Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Politika Gogoeta prozesua hasiko du Udalbiltzak, egoera instituzional eta politikora "egokitzeko"

Publizitatea

Politika

Udalbiltza

Gogoeta prozesua hasiko du Udalbiltzak, egoera instituzional eta politikora "egokitzeko"

Ekainera arte iraungo du eztabaida faseak, eta erakundearen antolamendua eta lan ildoak zehaztuko ditu udal hautetsiekin eta herritarrekin. Harreman instituzionalak "normalizatu" nahi ditu Euskal Herriko beste erakundeekin.
Loren Arkotxa, Naiara Sampedro, Luis Intxauspe eta Mertxe Aizpurua, Donostiako udaletxean eginiko agerraldian.
Loren Arkotxa, Naiara Sampedro, Luis Intxauspe eta Mertxe Aizpurua, Donostiako udaletxean eginiko agerraldian. / Jon Urbe, Argazki Press

2017-01-24 / Jokin Sagarzazu

Udalbiltzan Bagabiltza gogoeta prozesua abiatu du Udalbiltzak, erakundea egungo errealitate politiko eta instituzionalera "egokitzeko", eta bere "antolamendua eta lan ildoak zehazteko", azaldu du Luis Intxauspe Hernaniko alkate (Gipuzkoa) eta Udalbiltzako lehendakariak. "Oso gertakari politko garrantzitsuak jazo dira 1999az geroztik, Udalbiltza sortu zenez geroztik, eta egoerak eskatzen du egungo errealitatera egokitu beharra". Intxauspek zehaztu duenez, ez da birfundazio prozesu bat, "egokitze" prozesu bat baizik.

Uda arte, Udalbiltzako kideek bilerak egingo dituzte Euskal Herri osoko eskualdeetan, eta nahi duen oro joan daiteke saio horietara. Aukera ere egongo da Internet bidez parte hartzeko; besteak beste, diasporako euskal herritarren ekarpenak jasotzeko, Intxauspek azaldu duenez.

Prozesua martxoan hasiko da: apirilean, hautetsien iritziak bilduko dituzte; maiatzean, herritarrenak; eta ekainean, eragileenak. Uztailean, ondorioen txostena osatuko dute, eta udazkenean emango dute horren berri, batzar nazional batean.

Azken urteetan izan diren aldeketei buruz, honako hauek azpimarratu ditu Udalbiltzako lehendakariak: Euskal Elkargoaren sorrera, Nafarroako instituzioetan eman den "aldaketa politikoa", legez kanporatze aroaren amaiera, eta ETAren jardun armatuarena. Uste du gertakari horiek balio dezaketela Udalbiltzaren eta beste erakundeen arteko "harreman instituzionalak normalizatzeko".

Bide horretan, Euskal Herriko erakunde eta eragileekin bileratan ari dira Udalbiltzako kideak. Azaroan izan ziren Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin, eta "laster" bilduko dira Bizkaiko eta Arabakoekin, eta baita Eudel EAEko udalen elkarteko eta Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioko kideekin ere. Euskal Herriko hiriburuetako alkateei ere egin dizkiete biltzeko eskaerak.

"Beste inork ez du egingo"

Intxauspek gogoratu duenez, 2013an ekin zion berriz Udalbiltzak bere lanari, legez kanporatze prozesu bati aurre egin ondoren. Azkenengo urteetan ere Espainiako Justiziak legezkotzat jo du Udalbiltza Patzuegoaren jarduna eta udalek erakunde horri emandako diru laguntzak, Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkari Carlos Urkijok jarritako salaketen auzietan epaitegiek ebatzi dutenez.

Gaur egun, 62 udalek osatzen dute Udalbiltza partzuergoa —horren bitartez garatzen ditu proiektuak eta kudeatu udaletatik jasotzen duen dirua—, eta 1000tik gora hautetsi biltzen ditu erakundeak; EH Bildukoak eta EH Baikoak bereziki, eta independente batzuk. INtxauspe lehendakaria da iazko otsailetik.

Donostiako udaletxean egindako agerraldi batean, Udalbiltzako aurreko bi lehendakariekin —Loren Arkotxarekin eta Mertxe Aizpuruarekin— izan da Intxauspe —Naiara Sampedro EH Bilduko ziznegotzia ere han izan da—. Hirurek nabarmendu dute, "gaur egun ere" beharrezkoa dela Udalbiltzaren lana. Gogoratu dute erakunde publiko nazional bakarra dela eta bere lana dela hiru administraziotan "zatituta" dagoen Euskal Herriko lurraldeen arteko harremanetan eta kohesioan sakontzea.

"Udalbiltzak betetzen duen funtzioa ez du beste inork betetzen", azpimarratu du Intxauspek. Eta Aizpuruak: "Udalbiltzak gauzak txikiak egiten ditu, baina uzten duen arrastoa sakona da; historikoki bizkarra emanda bizi diren herri asko elkarlanean jartzen ditu, eta egituratu egiten du desegituratuta dagoen herri bat". Azken urteetan garatutako proiektuetatik bat azpimarratu du lehendakari ohiak: Pirinioetan Lan eta Bizi programa. Arkotxak, berriz, udal hautetsiek euskal politikan betetzen dute rola nabarmendu du. "Euskal Herriak bere momentu historikoetan beti jo du udal hautetsiengana. Haiek dute herritarren konfiantza zuzena. Herri honek dituen arazoen irtenbide gehienak hautetsien bitartez konpon daitezke, tokian-tokitik toki guztietara hel daitezke".

Bost printzipio

1999ko irailean sortu zen Udalbiltza, Bilboko Euskalduna jauregian egindako biltzarrean. 1.778 hautetsik eman zioten babesa —EAJ, EA eta EHkoak, bereziki— eta bost printzipio hitzartu zituzten. Batetik, Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzea; bigarrenik, Euskal Herriaren egituraketa politikoa eraikitzen laguntzea, lurraldetasuna aintzat hartuz; hirugarrenik, nazio eraikuntza bultzatzea; laugarrenik, herrialde guztietako udalerrien arteko harremanak eraikitzen laguntzea hainbat alorretan; azkenik, nazioartean Euskal Herria nazio berezko eta desberdindua dela adieraztea. Printzipio horiek indarrean jarraitzen dutela gogoratu du Arkotxak.

Lizarra-Garaziko prozesuaren hausturarekin batera, bitan banatu zen Udalbiltza: alde batetik ezker abertzaleko hautetsiak eta bestetik EAJ eta EArenak. 2003an Espainiako Auzitegi Nazionalak legez kanporatu egin zuen ezker abertzaleko hautetsiek osatzen zuten erakundea eta 2011n absolbitu egin zituzten auzipetu denak —horiatako batzuk, Arkotxa tarteko, espetxean egon ziren urtebete inguru—.

Publizitatea

Sortu kontua
Jokin Sagarzazu

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak