EH Bildu

"Bake erreala" lortzeko ekintza plana aurkeztu du EH Bilduk

Bakerako Euskal Bidea "zehaztu", eta 68 neurri proposatu ditu koalizioak. "Behin betiko bakea" lortzeko baldintzak badaudela diote.

EH Bilduren agerraldia, gaur, Donostian.
EH Bilduren agerraldia, gaur, Donostian. Gorka Rubio / Argazki Press

Hodei Iruretagoiena -

2017ko urtarrilak 29

Bakerako Euskal Konponbidea txostenaren aurkezpenean izan dira, besteak beste, Marian Beitialarrangoitia, Arkaitz Rodriguez, Pello Urizar, Jon Iñarritu eta Julen Arzuaga. Hiru ataletan banatu dute dokumentua: memoriadun iragana, orainaldi baketsua eta bizikidetza demokratikoan oinarritutako etorkizuna.

2015eko apirilean, Bakerako Euskal Bidea dokumentua aurkeztu zuen koalizioak, eta orain, “borondate oneko adierazpen hori zehaztu” dute, Arzuagak azaldu duenez. Lehenengo agirian, lau arlo aipatu zituzten: biktimak eta memoria; zigor eta espetxe politika eta iheslarien itzulera; ETAren armagabetzea; eta desmilitarizazioa. EH Bilduren ustez, biktimen "aitortzan, erreparazioan eta enpatian" aurreratu da zerbait, baina gutxi beste gaietan. "Gure asmoa da arlo horiek guztiak orekatzea".

Horretarako, eta Euskal Herrian "normalizazio politikoa erdiesteko baldintza objektiboak" badaudela aintzat hartuta, "hitzetatik ekintzetara" igarotzeko unea dela nabarmendu dute. Prozesuan parte hartzeko deia egin diote gizarteari; bai herritarrei, bai eragileei. "Konfort eremuetatik irteteko garaia da. Denen parte hartzea beharrezkoa da prozesuak aurrera egingo badu".

Memoria, bakea eta bizikidetza demokratikoa

Hiru zatitan banatu dute Bakerako Euskal Konponbidea. Memoriari dagokion atalean, "biktima oro aitortu, erreparatu eta errehabilitatzea" nahi dute, eta "kontakizun inklusibo" bat egitea. Besteak beste, 1977ko Amnistia Legea bertan behera uzteko eskatu dute, eta euskal erakundeek hartzen dituzten erabakiei "betoa" jartzen dietenengandik "babesteko mekanismo instituzional eta politikoak bilatzea".

"Orainaldi baketsua" lortzeko, berriz, "giza eskubideen urraketa eragiten duen zirkustantzia oro" konpondu behar dela jaso dute; hor sartu dituzte ETAren armagabetzea, zigor eta espetxe politika eta desmilitarizazioa. "Salbuespenezko zigor eta espetxe politikak indargabetzeko ekintzak" proposatu dituzte hor, beste neurri batzuen artean. Azkenik, hirugarren atalean, adierazi dute "gatazka politikoak bide demokratikoetatik konpontzeko akordio baten bidez" lortu behar dlea bizikidetza.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna