'Kutxabank auzia'

Erantzukizun politiko eta penalak eskatu dituzte 'Kutxabank auziko' erantzuleentzat

Herri akusazio partikularra pozik agertu da egindako ibilbidearekin, baina lanean jarraituko du “beste ordainketa bidegaberik edo klientelismorik” egon den argitzeko.

'Kutxabank auziko' akusazioa osatzen duten eragileek epaiketaren balorazioa egin dute. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS
2017ko otsailaren 21a
08:34
Entzun

Mario Fernandez, Mikel Cabieces eta Rafael Alkortaren aurkako epaiketa euskal gizarteari egindako “espoliazioaren barruan” kokatu dute LAB, ESK, Steilas, Bizkaiko EHNE eta HIRU sindikatuek, Pentsionistak Martxan-ek eta EKA kontsumitzaileen elkarteak osatutako herri akusazioak. Epaiketa prozesua joan den astean bukatu zen, eta auzia epaiaren zain dago orain. Jone Goirizelaia akusazioaren abokatuak azaldu duenez, ez dago jakiterik epaia noiz jakinaraziko duten, baina ez dute uste defentsak “argudio nahikorik” izango duenik epaimahaiak akusazioaren zigor eskaerak ukatzeko.

Fiskalak eta herri akusazioek bina urteko kartzela zigorrak eskatu dituzte Kutxabank auziko hiru akusatuentzat —Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohia, Mikel Cabieces Espainiako gobernuaren ordezkari ohia eta Rafael Alkorta abokatua—. Fiskalak esan du hiru akusatuak ados jarri zirela Cabiecesi «lanik egin gabe» hilero diru kopuru bat ordaintzeko —5.873 euro hilean— eta horrek «kaltea» ekarri ziola Kutxabanki.

Herri akusazioko kideek azaldu dutenez, orain “arduradun politikoei” dagokie “aurpegia ematea eta ardurak euren gain hartzea”. Horrez gain, Kutxabanken “pribatizazio prozesuan” atzera egin dadila eskatu dute, euskal gizarteak behar duena “euskal finantza sistema publikoa” delako. “Horrela bakarrik eragotz daitezke esku artean ditugun iruzur hauek”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.