"Ezker abertzalea indartsuago dago orain"

2017ko urtarrilaren 22a
08:23
Entzun

Ezker abertzaleak Abian eztabaida estrategikoa bukatzean ekin zion Sortuk bere "birfundazio" prozesuari: joan den urteko uztailean. Atzo egin zuen Kongresua, Bilbon, Euskalduna Jauregian. Arkaitz Rodriguez Ekintza Politikoko idazkariak dio ikusi dela Sortu "mugimendu bizia" dela. 

Gustura bukatu al duzue kongresuarekin?

Bai. Prozesuan denera zazpi mila lagun pasak eman dute izena, eta eztabaida mamitsua izan da. Ezker abertzalea indartsuago dago orain.

Ezker abertzalean urtebete pasa daramazue eztabaidan, 2015eko azaroan Abian hasi zenetik.

Saiatu gara beste gauzei erantzuten, baina urtebete pasa honetan barne eztabaidan aritu gara nagusiki. Ezinbesteko ariketa genuen, ordea. Abian prozesua hasi genuenerako baziren ia sei urte ezker abertzaleak estrategia aldaketa eman zuenetik, eta balantze sakon bat egin behar zen. Egin dugu, ildo politikoaz eta antolaketakoaz.

Ernairen eta LABen biltzarrak datoz orain.

Biak ere uda aurretik egingo dira. Abianek zabaldutako hausnarketa aroa itxitzat emango dugu.

Kongresuarekin, Sortun zenbat urterako jarri dituzue ardatzak?

Lau urteko aldia izango da, alderdiaren hurrengo kongresura artekoa. Hala ere, Abianen arnas luzeagoko estrategia bat jarri genuen martxan. Datozen urteetarako ibilbide argia daukagu.

Txosten bakarra egon da Sorturen biltzar prozesuan: Zohardia. Zer esan nahi du: kohesioa dagoela ala pluraltasun handirik eza?

Ezker abertzalea mugimendu kohesionatua dela erakusten du. Txosten bakarra egon arren, 900 zuzenketa partzial pasa izan dira, eta hori bada mugimendu biziaren eta kontzientzia kritikoa izatearen seinale. Beste txostenik ez zegoenez, beste zuzendaritza talde proposamenik ere ez da egon, eta primarioen prozesuari distira pixka bat kendu dio horrek, agian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.