Hiru urteko "tortura zuria"

jon olano
2017ko otsailaren 24a
16:11
Entzun

Puerto IIIko espetxean bakartuta izan dute hiru urtez Arantza Zulueta, eta hainbatetan salatu dute "tortura zuria" ezarri diotela. Arantza askatu! plataformako kide Andone Soldevillak eta Lola Gomezek azaldu zuten Zuluetaren egoera: "Ezarri dioten erregimenaren ondorioz, ez du inolako jardueratan parte hartzeko eskubiderik; ezin du inolako ikastarorik edo bestelako jardunik egin. Goialdea sarez itxia duen patio batera soilik atera daiteke. 13×5 metrokoa da patioa, erraketarekin jolastu edo korrika egiteko txikiegia. Egunean lau orduz atera daiteke patio horretara, gehienetan bakarrik, beste presorik ikusi gabe.

Dagoen galeria espetxe barruko zigorrak betetzeari begirakoa eta 75. artikulua ezarri dieten presoentzakoa da. Artikulu hori oso arriskutsuak diren presoentzat sortua da, edo, "egokitzeko arazoak" dituztenentzat. Bizi baldintzetan murrizketa handiak dakartza horrek, eta, normalean, hilabete baino gehiago luza ezin den zigor egoera da. Oso egoera gogorra da, eta, adibidez, patiora arratsaldean ateratzen denean, 24 ordu baino gehiago igaro behar izaten ditu ziegan itxita. Ziegara sartzen dioten afaria hoztuta ematen diote; etengabe miatzen diote ziega, etengabe hankaz gora jartzen; erabat biluzarazten dute miaketa integralak egiteko…"

Bakartzearen aurka, protestak

Duela hamazazpi egun agindu zuen epaileak bakartze egoera kentzeko, baina Zuluetaren abokatu Alfonso Zenonek salatu zuen presoaren egoerak okerrera egin zuela harrezkero. Abokatu presoaren egoeran "genero aldagaiak" duen eragina ere nabarmendu zuten hainbat elkarte feministak.

Aurrez, Auzitegi Nazionalak ukatua zion baldintzapeko askatasuna, Zuluetak ihes egiteko arriskua zegoelakoan. "Mendeku nahia" salatu izan du Zenonek: "Zulueta 1991tik aritu da abokatu lanetan euskal presoen defentsan, Auzitegi Nazionalean batez ere, eta haren jarduera ez zen izan hango askoren gogoko".

Hiru urteotan, hainbat protesta egin dira haren egoera salatzeko. Joan den urtarrilean, esaterako, atxiloketen hirugarren urteurrenean, manifestazio bat egin zuten Bilbon. Halaber, Zuluetaren egoera gizarteratzeko webgune bat atondu zuten, eta 130 salaketa jarri zituzten epaitegietan Zulueta eta Jon Enparantza bakartu izanaren aurka. Enparantza iazko martxoan askatu zuten, bermea ordainduta.

AED eta ELDH Europako abokatu elkarteek ere salatu zuten Zuluetaren eta Enparantzaren bakartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.