izan zen karguan, 98an erretiroa hartu zuen arte.

"Sinesmen sakonak zituen gizona zen", esan du Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak. "Baina, batez ere, pertsona ona zen. 36ko gudarien eta euskal autogobernu berriaren arteko lotura egin duten belaunaldiko kidea izan da. Betidanik eutsi dio bere herriarekiko konpromisoari".

Joseba Egibar GBBko presidenteak iritzi artikulu bat idatzi du, Begirada eta irribarre garbiak izenekoa. "Gipuzkoan, Gerardo, Patxi, Jokin eta beste hainbatekin batera Alderdia jaso eta zutik jarri zuena. Abertzaletasuna eta Justizia Soziala bere bizitzan uztarturik zituena. Gizon ona, apala, famillia handi bateko aita. Beti umoretsu, begirada garbia eta ezpainetan irribarrea zuena".

Iñigo Urkullu EBBko buru ohi eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere gogoan izan du Leizaola: "Gizon zuhurra eta argia. Erreferentea izan da  gutako askorentzat. Sinesmen humanista sendoak zituen pertsona izan zen. Venezuelatik Euskadira itzultzean elkarrizketa eta elkarren arteko ulermena aldarrikatu zituen. Orainaren eta geroaren alde egin zuen".

Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriak dolumina agertu du "Euskadigatik eta Euskadirako bizi den gizon bat galtzeagatik". "Joseba Leizaola jauna belaunaldi baten adibide garbia da, bere konpromisoarekin eta bere lanarekin gure herriaren berreraikuntza egin duelako".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna