ZIENTZIA

Lurraren tankerako zazpi planeta aurkitu dituzte, elkarrekin, eguzki sistematik at

Izar nano baten inguruan jiraka dabiltzala esan dute; horietan ur likidoa aurkitzeko esperantza dute zientzialariek, eta pentsatzen dute "bizitzeko moduko eremuaren" barruan egon daitezkeela haietako hiru.

Zientzialariek Trappist-1 izena eman diote eguzki sistema aurkitu berriari. NASA
2017ko otsailaren 22a
07:58
Entzun

Gure eguzki sistematik kanpo dauden planetak dira exoplanetak, eta horien inguruko xehetasun berri garrantzitsuak ezagutarazi ditu gaur Nature aldizkariak.

Mundu osoko ikertzaileen artean egindako ikerketa batean aurkitu dituzte zazpi planeta berri —Lurraren gisako tamainakoak dira—, Lurretik 40 argi urtera dagoen izar nano eta hotz baten inguruan —Trappist-1 izenekoa— jiraka.

Badute horietan bizitza aurkitzeko esperantza, planeta horietako batzuetan ur likidoa egon daitekeen susmoa baitute. Aurkikuntzaren inguruko xehetasunak enbargatuta izan dituzte Nature zientzia aldizkariak prentsaurrekoa hasi arte. Besteak beste, NASAren baliabideak erabilita atzeman dituzte planeta berriak.

Ikerketan parte hartu duenetako bat da Michael Gillon. Atzemandakoaren deskripzioa egin du: "Planetak elkarrengandik oso gertu daude, izarrarengandik ere bai". Liejako Unibertsitatean dihardu Gillonek, Belgikan.

Trappist-1 izarrak egun indar gutxi duelako espero dute planetetan ura aurkitzea, horrek ekar dezakeelako horretarako tenperatura egokia izatea horien atmosferetan. 0 eta 100 gradu arteko tenperaturez mintzatzen ari dira adituak, Lurrekoaren antzeko egoerez, hain zuzen ere.

"Harrigarria ez da horrenbeste planeta aurkitzea bakarrik! Horiek denak Lurraren hain antzekoak izatea ere deigarria da!", azaldu du Gillonek. Aurkitu dutena hobeto deskribatze aldera, Jupiterrek eta haren sateliteek orain aurkitu duten sistemaren antzeko bat osatzen dutela esan dute ikertzaileek.

Orain planeta horietan dauden osagai kimikoak atzematea izango da helburua, urik baden atzemateko esperantzan, batez ere.

Gaur egun etengabe egiten ari da gora eguzki sistematik kanpo, Esne Bideko beste izar batzuen bueltan, topatutako planeten kopurua. 1992ra arte, ordea, bakar bat ere ez zegoen identifikatuta.

1995ean 51 Pegasi b izeneko lehen exoplaneta topatu zutenetik, 3.449 planeta baino gehiago ezagutzen dituzte jada zientzialariek, eta beste 4.696 daude exoplanetak direla baieztatzeko bidean.

Satelite artifizial batean kokatuta dagoen Kepler teleskopioari esker planeta asko aurkitu dira azken urteetan, eta badira beste asko baieztatzeko bidean direnak.

Izan ere, ez da nahikoa izar baten argia ahulago bihurtzen dela antzematea. Fenomeno hori errepikatzen dela baieztatu behar da, izarraren aurrean igarotzen den planeta baten seinalea dela ziurtatzeko.

Zenbait kasutan, zuzenean ikusi ahal izan dira planeta batzuk, baina, oraingoz, horrelako behaketak urriagoak dira, unibertsoan diren distantzia itzelek ez dutelako ematen horretarako modurik. Planeta berrien katalogoa luzatzen den heinean, unibertsoan bizia aurkitzeko itxaropena ere aurrera doa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.