AEB-ak

Albright: "Trumpen politikak beldurrean oinarritzen dira, ez egitateetan"

Clintonekin Estatu idazkari izandakoak gogor kritikatu du immigranteen aurkako dekretua, eta ohartarazi sinesmen jakin bat "jomuga" gisa aurkezteak, "arriskuan" jartzen dituela guztiak.

Madeleine Albright, AEBetako Estatu idazkari izandakoa, artxiboko irudi batean.
Madeleine Albright, AEBetako Estatu idazkari izandakoa, artxiboko irudi batean. Andrew Gombert/EFE

Berria -

2017ko otsailak 1

Txekian jaio zen Madeleine Albright, baina oraindik haur zela heldu zen AEBetara naziengandik ihesi. "Errefuxiatu gisa herrialde honen eskuzabaltasunaren onuradun izan nintzen". Gerora egin zen ezagun, Bill Clintonen agintaldian (1997-2001) Estatu idazkari kargua hartu zenean. Azken urteetan, dena den, bizitza publikotik urrun izan da Albright, orain arte.

Politikari demokratak gogor egin du Donald Trumpek bultzatutako dekretuaren aurka eta salatu iheslarien aurkako neurriak ez direla egitateetan oinarritzen, "beldurrean" baizik. "Neurri krudela da, Amerikak bereak dituen balioetatik kolpetik urruntzen gaituena. Harro egoteko moduko tradizioa dugu indarkeriatik eta jazarpenetik ihesi doazenei aterpe ematen, eta beti izan gara liderrak errefuxiatuak birkokatzerakoan. Agindu honek tradizio hori amaituko du, eta baztertu egingo ditu Siriako gerra zibil ankerretik ihesi doazenak".

Iritzi artikuluan Estatu idazkari ohiak ukatu egiten du errefuxiatuak "arriskutsuak" direla, eta nabarmentzen du horiek beste edozein bidaiari baino "sakonago" ikertuak direla AEBetara heldu aurretik ere. "Egia hauxe da, Amerika gai dela gure mugetako eta herritarren segurtasuna bermatzeko, eta aldi berean, beste inora joaterik ez dutenei ongi etorria emateko tradizioari eusteko. Helburu horiek ez dira elkarren aurkakoak. Aldiz, immigranteek eraikitako herrialde baten eginbeharrak dira".

Albrightek gogorarazten du errefuxiatuek asko egin diotela herrialdearen alde: "Errefuxiatuen beste belaunaldi batzuk —tartean nireak— egin zuten gauza bera egiten ari dira. Eta ez dut zalantzarik, aukera emanez gero, Amerikako industriaren oinarrizko zati bilakatuko direla". Bide batez, politikari demokratak ohartarazten du gehiengo musulmana duten herrialdeetako biztanleei sarrera debekatuz, sinesmen jakin bat jartzen dela "jomugan" eta horrek "arriskuan" jartzen dituela estatubatuarrak.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria