IPARRALDEKO LURRALDE EGITURAKETA

Jean-Rene Etxegarai hautatu dute Euskal Elkargoko lehendakari

Elkargoa osatuz geroztik, lehen bilkura hasi dute 18:30ean, Baionan. Bernard Lougarot eta Dohienart Angeluko PCFko hautetsia ziren presidentetzarako beste hautagaiak. Bideoa: Euskal Elkargoaren lehen bilkura eta hautetsien iritziak azpidatziekin (Nora Arbelbide eta Lara Madinabeitia).

Berria -

2017ko urtarrilak 23

Gaur eman ditu lehen pausoak Euskal Elkargoak. Ipar Euskal Herria bere baitan hartzen duen lehen erakundeak lehen batzarra egin du Baionan, 18:30ean hasita, eta presidente nor izango den hautatu dute: Jean-Rene Etxegarai Baionako auzapeza. Bernard Lougarot Gotaine-Irabarnekoa (Zuberoa) eta Dohienart Angeluko PCFkoa ziren lehendakaritzarako beste hautagaiak.

231 hautetsi ziren bozka ematekoak, eta 157 boto jaso ditu Etxegaraik. Hautatua izan ostean, hitzaldia egin du: "Lan handia dugu aurrean, baina ez gaitu beldurtzen", esan du. Emandako misioa "duinki" beteko duela ere hitz eman du Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoa biltzen dituen lehen erakundeko lehendakariak.

Euskal Elkargoa osatzea iaz erabaki zuten Iparraldeko herriko etxeek, bozketa bidez; gehiengo handi batek bozkatu zuen erakunde berriaren alde. Urteetako borrokaren ondoren, berezko lehen instituzioa dute, ondorioz, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoak. Helmuga da batzuentzat, abiapuntua besteentzat, eta aukera emanen du Ipar Euskal Herri mailako politika publikoak egiteko.

Hiru gune nagusi izanen ditu erakundeak: 233 kideko elkargo kontseilua, 69 kideko batzorde iraunkorra eta 25 kideko batzorde eragilea. Ondoan, orain arteko hamar herri elkargoen eremuko lurralde poloak izanen dituzte, "hurbileko zerbitzua bermatzeko", eta eskumenen araberako sindikatuak. Bi aholku batzorde ere izanen dira. Batetik, Auzapezen Biltzarra, eta, bestetik, Garapen Kontseilua, gizarte zibileko eragileek ere beren hitza izan dezaten.

Euskaltzaindiak eta Euskal Konfederazioak eskatu bezala, Euskal Elkargoak hasieratik hartuko du hizkuntz eta kultur politikaren eskumena. Horrekin batera, hamar herri elkargoek orain arte zituzten eskumenak ere izanen ditu; besteren artean, garapen ekonomikoa, lurralde antolaketa, ingurumena eta etxebizitza. Bi urteko epean, eskumen horiek elkargo mailan atxiki ala herriei itzuli erabaki beharko du. Herriei itzultzen zaizkien eskumenak kudeatzeko, sindikatu gehiago sortu beharko dituzte.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna