Futbola

Leganesek barkatuta, puntu bat Athleticentzat (0-0)

Madrildarrek sei-zazpi aukera argi izan dituzte gola sartzeko, baina Iraizozek eta zutoinak urrundu dituzte jaurtiketak. Epaileak baliorik gabe utzi du Raul Garciaren gol bat.

jarraia130590.jpg
unai zubeldia
2017ko urtarrilaren 14a
15:50
Entzun

Bakarra ere ez da txarra bakar bat ere merezi ez denean, eta Athleticek hainbestean gustura egoteko nahikoa motibo badauka gaur. Historian lehen aldiz jokatuko dute zuri-gorriek Leganesen zelaian, eta ikusgarritasunetik gutxi izan du norgehiagokak. Machisek hiruzpalau aukera argi izan ditu 1-0ekoa sartzeko, baina aurrelariaren hutsek, Iraizozen geldituek eta zutoinak ezerezean utzi dituzte ahalegin guztiak.

Lehen minuturako izan du Machisek lehen gol aukera argia, baina zentimetro gutxi batzuk falta izan zaizkio Iraizozen aurrean baloia sareetara bidaltzeko. Abiadura harrigarria erakutsi du venezuelarrak, eta beste hiru aukera on izan ditu ordu erdia betetzerako. Ezinean ari zen Athletic, baina, lehen aukeran, Raul Garciak sareetara bidali du baloia. Epaileak baliorik gabe utzi du, aurretik falta egin duelakoan, baina ez da izan halakorik.

Atsedenaldian Beñat San Joseren ordez zelairatuta, zuri-gorriek gehiago mugitu dute baloia. Baina etxekoenak izan dira gol aukera argienak. Hegal batetik ateratako falta batean lehenengo —Victor Diazek kanpora bidali du burukada, bigarren zutoinean—; eta Szymanowskik ezker hegaletik egindako jokaldi onaren ondoren Guerrerok gero. Leganeseko jokalaria gutxigatik ez da iritsi errematera.

Partida itzaltzen ari zenean, Mantovanik zutoinera bidali du errematea, eta azken jokaldian Iraizozek geldiketa bikaina egin dio Adrian Marini. Ezer askorik egin gabe, irabazteko zorian egon da Athletic, legezkoa izan delako Raul Garciaren gola, baina, merezimenduz, askoz gehiagho merezi izan du Leganesek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.