Kataluniako prozesu subiranista

"Epaiketa politiko baten biktima" izaten ari dela salatu du Homsek

Generalitateko, Esquerrako, PDECateko eta erakunde subiranistetako ordezkariek lagunduta joan da epaitegira Kataluniako Presidentetza aholkulari izandakoa.

Francesc Homs, babesa ematera joandako Generalitateko eta alderdietako ordezkariekin —tartean Artur Mas—, Madrilen. JUAN CARLOS HIDALGO, EFE
2017ko otsailaren 27a
07:51
Entzun

Gaur hasi eta asteazkenera arte luzatuko da Espainiako Auzitegi Gorenean Francesc Homsen aurkako epaiketa. Goizeko hamarretarako joan behar zuen auzitegira Kataluniako Presidentetza aholkulari ohiak, baina bidean ez da bakarrik izan. Otsailaren hasieran Artur Mas, Irene Rigau eta Joana Ortegaren aurkako auzian gertatu bezala, Homsek ere Kataluniako hainbat ordezkariren babesa jaso du gaur. Harekin izan dira, besteak beste, PDECat, ERC eta En Comu Podem alderdietako kideak.

Behin barruan Homsek nabarmendu du Konstituzioak ezarritako debekuaren gaineko azalpenak eskatu zituela Generalitateak, baina horiek ez zituela sekula jaso. "Herritarren eskubideen artean eta parte hartze prozesua zuzenean debekatzen ez zuen epai baten artean aukeratu genuen". Haren arabera, Konstituzionalak debekatu zuena erreferenduma izan zen, ez, ordea, parte hartze prozesua.

Hala, aholkulari ohiak salatu du "epaiketa politiko baten biktima" izaten ari dela eta egotzi dio Espainiako Gobernuari fiskaltza "arerio politikoen aurka egiteko" erabiltzea. "Ez dut ukatzen azaroaren 9an egindakoa; zalantzan jartzen dut, ordea, horiek delitu diren".

Espainiako Gorenak uste du badaudela zantzuak Homsek Espainiako Konstituzionalaren aginduari desobedientzia egin ziola pentsatzeko. Prebarikazioa egitea ere egozten diote, 2014ko azaroaren 9ko herri galdeketagatik. Hala, fiskaltzak bederatzi urteko inhabilitazioa eskatzen du Homsentzat. Ordea, prebarikazioa eta desobedientziagatikako sententziak banatuta emanez gero, fiskaltzak zazpi urte eta sei hilabeteko inhabilitazioa eskatzen du lehenarentzat eta urte bat eta hilabeteko zigorra bigarrenarentzat —horrekin batera hilabetero berrehun euroko isuna ordaindu beharko luke Homsek, bost hilabetean zehar—.

Gaur goizean akusazioko eta defentsako abokatuen galderak erantzun ditu Homsek. Arratsaldean, berriz, akusazioaren lekukoen testigantzak entzungo dira. Azalpenak eman behar dituztenen artean da Felip Puig kontseilari ohia. Bihar defentsaren lekukoen txanda izango da. Abokatuen galderak erantzun beharko dituztenen artean dago Artur Mas presidente ohia. Asteazkenean, azkenik, txosten teknikoa osatu zuten bi guardia zibilen lekukotza entzun ahal izango da.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.