Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Gizartea Aubixa fundazioa aurkeztu dute, gizartearen zahartzeak dakartzan arazoak leuntzeko bideak asmatzeko

Publizitatea

Gizartea

Osasuna

Aubixa fundazioa aurkeztu dute, gizartearen zahartzeak dakartzan arazoak leuntzeko bideak asmatzeko

Dementziak dituzten pertsonek eta haien senitartekoek usu dituzten zailtasunez ohartarazi dute; kongresu bat egin nahi dute udazkenean gaixoen eskubideen inguruan

2017-01-11 / Arantxa Iraola

Hainbat hilabete daramatzate lanean, baina orain erabaki dute fundazioaren berri ematea. Ekitaldi bat egin dute horretarako gaur goizean Donostian. Fundazioko presidentea, Koldo Aulestia, izan da hitza hartzen lehena, gizartearen zahartzea arazo zinetan larria dela ohartarazi du, eta dementziak jotako pertsonen kopurua etengabe ari dela gora: Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 31.000 gaixo daudela nabarmendu du. Horren aurrean "gizarte zibilaren inplikazioa" ezinbestekoa dela esplikatu du, ahal dela gaixo horiei eta haien senideei arta emateko, eta etorkizunean sor daitezkeen premia berriei aurrea hartzen ahalegintzeko. Aulestiaren ondoan, Pilar Marco medikua, Gizarte Politiketako diputatu ohi Maximo Goikoetxea eta Ainhoa Becerra soziologoa mintzatu dira; elkarteko presidenteordea, zuzendari exekutiboa eta zuzendari teknikoa dira, hurrenez hurrun.

Marcok 36 urte egin zituen Donostia Ospitalean lanean, eta dementziena arras arazo larria dela nabarmendu zuen. "Zahartzaroarekin lotuta larrialdi bikoitz bat bizi dugu". Horri taxuz erantzuteko gogoeta sustatzea ezinbestekoa denez, udazkenerako kongresu bat egin asmo dutela azaldu zuen Goikoetxeak: propio mintzatu nahi dute dementziadunen eskubideez. "Izan ere, pertsona zaharrak baztertzera egiten da", azaldu zuen, eta dementziak jotako pertsonen kasuan bazterkeria kasuak oraindik ere argiagoak dira. Martxan duten beste jardunbideetako baten helburua da boluntario "adituen" sare bat ehuntzea gaixoei eta haien senitartekoei laguntzeko, eta ate berriak zabaltzeko.

Fundazioaren abarora hurbildu dira beste hainbat ogibidetako pertsonak ere, gizartearen zahartzaroaren arazoa leuntzeko neurrietan sektore guztiek bat egin behar dutela nabarmendu nahi izan dute horrela. Tartean daude Anjel Lertxundi idazlea, Lourdes Perez kazetaria eta Joseba Zalakain gizarte gaietako ikertzailea, beste hainbaten artean.

Publizitatea

Sortu kontua
Arantxa Iraola

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak