Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Gizartea Duintasuna erakusteko keinua

Publizitatea

Gizartea

MEMORIA HISTORIKOA

Duintasuna erakusteko keinua

Izenik jarri ezin izan zaien 36ko gerrako gorpuzkiak hartzeko, Duintasunaren Kolunbarioa egin dute, Elgoibarren. Babes instituzionala, politikoa eta memoriaren aldeko elkarteena: hirurak jaso ditu.

2017-01-31 / Arantxa Iraola

«Ez dira hezurrak, pertsonak dira». Ohartarazpen sentitua egin zuen atzo Elgoibarren (Gipuzkoa) Aranzadi zientzia elkarteko presidente Paco Etxeberriak. «Beren ideologiak, sentimenduak eta familiak zituzten pertsonak dira». Duintasunaren Kolunbarioa deiturikoa —identifikatu ezin izan diren 36ko gerrako gorpuzkiak sartzeko atondu dute— inauguratu zuten atzo Olaso hilerrian, eta hantxe hartu zuen Etxeberriak hitza, lurpetik eta ahanzturatik berreskuratutako 27 gorpuzkirekin betetako beste horrenbeste kaxaren aurrean. «Biktimek memoriaren eskubidea dute, eta guk, gizarteak, memoriaren obligazioa dugu», gogorarazi zuen. Horregatik, haren iritziz, igaro urteotan —2003tik administrazioaren babesean— gerrako gorpuzkiak aurkitzeko egin dituzten lanen osagarria izango da kolunbarioa. «Zientziak mugak ditu», aitortu zuen. Identifikatu gabeko gorpuzki gehiago ere izango direla esan zuen, eta horiek hobiratzeko tokiak beharko direla. «Hildakoei berdin zaie non dauden; bizirik gaudenoi, ez», ohartarazi zuen. «Duintasunak berreskuratzen ari gara». 80 urte geroago.

Gizarteko ordezkaritza oso zabal bat batu zen atzo Elgoibarren egin zen inaugurazio ekitaldira. Instituzioetako ordezkariak izan ziren: Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu, Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarro eta Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusi Jonan Fernandez. Talde politiko guztietako ordezkariak: Andoni Ortuzar eta Joseba Egibar (EAJ), Arnaldo Otegi eta Maddalen Iriarte (EH Bildu), Pili Zabala (Elkarrekin Podemos), Jose Antonio Pastor (PSE-EE) eta Carmelo Barrio (PP), besteak beste. Memoria berreskuratzearen alde ari diren hainbat elkartetako ordezkariak ere izan ziren inaugurazio ekitaldian —«haien lana ezinbestekoa izan da», oroitarazi zuen Etxeberriak—, eta gorpuzkiak aurkitu dituzten herrietako udal ordezkari ugari. Denek, halako ekitaldiek izan ohi duten hotsanditasunarekin, errespetu giro hunkigarrian, inoiz izan ez zuten azken agur duina eman zieten han zeuden gorpuzki denei.

Gorpuzki horien artean bi bakarrik dira izen-abizendunak: Sabino Atutxa eta Jesus Zugazua identifikatuta daude. Horiek kolunbarioan sartu dituzte senitartekoek halaxe eskatuta. Baieztatzeko dagoen beste bat ere badago: Joakin Garro. Hildakoen hainbat senitarteko izan ziren ekitaldian parte hartzen. Gainerakoen kutxak memoria historikoa sustatzearen alde ari diren elkarteetako kideek eraman zituzten kolunbarioraino, edo agertu diren udalerrietako udal ordezkariek. Hain zuzen ere, aurkitu dituzten tokiaren izenarekin, halaxe zerrendatu zituzten, banan-banan: Legutio-Txabolape, Arrasate Kurutzetxiki I, Zaldibia Matazal 1... Urteetan hobi isil izan dituzten toponimoekin: horiexekin izendatuta geratuko dira.

«Isiltasuna» apurtzen

Urkullu lehendakariak gertutasuna erakutsi nahi izan zien 36ko gerran senitartekoak galdu zituztenei. «Jaurlaritzaren izenean, aintzatespen osoz, adierazten dugu gerran desagertutakoak bidegabekeria kriminal baten biktimak izan zirela. Har ezazue gure hurbiltasuna, elkartasuna eta aitortza. Haien oroimena eta oroimen guztiak biziberritzeko ari gara lanean. Jakin behar dute amaitu dela isiltasun eta iluntasun garaia». AItortu zuen kolunbarioa «elkarlanaren» —elkarte, zientzialari eta instituzioen artekoa— fruitua izan dela, eta bide berean lanean jarraitzeko deia egin zuen: «Bere balioa eman nahi diogu honaino iristeko bidea zabaldu digun lankidetzari; elkartzen gaituen horren bila ibiltzeari, banatzen gaituenaren gainetik. Elkarrizketa, akordioa eta lankidetza lehenesteko gaitasuna azpimarratu nahi dugu».

Publizitatea

Sortu kontua
Arantxa Iraola

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak