'EGUNA'
'Eguna' egunkariaren aldeko plaka bat jarri dute Bilbon
Kazetaren 80. urteurrenean, haren sortzaileak omendu dituzte, 1936ko gerran "beren bizitza arriskuan" jarri zutelako.

Ia sei hilabete igaroak ziren Hego Euskal Herrian gerra hasi zela. Ordurako, kolpisten menpe zeuden Nafarroa Garai osoa, ia Araba dena, eta Gipuzkoa gehiena. 1936ko abenduaren 18an, Euzko Gudarosteek galera mingarria jasan zuten Legution (Araba), gerra osoan egin zuten erasoaldi bakarrean. Hala ere, egoera zail hartan gertatu zen euskaldunen eta euskararen historiako pasarte gogoangarri bat: euskarazko lehenbiziko egunkariaren sorrera. 1937ko urtarrilaren 1ean, Eguna argitara atera zen lehenbiziko aldiz.
80 urte geroago, kazetaren eta haren sortzaileak oroitzeko xafla bat jarri du Bilboko Udalak Alde Zaharreko Posta kaleko 17. zenbakian, egunkaria sortu zuten tokian. Ekitaldian izan dira, besteak beste, Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburu Bingen Zupiria, Andres Urrutia Euskaltzaindiko lehendakaria eta Juan Maria Aburto Bilboko alkatea.
10.000 ale inguru banatzen ziren egunero, gehienak frontean gudarien artean, doan —karrikan, 15 zentimo balio zuen—. 1937ko ekainaren 13an argitaratu zen Eguna-ren azken zenbakia, eta, sei egun geroago, frankistek Bilbo inbaditu zuten. Kazetariek erbestea, espetxea eta heriotza zigorra ere jasan zituzten.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.